Total Pageviews

Monday, September 04, 2006

Afektibitatea heztea (XIV)


Autoestimu apala eta autoestimu harroputza

Hondarreko urteetan asko eta asko hitz egin da autoestimuaz. Gaur egun liburudenda batera sartuta ugari izanen dira autoestimuaz diharduten best seller-ak. Are gehiago, “autoayuda” izeneko liburu mota hori goraka doa oraindik ere.
Horrek guztiak baditu oso gauza onuragarriak... eta arriskuak ere bai. Kristautasunak munduko kultura adierazpen orotan badaki gauza onak baloratzen. Liburuotan esaten dena askotan zentzuzkoa da eta oinarri hauxe dauka: bertzeei lagundu ahal izateko neure buruari lagundu behar diot, eta hori egia da. Baina metodo batzuen eraginkortasuna zalantzapean jartzen ahal ditugu. Errate baterako, errudun sentimendua saihesteko pertsonei sinestarazi nahi zaie akatsak ez dituztela. Autoestimua irabazi nahi da egiaren kaltetan eta horrela errealitatearen pertzepzioa oztopatzen da. Garrantzitsuena zeure buruarekin ondo sentitzea omen da. Baina galdera hauxe da: beharrezkoa ote da garen baino hobeak garela pentsatzea? Ez al da hobea benetan nolakoak garen ezagutzea?
Autoestimuaz hitz egitea ona da baldin eta berorren gabezia saihesteko bada baina bertze muturrean erortzeko arriskua ere badago. Egiak soilik askatuko gaitu.
Bada autoestimu “kristau” bat, nahiz eta termino hau berri samarra izan: deskubritu beharra daukagu. Eta badago autoestimu arriskutsu bat, urguilura garamatzana.
Has gaitezen bigarrenetik. Amodio propioa ez da zeure burua “gehiegi” maite duzula, ez: zeure burua gutxi edo gaizki maitatzea da. Edo ez zaude konforme zurekin, eta zaren baino gehiago zarela sinetsi edo demostratu nahi da. Horrela, bertzeek zeure duintasuna balioetsi dezaten desiratzen da histeriaz . Edo, zeure burua aski duzulakoan, bertzeen eragina mespretsatzen da (bihotza hilobiratuz). Matazak hari asko ditu, baina oraingoz horrela utz dezagun.
Bada, bertzalde, autestimu kristau bat. “Ongi ordenatutako karitatea norbere burutik hasten da” dio esaera zaharrak. Eta Jaunaren karitatezko aginduak honela dio: “Lagun hurkoa maiteko duzu zeure burua bezala”. Apaltasuna egia da: alde onak badauzkagu eta ezagutu behar ditugu, Jaunari eskerrak emateko eta horietaz baliatzeko bertzeen alde. Eta hobetu behar ditugun alderdiak ere ezagutu behar ditugu: Jaunari gu laguntzeko aukera emateko. Eta zer nahi du Berak gu laguntzea baino? Hara, gure akatsez balia gaitezke Jauna pozteko: ba al da negozio hoberik?

No comments: