Pasa den
otsailaren 24an Estatuko Aldizkari Ofizialean Erlijio irakasgaiaren
curriculumak argitaratu ziren, Lehen eta Bigarren Hezkuntzarako eta
Batxilergorakoak, LOMCE legeak dioenarekin bat etorriz. Aurreko legearekiko,
LOErekiko alderik apenas dagoen arren, oposizioa berehala hasi da esaten
“Estatuaren akonfesionalitatearen aurkako erasoa” dela edota berriro geletan
“otoitzak entzungo direla”.
Egia
esan, LOMCErekin batera datorkigun desberdintasun esanguratsu bakarra hauxe da:
irakasgai hau kontuan hartuko da Batxilergoaren bataz bestekoa egiteko.
Espainiako Gotzainen Batzarraren datuen arabera, pasa den ikasturtean ikasleen
%65ek hartu zuten irakasgaia –%56ek ikastetxe publikoetan–.
Estatuaren ez-konfesionalitatea
bermatua
Batzuen
ustez, Erlijio Katolikoa zentro publiko batean irakasteak Estatuaren
neutraltasun erlijiosoa kolokan jartzen ei du. Ikuspuntu honen arabera, benetan
“demokratikoena” 1979ko Aulki Santuarekiko konkordatua deuseztatzea izango litzateke.
Hala
ere, Estatuaren neutraltasun erlijiosoa ez da kolokan jartzen erlijio jakin
bati buruzko klaseak ematen direlako eskola publikoan, klase horiek hautazkoak diren
bitartean eta irakaspenotan bakezko elkarbizitzaren aurkako deus irakasten ez
bada. Elizaren aginpidez irakasgaiaren edukiak eta irakasleen hautaketa egiten
bada ere ez da inpartzialtasun hori kaltetzen, nahiz eta batzuek erlijio
hierarkiaren mutur-sartzetzat hartu duten. Estatuak erabakiko balu zein eduki
(erlijioso) irakatsiko den, orduantxe bai lausoa izango litzatekeela Eliza eta
Estatuaren arteko bereizketa.
Curriculum
berriak inpartzialtasuna kaltetzen ez duela frogatzeko, honako konparazioa egin
daiteke: erlijio katolikoaren eta erlijio islamiarraren xedapenak konparatzea
(azken hauek 2014-12-11an BOEn argitaratuak): erlijio bien klaseak zentro
publikoetan egotearen justifikazioa (baldin eskatzen bada), berdina da bientzat.
Era berean, berbera da agintari erlijioso eskudunari esleitzen zaizkion edukiak
eta ebaluazio-bideak zehazteko baimena.
Irakasgaiaren
edukiak dagokion agintari erlijiosoak egiteak ez dakar Estatuaren
ez-konfesionalitatea kaltetzea, babestea baizik.
Ez da katekesia
Lege
berriaren barruko curriculumaren izaera “adoktrinatzailea” eta “kateketikoa”
ere kritikatua izan da. Hala ere, argitaratu berri diren curriculumek
adierazten dute, “helburu kateketiko batetik urruti, kristauaren nortasuna eta
kristau bizitzaz erakutsi egiten dutela”. Horretarako, sinesmenaren
interpretazio katolikoa ezinbestekoa da, bestela ez litzateke erlijio
katolikoko klase bat, eta orduan materia hori euren seme-alabentzat aukeratu
duten gurasoak traizionatzen ariko ginateke.
Klaseetan
kristau otoitza oinarrizkoen azalpenak egotea ber-logikoa da; izan ere, formula
horiek sinesmenaren adierazpen historikoak dira eta haren edukia laburbiltzen
dute. Beste gauza bat da ikasleak behartzera otoitz egitera edota horren
arabera ebaluatzea; baina azken hau ez du ezta Gotzainen Batzarrak ere esaten,
eta ez dago programan. Edozein kasutan LOE legean jada, Erlijio Katolikoaren
curriculumean haur-etaparako proposatzen zen “abiltasun motrizeak aprobetxatzea
otoitza eskuratzeko”; Herritartasunaren Hezkiteta delako irakasgaian,
esaterako, bilatzen zen ikasleek pertsonalki zenbait “balore demokratiko”
berenganatzea.
“Doktrinamendu”
hitzak batzuei arrazoia mesprezatzea edota izaera proselitista izatea dakarkie
gogora. BOEren testuetan, ordea, mintzatzen da “norberaren sinesmena azaltzeaz
eta berorren arrazionaltasunaz, eta besteena errespetatzeaz”. Kultura arteko
eta erlijioen arteko dialogoaz hitz egiten du testuak. Batxilergoko ebaluazio
irizpideen artean, bada bat, adibidez esanguratsua: “bizitzaren zentzuaren
aurrean aztertzea gaur egun ematen diren erantzunak”, tartean ateismo, laizismo
eta agnostizismoarenak daude. Begi-bistan dago irakasgai honek asko
errespetatzen dituela besteen ikuspuntuak. Polita litzateke, gutxienez,
errespetatua izatea ere.
No comments:
Post a Comment