Total Pageviews
Thursday, February 16, 2006
Mezatara, zer dela eta? (XIV)
― Eta bat falta zaizu: Jaunaren grazian egotea. Nork bere etxea txerri-korta bat eginda badauka ez ditu horra bere lagunak eramango, lehenago garbitzen ez badu behintzat. Bada, Jauna hartzeko arima bekatu mortal orotik garbi izan behar dugu. Norberak bekatu mortalean Jaunartzen badu, Jaunari errespetu falta izateaz gain, sakrilegio izeneko bekatu larria eginen luke. San Paulok argi eta garbi azaldu zien Korintotarrei: “Horregatik, behar ez bezala Jaunaren ogia jaten eta kopatik edaten duena errudun bihurtzen da, Jaunaren gorputz-odolak profanatzen baititu. Azter beza, bada, nork bere burua […] zeren Jaunaren gorputza dela kontuan izan gabe jan-edaten duenak, bere gaitzespena baitu jaten eta edaten”. Hitz gogorrak ziren, haiek ondo ulertzen zituztenak; izan ere, ateniarrek norbait hiltzera zigortzen zutenean, pergamino baten sententzia idatzi, zati-zati egin, uretan beratzen utzi eta zigortuari jan zezan ematen zioten. Honekin batera, sententzia ezeztaezina zela ematen zuten aditzera, zigortutako pertsonarekin batera zihoala. Bada, bekatu mortalarekin Jaunartzea bere zigor-agiria jango balu bezala da. Horregatik aurretik aztertu behar du nork bere burua.
― Beraz, aitortu behar da Jaunartu aitzin?
― Pentsazazu pixka bat. Horren arabera ni egunero aitortu beharko nintzateke, egunero ematen baitut Meza. Behar dena da Jaunaren grazian egotea. Horretarako, bistan da, gutxienez urtean behin aitortu behar da, eta bekatu mortalaren kontzientzia petik atera.
― Eta aitortzeko astirik ez baduzu eta Jaunartu nahi baduzu?
― Ba orduan itxaron: Meza baino lehen karamelu bat jatean bezala. Ez Jaunartzeko pena edo mina Jaunari eskaintzen ahal diozu eta hurrengo baterako hobeto prestatzen zara.
― Baina une hartan asmo ona baduzu…
― Ba asmo onak ez dira nahiko izaten gauzak ongi egiteko. Gauzak ongi egin behar dira, esfortzua eskatu arren.
― Baina ez al da nahiko Jainkoarengana hurbiltzeko nahia? Jainkoak bihotza ikusten du eta bera Ona denez, ba…
― Hala da, Jainkoa Ona da, baian gu ere onak izan gaitezen nahi du. Horregatik Elizaren bidez erakusten digu onak izateko modua. Berak eman agindu batzuk dizkigu. Bera Ona delako edo, berdina izango balitz horiek betetzea edo ez betetzea, orduan Jauna kontraesanean eroriko zen. Aginduok bete ordez, nahikoa izanen balitz hala moduzko bihotz-jarrera bat orduan Kristautasuna ez zen zerbait serioa izanen.
― Bai, bai, serioan doala konturatzen naiz.
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment