Total Pageviews
Thursday, February 16, 2006
Euskal gaien goraldia Amerikako Estatu Batuetan
NEVADAKO UNIBERTSITATEKO EUSKAL IKASKETEN ZENTROKO ZUZENDARIAK AZPIMARRATU DU AEBETAKO ESPARRU AKADEMIKOAN “EUSKAL GAIEN GORALDIA” GERTATZEN ARI DELA
Gloria Totoricaguenak Nafarroako Unibertsitatean adierazi zuenez, Iparramerikako herri horretan gaur egun 180.000 euskaldun bizi dira
Argazkia: Manuel Castells
“Azken bost urteotan euskal gaiek goraldia izan dute AEBetako esparru akademikoan. Unibertsitate batzuetan, Fresno, San Francisco, New York, Ohio edo Idahokoetan kasu, euskara ikastaroak ematen dira, eta gainera, euskaraz argitaratzen diren egunkariak ere daude”. Hala adierazi zuen Gloria Totoricaguenak, Nevadako (AEB) Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko (CBS) zuzendariak, Nafarroako Unibertsitatean emandako hitzaldi batean.
Ikastegi horretako Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedrak antolatutako ekitaldian, irakasleak bere saioan azaldu zuen egoerak behartuta CBS izeneko zentroko irakasleen kopurua eta zentroak kaleratutako argitalpenena ere bikoiztu behar izan dituztela. Hain zuzen ere, zentroak helburu du “euskal ikasketen ezagutza sustatzea artearen, literaturaren, zinemaren, genealogiaren, diasporaren edo historiaren bitartez”. Alde horretatik adierazi zuen Txinan duela sei hilabete “Bizkaiko Foru Zaharrari” buruz banatutako liburu baten 1.000 aleak agortu egin direla. Gauzatutako jarduera-ildoei buruz nabarmendu du Euskadiko erakunde eta ikertzaileekin loturak sendotu behar direla; halaber, euskal emigranteei buruz datu-base bat egiteko proiektua aipatu du, “nola, nondik, noiz, norekin irten ziren eta nola heldu ziren” azaltzeko.
Biztanleria eta migrazio-fenomenoa
AEBetan izandako migrazio-fenomenoari dagokionez, soziologo eta euskal diasporaren arloko aditu horrek adierazi du emigrazio-fluxurik handiena 1870etik 1950era arte gertatu zela, baina azken urteotan erritmoa moteldu dela. “Gehienak Amerikako mendebaldera joan ziren, baina hainbat komunitate dago New Jerseyn, Kalifornian, Floridan edo New Yorken. Orain, inguruabarrak askotarikoak dira, eta emigratzen dutenak unibertsitate-titulu bila joaten dira, arlo pertsonalean edo profesionalean aurrera egiteko”.
Gloria Totoricaguenak Iparramerikako herri horretan 180.000tik gora euskaldun bizi direla adierazi zuen, eta 35 euskal etxe daudela nabarmendu zuen, horietan kultura-, historia-, euskara- edo dantza-ikastaroak ematen direla.
"Euskaldunak oso ondo integratu dira AEBetako mentalitatean, ze langile gogorrak izan dira, lanari ez diote beldurrik izan; aurreztatzaileak ere izan dira, beren seme-alabak hobeto bizi zitezen; austeritatea bizi zuten eta erlijiosoak ziren (nahiz eta han katolikotasuna nagusi ez izan, erlijiotsua izatea amerikar izaerarekin ondo zetorren), sinesdunak".
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment