Total Pageviews

Friday, February 24, 2006

Mezatara, zer dela eta? (XVI)




― Aibala! Ez nekien nik Mezatan hainbeste gauza daudela!
― Eta gehiago ere kontatzen ahal dizkizut. Erraterako, Mezatan munduari Kristoren heriotza iragartzen diogu eta bere Berpizkundea aldarrikatzen; erran nahi baita, Jesukristo bizirik dagoela lurrean eta Azken Judizioaren egunean guzion aitzinean agertuko zaigula, eta orduan ez da bertze Mezarik izanen.
― Ez da Meza gehiagorik izanen?
― Ez, ez baita beharrezkoa izanen. Santuak Jainkoarekin egonen dira. Meza Jainkoak utzi digu lurreko ibilbidean lagun diezagun eta gu Berarekin bat egin gaitezen; Jainkoa gure artean dagoen testigantza dugu, eta denboraren hondarrera arte izanen dugu gurekin.
― Horixe duela zentzua Mezak! Nire amak dioen moduan, badu “mamia”.
― Edukiko ez du, ba! Mezatara ez bazoaz bertan zer gertatzen den ez dakizulako da. Erlijioan ezjakina izateak jende aunitz Mezatan parte ez hartzera bultzatzen du. Joaten diren batzuk inertziaz joaten dira, ohituragatik, harik eta egunen batean beren buruari hauxe galdetzen dioten arte: zer egiten dut nik Mezatan? Eta joateari uzten diote orduan.
― Zaindutako eserleku edo bankuari gertatu zitzaiona bezala da hori.
― Zein da istorio hori, Mikel?
― Kontua da, kuartel edo gudaltegi baten bazegoela eserleku bat egunero soldadu talde bat zaintzen inguruan zuena. Zaindariak txandakatzen ziren eserleku hura zaintzeko. Egunak joan, egunak etorri, azkenean koronel batek jakin nahi izan zuen zergatik zaintzen zen eserleku hori bolborategi bat izanen bailitzan. Gudaltegiko araudietan kontsultatu eta hauxe aurkitu zuen: bazirela aunitz urte eserleku hura pintatua izan zela. Inor zikindu ez zedin zaintza egiten hasi ziren soldaduak. Eta hori ordura arte.
Ederki, konturatzen naiz ulertu duzula. Hondarreko gauza bat gelditzen zait. Meza bukatuta, nolabait esatearren, Mezak jarraitzen du. Norberak Jainkoaren aurrean bizi behar du, Jainkoaren Borondatearekin bat bizi behar du egunean zehar. Harrigarria litzateke Jainkoari gurtza eman ondoren, gure eguna Berak espero duenarekin bat ez etortzea.
― Alegia, koherenteak izan behar dugula. Norbera kristaua dela beti, ez Mezatan dagoenean soilik.
― Horixe bera erran nahi nuen. Beno, Maialen, Meza Santua ospatu behar dut orain. Igandean etorriko zara?
― Horixe baietz! Eta oraingo honetan ere geratuko naizela uste dut, entzun dudana hobeto nireganatzeko Mezatan bertan. Presa askorik ez badu, gustatuko litzaidake ongi prestatzen lagunduko balit.
― Gustura, gainera!

No comments: