Total Pageviews

Friday, August 19, 2005

Umeek nahiago dituzte bideojokoak, mugikorra eta internet, telebista baino


Nafarroako Unibertsitatearen ikerketaren arabera, adin txikikoentzako ordu-tartetik kanpo ikusten dute umeek telebista. Ikusle-kopuru handieneko tartea 22.30etik aurrerakoa da, batez ere Los Serrano eta Aquí no hay quien viva ematen dituztenean

18 - VIII - 2005

El País

Pantaila txikiaren eta bideojoko, eskuko telefono edo interneten artean aukeratu behar izango balute, umeek telebista ikusteari utziko liokete. Umeen ohitura eta zaletasunei buruz Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultateak egindako ikerketa batek agerian jartzen duenez, umeak bizi diren inguru digitalean telebista da gutxien erakartzen dituena, ez baita elkarreragilea.

Eduki-pantailen inguruan (telebista, internet, bideojokoak, eskuko telefonoa) umeek egiten duten balorazioari eta horien erabilerari buruzko ikerketan Espainiako 20 hiritako 4.000 ikaslek hartu dute parte, lehenengo fasean. Bederatzi eta hamaika urte bitarteko inkestatutako ikasleak inguru digitalean bizi eta hazten dira: Interneten nabigatzen dute, eskuko telefonoa dute eta bideojokoekin jolasten dira.

Pantailez inguratuta bizi dira, eta, egileen ustez, telebista da norabide bakarrekoena.
Zaletasunei buruz galdetzen zaienean, % 38k internet aukeratzen du eta % 32k, berriz, telebista, bien artean aukera egin behar izanez gero.

Aukera bideojokoen eta telebistaren artean egin behar denean, proportzioa % 47koa da, lehenengoen aldekoa, kasu honetan ere; telebista aukeratzen dutenen portzentajea, ostera, % 34koa da. Azkenik, % 40k eskuko telefonoa aukeratuko luke telebista baino lehen (% 37).

Oro har, umeek telebista larregi ikusten dutela uste dute. % 31ren ustetan, eurak dira senitarteko guztien artean pantailaren aurrean denbora gehien ematen dutenak. Hala ere, audiometroek bildutako datuen arabera, umeek telebista egunean 150 eta 180 minutu bitartean ikusten dute, Espainiako batezbestekoa baino gutxiago.

Izan ere, biztanleko eta eguneko batez besteko kontsumoa 218 minututan finkatu zuen Sofres konpainiak 2004an.
Ikerketaren arabera, joan den urtearen amaieran Gobernuak eta estatu-mailako telebistek sinatu zuten Autorregulazio Kodean adin txikikoen babeserako bereziki ezarritako ordu-tarteetatik (8.00etatik 9.00etara eta 17.00etatik 20.00etara) kanpo jarduten dute umeek telebista ikusten.

Izan ere, ikusle-kopuru handieneko tartea 22.30etik aurrerakoa da, batez ere Los Serrano (Tele 5) eta Aquí no hay quien viva (Antena 3) ematen dituztenean; umeak beraientzako ordu-tartetik kanpo ibiltzen direla egiaztatzen du horrek.

Adin txikikoak nahiko taldekoiak dira eta nahiago izaten dute telebista beste norbaitekin batera ikusi. % 83k baieztatzen du egongela dela horretarako lekurik erabiliena; % 62k aitarekin ikusten du telebista eta % 64k, amarekin. Sarri, programak inolako laguntasunik gabe ikusten dituela onartu du % 42k.

No comments: