Total Pageviews

Monday, July 18, 2005

Familia ugariek festa giroan hainbat aldarri zabaldu zituzten bilbon eta Donostian

Hauek dira erakundeei eskatzen dizkiegunak, familia edukitzea eta lan egitea, biak ala biak batera posible izatea



14 - VII - 2005

Berria/ El Correo

Familia ugariek bi jai egin zituzten Bilbon eta Donostian. Etxean hiru ume edo gehiago dituzten familiak dira gaur ugariak. Urtero elkartzen dira, sendi arteko jaia egiteko, eta dituzten arazo eta premien inguruan agintariei atentzioa emateko. Hirukide federazioko kide diren Lasterbide eta Liluraldi elkarteko guraso eta seme-alabak Casilda Iturrizar parkean batu ziren Bilbon, eta Anoeta estadioaren inguruetan Donostian.

Goizean goizetik hasi ziren elkartzen familiak festa guneetan. Bilbon zerua lainotsu egon eta zenbait unetan euri apur bat bota bazuen ere, umeek ez zuten aitzakiarik onartu kale egiteko. Arte Eder museoaren alboan hasi eta parkearen beste muturreraino, Euskalduna jauregiaren aurrean, hamaika jarduera antolatu zituzten familia ugari eta txikien gozamenerako. Donostian ere, halatsu.

Goizean, halakoetan ohikoak diren jolas eta tailerrez gain, herri kirolen erakustaldia eta magia ikuskizuna izan ziren. Arratsaldean, olgetarako tartearekin batera, pailazoen agerraldia eta berbena izan zuten elkarturiko sendiek.

Jaia eta aldarrikapena

Antolatzaileek aurretik iragarri bezala, beste ezeren gainetik parte-hartzea bilatu zuten ospakizunekin. Hori bai, festa egitearekin batera, familia ugarien aldarrikapenak ere plazaratu zituzten. Festara joan zirenei azaldu zietenez, asko dira Euskal Herrian hiru seme-alaba edo gehiago dituzten familiak. Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokionez, 2.500 familia dira Hirukideko kide. Askok arazo handiak dituzte.
Ogasunaren aldetik diru galerak izaten dituztela nabarmendu zuten. Argi utzi zuten; ez dute pribilegiorik nahi, bidezkoak diren eskubideak baino ez. Eta jai giro alaian egin zuten horien alde.

«Erraztasunak behar ditugu familia eta lana uztartzeko»

Ohikoa den baino ume gehiago ikusten ziren atzo Bilboko Casilda Iturrizar parkean. 12:00ak aldera herri kiroletarako txokoa prestatzen ari ziren bitartean, Hirukideko kideak informazio mahaia atontzen zebiltzan. Lanean buru-belarri zebiltzanen artean, Hodei Arrausi zegoen, Hirukide familia ugarien federazioko kidea. Tarte bat hartu zuen beren jardunaz aritzeko.

Festa handiak antolatu dituzue Bilbon eta Donostian. Zer bilatzen duzue era honetako ekimenekin?

Jai hauek helburu bikoitza daukate. Jaia bera batetik. Ospakizun eguna izatea nahi genuke; familientzat, noski, eta batez ere, umeentzat. Eta bestetik errebindikazioak nabarmenduko nituzke. Elkarte moduan badugu premia herritarrei azaltzeko zeintzuk diren familia ugariok Administrazioari eskatzen dizkiogunak.

Zeintzuk dira bada elkartearen eskari horiek?

Elkarte bezala agintariei, erakunde guztietakoei, egiten diegun lehenengo eskaera Familiaren Zuzendaritza sortzea litzateke. Egitura honen zeregina hainbat erakunderen arteko koordinazio lana betetzea litzateke. Ezin dugu ahaztu gaur egun badaudela hainbat ekimen familiei zuzendutakoak erakunde ezberdinetan. Bai Jaurlaritzak, bai foru aldundiek, bai udalek, guztiek egiten dituzte gauzak, eta behar duguna da horiek guztiak koordinatuko dituen egitura bat. Era berean, Familiaren Lege propioa egin dezatela eskatzen diegu. Europako zenbait herrialdetan dagoeneko egin duten araudiaren antzekoa. Horrek familiak dituen beharrizanak ase beharko lituzke. Eta hirugarrenik, garrantzitsua deritzogu familia bizitza eta lana uztartu ahal izateko baliabideak eskaintzeari. Horiek dira erakundeei eskatzen dizkiegunak, familia edukitzea eta lan egitea, biak ala biak batera posible izatea. Horretarako erraztasunak behar ditugu.

Badira bikote asko umea eduki nahi bai, baina ezin izaten dutenak oso garesti ateratzen zaiela esaten dutelako. Benetan hain garestia egiten da umeak izatea?

Bai, zoritxarrez, bada. Duela gutxi elkarteak berak hori ikertzeko eskatu zion Bilboko abokatu talde bati. Zehaztasunez jakin nahi genuen zein den familia ugariak urtean izaten duen gastua. Emaitzak ikusgarriak izan dira. Ondorioztatu zutenaren arabera, urte amaieran oso handia da gastua, batez ere zeharkako zergen ondorioz. Etxebizitza ere arazo da askorentzat. Gero eta txikiagoak, gero eta garestiagoak, zaila da baldintza horiekin familia ugaria izatea.

Familia ugariak, edo familia ugarien mugimenduak, gutxienez, gaur egun talde erlijioso edo politiko zehatzekin lotu izan dira sarritan. Egia al da hori?

Nik Hirukide federazioaren izenean hitz egin dezaket eta, gurean behinik behin, denetik dago. Gure bazkideen artean baditugu familia ugari tradizionalak, jakina; baina baditugu, era berean, guraso bakarreko familiak, baditugu dibortziatu diren bikoteak eta berriro ezkondu direnak, eta antzeko gehiago. Ez Hirukide ez berau osatzen duten elkarteak ez dira egitura erlijiosoak, eta ez dugu loturarik ez Elizarekin ez bestelako taldeekin. Guk familia eredu guztiak errespetatzen ditugu. Azken batean defendatu nahi duguna familia bera delako. Familia bere osotasunean.

No comments: