Total Pageviews

Wednesday, March 18, 2015

Joxe Antonio Artze: bizitza eta heriotza, bata bestearen atea (II)









Aurreko artikuluan Joxan Artzeren azkeneko bi olerki-liburuen berri ematen hasi ginen.  Heriotzaren ataria dugu bizitza (2014) delako izenburuak, gaur egungo mentalitatearentzat, ezkorra eman dezake. Ez da hala Joxan Artzeren ikuspegian. 2002an bere anaia Jesus Mari hil zen eta horrek, noski, atsekabea eragin zion, gaztetatik hainbat proiektutan bidaide izaki eta oso lotuta egon zirelako anaia biak.
Hara nola atsekabearen kontuari buelta ematen dion Joxanek olerki honetan.

Maite dugun norbaiten heriotzak
mundu ba ixten digu bertan zeharo:
zena ez dela
genuena ez dugula gehiago
ezin du gure barruak sinetsi:
hil zitzaigunarekin batera hiltzen gara,
bizi gintuena hil baitzaigu.

bai, mundu bat ixten zaigu,
baina beste mundu berria irekitzen,
hil zaigunak argituko diguna
eta argituko gaituena
bihotzean izango baitugu bizirik,
eta bizirik, ez nolanahiko biziz,
hilko ez den biziz baizik.

hura orain den bezala bihotzean dugularik,
berriro maiteminduko gara
eta bizi berria biziko;
lur berrian berriro elkartuko garenean
-bat izateko, ez gehiago bereizteko elkartuko-
betikotasun guztian biziko duguna
orandanik dugu biziko.

Oso olerkigintza filosofiko-transzendentea dugu azkeneko olerki-liburuotan Joxanek eskaintzen diguna. Adibidez, olerkien bidez zenbait dikotomia bateragarri egiten saiatzen da. Esaterako, Jainkoaren isiltasuna eta bere Hitzaren arteko dikotomia. Edo, bere ikusezintasuna eta bere ikusgarritasuna. Hara adibide bat:
Jainkoak ez du inork inoiz ikusi” dio Jesusek,
hala da, ikusezina baita
baina maite dugunean,
hots, zuzen jokatzen,
egiaren argitan gabiltzanean,
on dagigunean,
hots, geugan bat garenean,
ez al dugu bihotzean garbi nabari
On, Egia, Eder, Zuzen den bakarra dela
geugan on dagiena,
egia dioena
ederrik suspertzen duena,
zuzen diharduena,
hots, Maitasun hitsa dena dela
geugan maite duena...?

ezin dugu besterik esan:
ikusi gabe      ikusten dugu!

Ixilik egotea eta hitz egitea ere badirudi kontraesankorrak direla. Maite gaituen Aita (Atta) onarentzat, berriz, ez ei da horren bateraezina:

Maite gatuen Atta ere,
neurrigabeki maiteomen gaituena,
ixilik dagoela beti,
horrenbeste maite eta,
ez digula hitz egiten,
esan ohi dugu sarritan, kexurik...

hala da, eta ez da hala:
bai, ixilik dago beti, baina hitz egiten digu:
beste hitzez, ixiltasunez!

Gauza hauek guztiak ulertu eta haien misterioan sakontzeko otoitz-bideetan sartu behar gara, ez dago beste biderik. Azken finean bakoitzaren nitasuna hortxe baitago zainduen, Jaunaren Zutasunaren albo beroan, hortxe sakontzen dugu gutako bakoitzaren eta besteen benetako egian:

Arrainarentzat itsasoa
eta hegaztiarentzat eguratsa bezain
beharrezkoa othoitza gizakumeak,
Jainkokume delako, Gizakume bete izateko,
bere gaitasun oro osorik loraerazteko;
etxetik urrunduok etxerako bidea aurkitu eta egiteko,
garena osoki bizi ahalko badugu...
Baina guk batera dagigu igeri eta hegan
otoitzean,
goiari ekinez sakontzen,
sakonduz goratzen.

No comments: