Total Pageviews

Monday, August 29, 2005

Itsasoz bestaldeko Euskal Herrian, mukuru betea zegoen Boise-ko katedrala, Aita Martxelek emandako meza nagusian

NAFARROAKO UNIBERTSITATEKO HIRU IRAKASLE RENON IZAN DIRA HANGO EUSKALDUNEKIN


Diario de Navarra, 2005-08-22

Asier Barandiaran irakaslea Estatu Batuetan izan da udan. Renon dagoen bigarren aldia da eta, hor dagoela aprobetxatuz, AEBtako nafar bertsolariek produzitu dutena aztertzen izan da. Martin Goikoetxea Gorritikoa eta Jess Goñi oronoztarra iaz elkarrizketatu zituen Boisen (Idaho). John Kurutxet aurten bisitatu du. Jess Arriada arizkundarra San Franciscon aurkitu du.





San Fanciscoko bertsolariekin

Haien bat-bateko bertsoak aztertzen ari da, baita Californiako Eskual Herria (1893-1896) egunkaria ere arakatzen. Berak bidali digu Boiseko jaialdiko hurrengo kronika:

San Inazio eguneko asteburuan Boise-ko euskal Festibal itzela edo "Jaialdia" izan zen. Bost urterik bost urtera egiten da, eta 40.000 pertsona inguru hurreratu ziren, gehien-gehienak Amerikako Estatu Batuetan bizi diren euskaldunak. Hotelen plazak agortu ziren Boise-n eta harrigarria da hotel gehienetan kartelen bat edo ikurrinaren bat zegoela euskaldunei ongi etorria emanez.

Ekitaldiak uztailaren 27an hasi ziren. Esan behar da Boise-ko hiriko "down town" delakoan "Basque bloque" bat dagoela: hau da, etxalde edo kalearte bat dena euskal gauzekin: "Gernika restaurant", "Basque Museum", "Basque Cultural Center", eta abar. Zenbait hitzaldi eskaini ziren, Renoko "Center for Basque Studies" delakotik etorritako hizlariekin (Joseba Zulaika, Joxe Mallea) eta "Homeland"-etik edo Euskal Herritik etorritakoekin.


Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria ere asteburu hartan bertaratu zen eta berotasunez izan zen hartua. Ostiralean, Boiseko Unibertsitateko auditorio nagusian ekitaldi kultural dotorea ospatu zen, goi mailako dantzari eta abesbatzen parte hartzearekin. Aurkezpenak, noski, ingelesez egin ziren nagusiki dantza bakoitzaren argibideak eta zenbait ezaugarri kulturalen azalpenak emanez. Noizean behin aurkezleak berak, bere gurasoen hizkuntzan, euskaraz, azalpenenen bat ere ematen zuen. Lehendakariak hantxe jaso zuen bere lehenengo txalo zaparrada.


Larunbatean "Western Idaho Fairgrounds" izeneko esparru ederrean benetako jaialdi handia egin zen. Era askotako txosnak zeuden bertan, kamisetak, liburuak, artelanak eta janari zein edariak saltzeko. Herri kirolen erakustaldiak eta musika kale-jirak bertan egin ziren. Estalitako beste polikiroldegi bitan dantza erakustaldi, kantaldi, bertso saioak eta hitzaldiak egin ziren. Ekitaldien hasieran Idaho Estatuko Idazkari nagusia, Ben Ysursa, euskal jatorrikoa eta Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria mintzatu ziren, besteak beste.

Nafarroako Unibertsitateko hiru irakaslek, Mari Mar Larraza, Albaro Baraibar eta nik neuk Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria agurtzeko parada izan genuen. Oso pozik zegoen eta harriturik jasotako harrerarekin. Euskal Amerikarrekin harremanak eta loturak estutzeko gogoa agertu zuen. Mikel Reparaz -Nafarroako Unibertsitateko ikasle ohia, Abarrots Euskara Taldeko kidea eta egun Radio Euskadiko albistegien zuzendaria- bertan zegoen ekitaldiaren berri emanez.

Larunbatean bertan, San Inazioren festaren bezperan, Boise-ko katedralean meza nagusia izan zen, katedrala jendez mukuru zegoela. Aita Martxelek eman zuen meza eta elebidunez izan zen: ingelesez eta euskaraz. Kantu gehienak euskaraz izan ziren eta Oñatiko dantza taldea dantzatu zen meza barruan eta mezaren osteko prozesioan.

Igandean ere beste hainbat ekitaldi izan ziren lehen aipatutako "Western Idaho Fairgrounds" izeneko lekuan. Oregon, Nevada, California eta hainbat estatutatik etorritako euskaldunak zeuden han. Etorkin gehienek 30 urtetik gora zeramatzaten Amerikako Estatu Batuetan. Asko bigarren belaunaldikoak ziren, eta euretariko gehienak ingelesez mintzo ziren.

Aita Martxel eta bere Pottoka


Aita Martxel ezagutzeko aukera izan nuen. Zuberotarra da, Baionako elizbarrutiak AEBtara bidalia euskaldunek kapelaua. Gardnevillen ateratako argazkia da. Bertan Euskal Kantari Txapelketa izan zen. Berak meza eman zuen bertan eta ondoren ekitaldiak hasi ziren. "Pottoka" izena ezarri dio bere furgonetari eta urtean zehar milaka kilometro egiten ditu euskaldunek deitua: ezkontza bat dela, bataioak direla, lehenengo jaunartzea dela, eukal kanpamentu bat dela... Amerika osoa zeharkatzen du.

Aita Martxelek aitortu digunez, egun euskaldun gehienak Bizkaitik etorritakoak dira. Bigarren talde handiena Iparraldetik etorritakoa da (Behe Nafarroa barne). Hirugarren taldea nafarrek osatzen dute eta gipuzkoarrek eta arabarrek osaturikoa talde txikiena da.

Hemen estatu batuarra izatea eta euskaldun sentitzea ez dira bateraezinak. Agian estatu batuarra izateak ez duelako deusezten etorkinen kultura-sustraia, Amerikarako kultura-aberastasunaren elementutzat hartzen baita. Amerikaren nortasuna anitza da, askotarikoa. Gurean, berriz, batzuentzat, nortasun batek ez dio besteari lekurik uzten. Zehatzago esanda, euskaldun batzuek pentsatzen dute euskalduna izatea nahiko eta soberako nortasuna dela, ez dela beste nortasun "handiagorik" behar. Agian historian zehar zenbait nortasun ezaugarri eraso pean, mespretxatuak izan direlako pentsatzen da horrela. Gaur egun gurean, hauxe bultzatzen da: euskaldun izatea europarra izateko modu bat da, bateragarriak dira biak. Eta ideia honek badauka nolabaiteko antzekotasuna Estatu Batuetako egoerarekin.

Asier Barandiaran Amarika

Nerea Alejos kazetariak egindako elkarrizketa
Diario de Navarra (2005-08-22)

Zerk erakarri zintuen Boisera?

Betidanik entzun izan dut Ameriketako Estatu Batuetako "Basque Festival" jendetsu eta ospetsuena Boisekoa dela. Iaz ere, Renon izan nintzen, baina ez nuen bertara joateko aukera. Aurten ezin nuen aukera galdu. Gainera, aurtengo festa berezia zen, "Jaialdia" izenekoa, bost urtetan behin egiten dena. Ipar Ameriketan bizi diren euskaldunek ahalegin berezia egiten dute bertaratzeko, bertako festa eta batzarra nagusia baita.




Basterretxearen monumentoa, Euskal Artzainari, Renon

Nola pasatu dituzu egun hauek?

Oso ondo. Niretzat esperientzia harrigarri eta pozgarria izan da. Estatu Batuetako euskal komunitatearen ikuspegi orokor eta bisuala izateko aukera eman dit. Zeuden ikuskizunak (herri kirolak, dantzak, abesbatzak, kantak, bertsolariak…) ezagunak egiten zaizkit, baina hemen begirada berezia eskaintzen zaie, jendeak eutsi egiten dio bere nortasunari honelako ekitaldiak txalotuz eta berotasunez hartuz.

Zer iruditu zaizu euskaldun-amerikarren arteko giroa?

Inpaktantea da niretzat. Euskaldunetako asko eta asko amerikar bihurtuta daude zeharo, kultura aldetik eta jarduera aldetik. Hala eta guztiz, nortasun ikurren bati heltzen diote, nola edo hala, oso modu agerian eta hori janzkeran (txapela, kamisetak edota bestelakoak), zaletasunetan (abesbatza, dantza talde, musika, herri kiroletan sartuta daude asko eta asko) edota hizkuntzan (askok, bigarren belaunaldikoak izan arren ere, euskarari eusten diote) igartzen da.

Desberdintasunak daude, jakina, lehenengo belaunaldiaren eta ondorengo belaunaldien artean. Baina belaunaldi desberdinen artean ere, batasun berezia dago, benetako "community" legez jarduten dute. Gainera oso irekiak dira edozeinekin. Ikusten zaituzte eta berehala galdetzen dizute nongoa zaren, ea denbora luzean egongo zaren Estatu Batuetan, zertan aritzen zaren… trago batera gonbidatua izatea ere oso normala da. Familian sentitzen zara hizketan hasi eta denbora gutxira.

Hizkuntza aipatu dut lehen. Nire ustez hemen dauden euskal etorkinek era berezian eutsi diote euskarari. Hizkuntza izan da beren jatorriko kideekiko eta jaioterriarekiko loturari eusteko tresna bat, komunikazio tresna ere badena. Euren euskara, orain dela berrogeita hamar urte egiten zen freskotasun berberaz egiten dute: freskotasun horrek izoztua edo iraun du gaurko egunera arte. Nire ustez, hemengo (Amerikako) euskaldun askok galduko lukete edo ez lukete horrenbeste euskara erabiliko euren jaioterrietan geratu izan balira. Esaterako, gaur egungo Derio herrian (Bizkaia) euskara nahiko egoera kaskarrean dago, erabilera aldetik, esan nahi dut. Bada, 60 urte inguruko Derioztar batekin topatu nintzen, itzelezko euskara jator eta polita egiten zuena. Ziur nago bere kintako euskaldunak Derion gaztelera hutsean (eta badaezpadakoan) aritzen direla txikiteoan Derioko kaleetan.

Berri gehiago helbide honetan:
http://www.euskonews.com/0314zbk/kosmo31401.html

No comments: