(Euskonews aldizkarian argitaratu berri didaten artikulu bat maisu handi bati buruz)
“Izena duenak izana du” esaten zuen On Joxemielek. Nik neuk abizen bat daukat baina ez naiz abizen hori bera zuen ataundar haren oinaren zolara ailegatzen. Hala ere, beste akademiko askorekin bat, kontzientea naiz On Joxemiel Barandiaranen ekarpenaz hainbat arlotan, tartean herri literatura begien aurre-aurrean dugula.
Herri literaturaren objektua herriak berak sortutako ipuin, kantu, esaera zahar, lokuzio eta esamoldeak dira. Euskal kulturaren alorrean, jakina da historian zehar letretan euskaldunok horren oparoak izan ez garen arren, ahozkotasunean beste hainbat herri bezain aberatsak izan garela eta garela, Koldo Mitxelenak esan zuen bezala.
On Joxemiel Barandiaranen ekarpena herri literaturari haren ibilbidearen hasieratik gauzatzen hasi zen. Bera ez zen ez linguista ez kritiko literarioa, baina bai euskal hizkuntzari bai euskal herri-literaturari berebiziko mesedea egin zien bere lana burutzean. Esaterako, argigarria da zer-nola errespetatzen duen —bere eta bere lankideen bilketa-lanetan— euskalki bakoitzaren ezaugarriak ahozko berbaldiak transkribatzerakoan. Xehetasun horrek On Joxemiel Barandiaranek zeukan hizkuntza-sena ere erakusten du eta horretan gure gertuko parajeetako hizkuntzalari askok badute non ikasia.
Eusko Folklore aldizkari ateratzeaz batera (1921ean), Barandiaranek berak bildutako zenbait ipuin mitologiko argitara eramaten zituen.
Eusko Folklore aldizkari ateratzeaz batera (1921ean), Barandiaranek berak bildutako zenbait ipuin mitologiko argitara eraman zituen, berak jasotako moduan, informatzailearen ahoskeratik ahalik eta hurbilen. Horrekin batera herriaren ahotik bildutako termino eta esamolde aunitz biltzen ditu, folkloreari, etnologiari eta sineskeriei lotuak, besteak beste.
Eusko Folkloreko kolaboratzaileek ere, On Joxemiel Barandiaranen metodologiari jarraiki edota haren kemenak berotuta, hainbat istorio, ipuin eta pasadizo bildu zituzten. Hona hemen hasierako garaietako ipuin miresgarri haien biltzaileetako batzuk:
Tiburcio de Ispizua
Félix de Zamalloa
Juan de Irurogetagoyena
Pedro de Maiz
León de Bengoa
Ricardo de Ragueta
Pedro de Atutxa
José de Etxabarri (O.C., II)
On Joxemiel Barandiaranen Obras Completas delakoan eta zenbait biografia-lanetan (Vida y obra de D. José Miguel de Barandiaran. 1889-1991n, adibidez) Ataungo jakitun honen argitalpenak aipatzen dira, tartean berak sortu eta sustaturiko sei aldizkako argitalpenak daudela. Horietako bat dagoeneko aipatu dugun Eusko Folklore aldizkaria dugu. Aldizkari horren ibilbidea hiru sailetan banatuta dagoela azaltzen du On Joxemiel Barandiaranek hitzaurrean.
Lehenengo sailak Eusko Folklorea sortu (1921) eta 1946 urte arteko zenbakiak hartzen ditu. Bigarren saila 1947an hasi eta 1953an bukatzen da. Hirugarrena 1954an hasten dena da (gaur arte).
Sail bakoitzaren laburpena ematen du bere Obras Completas delakoaren II. liburukian eta bertan daude bilduta hainbat eta hainbat ipuin, Euskal Herriko bazter guztietan bildutakoak.
Ipuinak, jakina, interesgarriak egiten zaizkio On Joxemiel Barandiarani euskaldunon pentsaera magiko eta mitologikoaren berri ematen zutelako, mentalitate herrikoiaren ispilu zirelako. Berak bultzatutako bilketen emaitzak itzelezko altxorra bilakatu dira denboraren poderioz, balio etnologikoa ez ezik, balio estilistiko eta linguistikoa ere badutena. Iruditegi bat osatzen dute Barandiaranek eta bere kolaboratzaileek bildutako izaki, ohitura eta istorio mitologikoek. Dibulgazio eta zabalpena, bai, nola edo hala egin zaio bilketa horri, baina bere balio estilistikoa oraindik aztertu eta baloratu gabe dagoelakoan nago. Hor dago egiteko handi bat.
Baina, ipuinak ez ezik, ipuin barruko bertsoak eta abestutako bertso-bidezko narrazioak ere bildu zituen. Ehunka lekukotzeren artean, adibide bat ematearren, Zeanuri (Bizkaia) herrian bildutako bertsoak ditugu, zeintzuetan baserritarren arteko liskarrak (O.C., II, 172) edota herriko elizaren erreketaren inguruan egindako bertsoak dauden, eduki narratiboa dutenak eta herritarrek eurek abesten ei zituztenak (O.C., II, 173-177). Euskal Herriko beste txoko batera joanda, Zugarramurdin abesten diren Gau Zaharreko bertsoak ere, etsenplu moduan, aipatu nahi nituzke, herri hari buruzko lan monografikoan bilduak (O.C., XXI, 326-327).
Metodologia da arrakastaren gakoa On Joxemiel Barandiaranen lanetan, eta haren emaitza zabal eta oparoak horren lekuko dira.
Euskal Mitologia (1984) eta Euskal Mitologiaren Hiztegia (Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca) lanek beste mugarri erraldoia osatzen dute euskal herri-literaturaren alorrean. Azkeneko hau 1972an bere Lan Guztien artean, lehenengo liburuki legez argitaratu zen. Modu sistematiko batean bildu zituen On Joxemiel Barandiaranek hainbat urteetako lanen emaitzak. Bere inkesta zorrotz eta jakintsuei esker galzorian zeuden hainbat kontakizun eta izaki mitiko ahanzturatik salbatzea lortu zuen. Hori guztia ez bakarrik salbatu, jendarteratzen ere ederto asmatu zuen Euskal Mitologiaren Hiztegia argitaratuz. Hiztegi horrek badu atal bat biziki interesgarria: hiztegiaren iturriak aipatzen duen atalaz ari naiz (“Fuentes del Diccionario de Mitología Vasca”). Bertan bere hiztegiaren izaki eta elementuak herriarengandik jasotako kontakizun eta ipuinetan, haien testuinguruan, nola agertzen diren erakusten digu egileak. Azken honi lotuta, jakingarria da baita ere 1921ean euskal mitologiari buruz Durangon eman zuen hitzaldia (O.C., V, 195-212). Hogeita hamar urte baino ez zituela, dagoeneko euskal mitologiaren ikuspegi aberatsa, osoa eta kitzikagarria eskaintzen du orduko hartan, gaia jorratzen eta aztertzen jarraitu behar zu(t)ela adierazi zuen arren.
Ezin da ahaztu Barandiaranek berak sustatutako ikerlari eta ikerketa-taldeen bilketek metodologia bati jarraiki ziotela eta metodologiaren erakusgarri ezinbesteko bat haren “galdeketa etnografiko baterako gidaliburua” dela (O.C. XX, 226-309). Etnologia helburu nagusi den arren, metodologia horrek aukera zabala ematen du herri-literaturaren hainbat ale biltzeko eta hari zor diogu, neurri handi batean, herri-literaturari egindako ekarpena.
Aparteko kapitulu oso bat mereziko luke Barandiaranek diseinatutako Euskal Herriko Atlas Etnografikoak (Atlas Etnográfico de Vasconia), ez baitago euskal kulturaren esparru akademikoan hain modu sistematiko eta hain modu zabalean jorratutako ikerketa-proiekturik. Haur jolasei eskainitako liburukian (Juegos Infantiles, 1993), adibidez, bete betean sartzen gara herri literaturaren altxorrean. Haurrentzat hain egokiak diren eta ahoz aho transmititu diren hainbat aho-korapilo, ipuin, lo-kanta, dantza-kanta, zotz-formula, igarkizun, eta abar ditugu bertan, eta ahozko literaturaren harribitxitzat hartzen ahal dira, zalantzarik gabe, horiexek baitira hizkuntzarekin jolasteko eta gozatzeko dugun aurreneko fase ezinbestekoa. Bestalde, hil-ohiturei begiratzen badiegu ere, han hainbat ipuin ditugu herriaren ahotik bilduak, harrigarritzat hartzen ahal ditugunak. Kontaera herritarra dastatu eta aztertzeko parada eskaintzen digute horiek guztiek.
Metodologia da arrakastaren gakoa On Joxemiel Barandiaranen lanetan, eta haren emaitza zabal eta oparoak horren lekuko dira. Orain, horri guztiari erabilpena, zabalpena eta aplikazio pedagogikoa bideratu behar zaizkio, eta hori eginkizun dago, ahalegin eta saiakera txalogarri batzuk dagoeneko egin izan diren arren.
Bistan da, gerora zenbat idazle baliatu diren Barandiaranen lanez beren sorkuntza literarioetan. Literatura fantastikoa, eta kutsu mitologikoa duen poesia ez dira oso jorratuak izan gurean; baina izan direnetan On Joxemiel Barandiaranek bildutako izakiez baliatu dira euskal idazleak. Gaur egun ere maiz agertuko zaizkigu haur eta gazte literaturako lanetan lamiak, tartaloak, basajaunak eta bestelako izakiak (Juan Manuel Etxebarria, Jexus Mari Olaizola “Txikilu”, Juan Martin Elexpuru, Susana Pinto... ditugu, besteak beste, bide horri jarraitu diotenak).
Dagoeneko asko landu den arren, literatura fantastiko epiko egin nahi dutenek edota haur eta gazte literatura bide hau probestuz jorratu nahi dutenek badute harrobi oparo bat oraindik orain ustiatu gabe dagoena. Sortuko ahal da Tolkien euskaldunik! Izanen luke non inspiratu eta non bazkatu On Joxemiel Barandiaranen lan eta argitalpenetan. Ez letorkioke gaizki herri literaturari, ez; Ataungo jakintsuak herri literaturari eginiko ekarpenaren segida duina izanen litzateke hori, zalantza handirik gabe.
No comments:
Post a Comment