Total Pageviews

Tuesday, February 07, 2006

Mezatara, zer dela eta? (XII)






— Baina gauza bera ikusten jarraitzen dugu, alegia, aldareko ogia ez da itxuraz aldatzen. Nola dakit nik subtantziaz aldatu dela?
— Kristok esan zigulako badakigu. Dakizkigun gauza anitz erran dizkigutelako dakizkigu. Zure gurasoak benetazko zure gurasoak direla frogatuta daukazu? Ez dugu frogatu behar, badakigu badirena erran digutelako, eta erabateko ziurtasuna daukagu. Beraz, Jesukristok erran bazigun, sinesten dugu. Ura ardo bilakatzeko gai bazen edota bost ogiak biderkatzeko gai bazen, beste mirari bat egiteko ez zen gai izanen? Kontua da sinesmena izan behar dela; izan ere, trasubstantziazioa izate misteriotsua da, zentzumenek engainatu egiten gaituzte. Baina behin Jainkoaz fidatuta, hori horrela delako ziurtasuna izaten ahal da.
— Nire lagun batek esaten zuen bera ez zela Mezatara joaten ezer berezirik ikusten ez zuelako, baina mirariren bat ikusiko balu joaten hasiko zela.
— Hara, orduan Jainkoak berarendako mirari bat egin ezean ez du Jainkoarengan sinestuko. Horrela Meza ez joatearen errua Berari botatzen dio. Lekutan gaude!
— Zergatik?
— Sinesteko apaltasuna behar delako.
— Baina berak ez du inon miraririk ikusi.
— Ezta beharrik ere, mordotxo bat dauka Ebanjelioan. Historian izan diren eta diren kristauen artetik ia-ia inork ez du ikusi mirari nabari bat ere, ikusgarri edo ukigarri diren horietako bat esan nahi baita. Are gehiago, horrelako mirari bat ikusteak ez dakar beti Kristorengan sinestea. Mirariek laguntzen dute, baina behar dena da Jaunak erraten diguna egiatzat hartzea eta horretarako barne-jarrera apala izatea.
— Bai, baina nire lagunak mirariren bat ikusiko balu…
— Agian ezta horrela ere ez zen Mezatara joanen. Egin kontu Jaunaren jarraitzaileek mirakulu nabariak ikusi zituztela eta haietatik gehienek, Eukaristia agindu eta bere Gorputz eta Odola jan behar zutela erratean, bakarrik utzi zuten. Eta mirakuluak ikusita zeuden! Proba bat izan zen, baita Apostoluendako ere, baita Pedrok berak horrela erantzun baitzion: “Jauna, norengana joanen gara? Betiko bizia dute zure irakatsiek”. Erlijio kontuetan norbaitetaz fidadu behar gara, eta mirari nabariak egin zituen Jesusez ez bagara fio, norengan fidatuko gara?

No comments: