Total Pageviews

Thursday, February 16, 2006

Euskal gaien goraldia Amerikako Estatu Batuetan





NEVADAKO UNIBERTSITATEKO EUSKAL IKASKETEN ZENTROKO ZUZENDARIAK AZPIMARRATU DU AEBETAKO ESPARRU AKADEMIKOAN “EUSKAL GAIEN GORALDIA” GERTATZEN ARI DELA

Gloria Totoricaguenak Nafarroako Unibertsitatean adierazi zuenez, Iparramerikako herri horretan gaur egun 180.000 euskaldun bizi dira







Argazkia: Manuel Castells
“Azken bost urteotan euskal gaiek goraldia izan dute AEBetako esparru akademikoan. Unibertsitate batzuetan, Fresno, San Francisco, New York, Ohio edo Idahokoetan kasu, euskara ikastaroak ematen dira, eta gainera, euskaraz argitaratzen diren egunkariak ere daude”. Hala adierazi zuen Gloria Totoricaguenak, Nevadako (AEB) Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko (CBS) zuzendariak, Nafarroako Unibertsitatean emandako hitzaldi batean.

Ikastegi horretako Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedrak antolatutako ekitaldian, irakasleak bere saioan azaldu zuen egoerak behartuta CBS izeneko zentroko irakasleen kopurua eta zentroak kaleratutako argitalpenena ere bikoiztu behar izan dituztela. Hain zuzen ere, zentroak helburu du “euskal ikasketen ezagutza sustatzea artearen, literaturaren, zinemaren, genealogiaren, diasporaren edo historiaren bitartez”. Alde horretatik adierazi zuen Txinan duela sei hilabete “Bizkaiko Foru Zaharrari” buruz banatutako liburu baten 1.000 aleak agortu egin direla. Gauzatutako jarduera-ildoei buruz nabarmendu du Euskadiko erakunde eta ikertzaileekin loturak sendotu behar direla; halaber, euskal emigranteei buruz datu-base bat egiteko proiektua aipatu du, “nola, nondik, noiz, norekin irten ziren eta nola heldu ziren” azaltzeko.


Biztanleria eta migrazio-fenomenoa



AEBetan izandako migrazio-fenomenoari dagokionez, soziologo eta euskal diasporaren arloko aditu horrek adierazi du emigrazio-fluxurik handiena 1870etik 1950era arte gertatu zela, baina azken urteotan erritmoa moteldu dela. “Gehienak Amerikako mendebaldera joan ziren, baina hainbat komunitate dago New Jerseyn, Kalifornian, Floridan edo New Yorken. Orain, inguruabarrak askotarikoak dira, eta emigratzen dutenak unibertsitate-titulu bila joaten dira, arlo pertsonalean edo profesionalean aurrera egiteko”.

Gloria Totoricaguenak Iparramerikako herri horretan 180.000tik gora euskaldun bizi direla adierazi zuen, eta 35 euskal etxe daudela nabarmendu zuen, horietan kultura-, historia-, euskara- edo dantza-ikastaroak ematen direla.

"Euskaldunak oso ondo integratu dira AEBetako mentalitatean, ze langile gogorrak izan dira, lanari ez diote beldurrik izan; aurreztatzaileak ere izan dira, beren seme-alabak hobeto bizi zitezen; austeritatea bizi zuten eta erlijiosoak ziren (nahiz eta han katolikotasuna nagusi ez izan, erlijiotsua izatea amerikar izaerarekin ondo zetorren), sinesdunak".

Mezatara, zer dela eta? (XIV)




― Eta bat falta zaizu: Jaunaren grazian egotea. Nork bere etxea txerri-korta bat eginda badauka ez ditu horra bere lagunak eramango, lehenago garbitzen ez badu behintzat. Bada, Jauna hartzeko arima bekatu mortal orotik garbi izan behar dugu. Norberak bekatu mortalean Jaunartzen badu, Jaunari errespetu falta izateaz gain, sakrilegio izeneko bekatu larria eginen luke. San Paulok argi eta garbi azaldu zien Korintotarrei: “Horregatik, behar ez bezala Jaunaren ogia jaten eta kopatik edaten duena errudun bihurtzen da, Jaunaren gorputz-odolak profanatzen baititu. Azter beza, bada, nork bere burua […] zeren Jaunaren gorputza dela kontuan izan gabe jan-edaten duenak, bere gaitzespena baitu jaten eta edaten”. Hitz gogorrak ziren, haiek ondo ulertzen zituztenak; izan ere, ateniarrek norbait hiltzera zigortzen zutenean, pergamino baten sententzia idatzi, zati-zati egin, uretan beratzen utzi eta zigortuari jan zezan ematen zioten. Honekin batera, sententzia ezeztaezina zela ematen zuten aditzera, zigortutako pertsonarekin batera zihoala. Bada, bekatu mortalarekin Jaunartzea bere zigor-agiria jango balu bezala da. Horregatik aurretik aztertu behar du nork bere burua.
― Beraz, aitortu behar da Jaunartu aitzin?
― Pentsazazu pixka bat. Horren arabera ni egunero aitortu beharko nintzateke, egunero ematen baitut Meza. Behar dena da Jaunaren grazian egotea. Horretarako, bistan da, gutxienez urtean behin aitortu behar da, eta bekatu mortalaren kontzientzia petik atera.
― Eta aitortzeko astirik ez baduzu eta Jaunartu nahi baduzu?
― Ba orduan itxaron: Meza baino lehen karamelu bat jatean bezala. Ez Jaunartzeko pena edo mina Jaunari eskaintzen ahal diozu eta hurrengo baterako hobeto prestatzen zara.
― Baina une hartan asmo ona baduzu…
― Ba asmo onak ez dira nahiko izaten gauzak ongi egiteko. Gauzak ongi egin behar dira, esfortzua eskatu arren.
― Baina ez al da nahiko Jainkoarengana hurbiltzeko nahia? Jainkoak bihotza ikusten du eta bera Ona denez, ba…
― Hala da, Jainkoa Ona da, baian gu ere onak izan gaitezen nahi du. Horregatik Elizaren bidez erakusten digu onak izateko modua. Berak eman agindu batzuk dizkigu. Bera Ona delako edo, berdina izango balitz horiek betetzea edo ez betetzea, orduan Jauna kontraesanean eroriko zen. Aginduok bete ordez, nahikoa izanen balitz hala moduzko bihotz-jarrera bat orduan Kristautasuna ez zen zerbait serioa izanen.
― Bai, bai, serioan doala konturatzen naiz.

Tuesday, February 07, 2006

Mezatara, zer dela eta? (XIII)




― Orduan nire lagunari…
— Erraten ahal diozu berak ikus lezakeen miraririk handiena Mezatan aurkituko duela eta handik kanpo ez duela parekorik aurkituko. Agian nagitasuna edo pereza kontua da; alegia, mezatara ez doa horrek esfortzu bat eskatzen duelako. Doala, jakin dezala zer den Meza eta orduan arazo guztiak deuseztatuko dira. Oso erraza da teoria pertsonal bat asmatzea joan behar ez izateko. Baina Jaunak, norbera hil eta gero gure bizitza juzgatzean, gure ekintzak hartuko ditu kontutan, ez gure teoriak. Izan ere, norberak badaki non dagoen egia, sakon-sakonean bada ere.
— Dena dela, Jesus Mezatan giza-itxuraz agertuko balitz errazago ezagutuko genuke.
— Ba ez, ogi eta ardoaren itxura pean geratu nahi izan du guk Harengan sinesteko ahalegintxo bat egin dezagun. Sinesmena dutenak soilik hurbiltzen dira Eukaristiaren oturuntzara.
— Alegia, sinesten dutenendako sari bat da.
— Bai, halaxe da. Apalak direnek Jainkoa oso hurbil dute.
— On Bixente, liatu egin naiz pixka bat. Mezatan zer errepikatzen da: Azken Afaria ala Gurutzeko Sakrifizioa?
— Ez zara liatu behar. Meza Kalbario edo Buruhezurtegiko Sakrifizioaren berriztapen odolgabekoa da. Gertatzen dena da, Jesukristok Azken Afarian ezarri zuela hau berritzeko modua, oturuntza edo bankete baten erara. Ulertzen duzu?
— Orain bai.
— Baina horrezaz gain bada beste kontu bat: ogia eta ardoa kontsakratzean, Jesukristo agertu eta Aitari eskaintzen zaio, bai. Baina gero ez da desagertzen, Jauna sakramentalki geratzen da, hemen gurekin, lurrean geratzen da gu laguntzearren eta guk Bera hartzearren. Baina duintasunez Jaunartzeko baldintza batzuk behar dira, badakizkizu?
— Baten bat, badakit: ez jan eta ez edan deus ez(uraz aparte) ordu bat lehenagotik –uste dut–, eta jakin behar dugula Nor hartzen dugun. Gogoan daukat zeren Lehenengo Jaunartzea egiteko hori jakitea beharrezkoa zen.
— Eta bat falta zaizu: Jaunaren grazian egotea.

Mezatara, zer dela eta? (XII)






— Baina gauza bera ikusten jarraitzen dugu, alegia, aldareko ogia ez da itxuraz aldatzen. Nola dakit nik subtantziaz aldatu dela?
— Kristok esan zigulako badakigu. Dakizkigun gauza anitz erran dizkigutelako dakizkigu. Zure gurasoak benetazko zure gurasoak direla frogatuta daukazu? Ez dugu frogatu behar, badakigu badirena erran digutelako, eta erabateko ziurtasuna daukagu. Beraz, Jesukristok erran bazigun, sinesten dugu. Ura ardo bilakatzeko gai bazen edota bost ogiak biderkatzeko gai bazen, beste mirari bat egiteko ez zen gai izanen? Kontua da sinesmena izan behar dela; izan ere, trasubstantziazioa izate misteriotsua da, zentzumenek engainatu egiten gaituzte. Baina behin Jainkoaz fidatuta, hori horrela delako ziurtasuna izaten ahal da.
— Nire lagun batek esaten zuen bera ez zela Mezatara joaten ezer berezirik ikusten ez zuelako, baina mirariren bat ikusiko balu joaten hasiko zela.
— Hara, orduan Jainkoak berarendako mirari bat egin ezean ez du Jainkoarengan sinestuko. Horrela Meza ez joatearen errua Berari botatzen dio. Lekutan gaude!
— Zergatik?
— Sinesteko apaltasuna behar delako.
— Baina berak ez du inon miraririk ikusi.
— Ezta beharrik ere, mordotxo bat dauka Ebanjelioan. Historian izan diren eta diren kristauen artetik ia-ia inork ez du ikusi mirari nabari bat ere, ikusgarri edo ukigarri diren horietako bat esan nahi baita. Are gehiago, horrelako mirari bat ikusteak ez dakar beti Kristorengan sinestea. Mirariek laguntzen dute, baina behar dena da Jaunak erraten diguna egiatzat hartzea eta horretarako barne-jarrera apala izatea.
— Bai, baina nire lagunak mirariren bat ikusiko balu…
— Agian ezta horrela ere ez zen Mezatara joanen. Egin kontu Jaunaren jarraitzaileek mirakulu nabariak ikusi zituztela eta haietatik gehienek, Eukaristia agindu eta bere Gorputz eta Odola jan behar zutela erratean, bakarrik utzi zuten. Eta mirakuluak ikusita zeuden! Proba bat izan zen, baita Apostoluendako ere, baita Pedrok berak horrela erantzun baitzion: “Jauna, norengana joanen gara? Betiko bizia dute zure irakatsiek”. Erlijio kontuetan norbaitetaz fidadu behar gara, eta mirari nabariak egin zituen Jesusez ez bagara fio, norengan fidatuko gara?

Friday, February 03, 2006

Mezatara, zer dela eta? (XI)



— Eta aurrekoaren haritik…, erne; izan ere, unerik garrantzitsuena oraintxe baitator: Kontsakrazioa. Une horretan belauniko egon behar zara Jesukristo gurtzen, aldarean presente egiten baita eta Jainko-Aitari eskaintzen zaio. Egin kontu, Zerua urratu eta handik, aingeruek lagundurik, Jesukristo gure artera baletor bezala da. Pertsona batek bere bizitza osoan Mezatan parte hartzeko aukera bakarra izanen balu, huraxe izanen zen bere unerik garrantzitsuena. Elizak otoitz batzuekin hornitu du Kontsakrazioa, berorren aitzinean eta gibelean esaten direnak. Hori guztia Eukaristia-otoitza edo “Kanona” deitzen da.
— Kanona? Hori atzerriko hitza da, ez?
— Kanonak araua, arautua dagoena, neurria esan nahi du. Esate baterako, Elizaren Zuzenbidearen Araudiak agintzen duena “kanonetan” egoten da. Eskulturan ere kanonak badira. Bada, Meza-liburuetan agertzen diren Eukaristia-otoitzak kanonak dira, munduan barrena otoiztu beharreko otoitzak baitira. Apaizak, daudenen artean, bat aukeratzen ahal du, baina ezin du ezer aldatu. Jainko-Aitari zuzendutako otoitzak dira; beraietan Ama Birjina eta Santuei erregutzen zaie, Aita Santua, Apezpikuak eta bizirik zein hilik dauden sinestunak gogoratzen dira, eta abar; eta hori guztia Jesukristoren bitartez, horrela esaten baita kanonaren bukaeran: “Haren bitartez, Harekin eta Harengan, Zuri Aita, Jaungoiko guztiahaldun horri, Espiritu Santuarekin batera, ospe eta aintza guztia gizaldi eta gizaldi guztietan”. Eta bertan dauden sinestun guztiek horrela erantzuten dute: AMEN. Hau da, apaizak esan duenarekin bat datozela adierazten dute, hura baita Jainkoaren eta sinestunen arteko bitartekaria. Garrantzitsua da hitz hau boz goraz esatea. Antikitateko idazle batek erraten zuen, kristautasunaren aurreneko mendeetan, jendea harritu egiten zela eliza baten paretik igarotzean; izan ere, bat-batean “Amen” zioen deiadar bat entzuten zuten; eta “kristauak elizan zeudek” erraten zuten.
— Eta nolatan agertzen da Jesus han, ikusten ez da eta?
— Eta nolatan ikusten dituzu zuk futbolariak edo pilotariak, futbol-zelaian edota frontoian egonik? Izan ere, badira aditu batzuk kamararen, uhin batzuen eta argiaren bidez hori posible egiten dutenak. Irudia transmititzeko gai dira, ez errealitatea bera. Horregatik ez da gauza bera partida bat etxean edo estadioan ikustea. Bada, Jainkoa mirakuluak egiteko kapaza da, ahalguztiduna delako. Eta ez digu irudi soil bat ekartzen, ez, Bera agertzen da. Apaizak esaten dituen Kontsakrazio-hitzen bidez, aldarean dauden ogi eta ardo osoa Jesukristoren Gorputz eta Odol bilakatzen dira, Kristo osorik, Jainko eta Gizona. Bada hitz bat erabateko aldaketa hau adierazten duena: transubstantziazioa, dena aldatzen baita.

Friday, January 27, 2006

Deus caritas est, “Jainkoa Maitasuna da” Benedikto XVI.aren aurreneko entziklika



“Entziklika honetan, Jainko, Kristo eta Maitasunaren gaia bat eginik daude kristau sinismenaren iparrorratza bailitzan


Entziklikaren laburpena
Entziklika zati nagusi bitan artikulatuta dago. Lehenengoan “maitasunari” buruzko gogoeta aurkezten da, zenbait ikuspegiren arabera – “eros”, “philia”, “ágape”- Jainkoak gizakiari dion maitasunaren arlo oinarrizko batzuk zehaztuz, bai eta maitasun horrek giza maitasunarekin duen lotura agertuz. Bigarren zatiak hurkoarekiko maitasunaren agindua gauzatzeko ekintza zehatzaz dihardu.


LEHENENGO ZATIA: “Maitasunaren batasuna kreazioan eta salbamenaren historian”
“Maitasun” terminoak, hitzik erabili eta erosionatuenetako bat gaur egun, arlo semantiko zabala dauka. Esanahi ugari hauen artean, gizasemearen eta emakumearen arteko maitasuna gailentzen da bikaintasunaren eredu legez. Antzinako Grezian “eros” izenez definitzen zen. Biblian eta, batez ere, Testamentu Zaharrean, “maitasun” kontzeptuan sakontzen da: “eros” hitzetik aldendu eta “ágape” kontzeptura hurbiltzen da, oblazioa den maitasuna adieraztearren.

Kristau sinismenean, gizakia espirituz eta materiaz osaturiko izakia da eta bere baitan biak uztartzen dira noblezia berria erdietsiz. “Eros” delakoa, Kreatzaileak berak gizakiarengan ezarria, diziplina, purifikazioa eta heldutasunaren beharrean dago, hain zuzen ere bere jatorrizko duintasuna ez galtzeko eta “sexu” hutsa ez bilakatzeko, merkantzia hutsa ez bilakatzeko, azken finean.

“Eros” delakoa, hasiera batean desioa da batez ere, baina beste pertsonarengana hurbildu ahala, bere buruaz gutxiago galdetu eta bestearen zoriontasuna bilatuko du, bestearentzat “izatea” bilatuko du: horrela bere baitara bildu eta “agaperen” unea sendotzen da.

Jesukristorengan –Gizaki egindako Jainkoaren maitasuna bera- “eros”-“ágape” delakoak bere muina jadesten du. Gurutzean hiltzean, Jesusek, gizakia salbatu eta goratzearren bere burua eskainiz, modurik gorengoenean adierazten du bere maitasuna.

BIGARREN ZATIA: “Caritas, Elizaren maitasun-jarduna “maitasun-elkarte” legez”

Lagun hurkoarekiko maitasuna, Jainko-maitasunean sustraitua, sinestun bakoitzaren betebeharra izateaz gain, eliza-elkarte osoarena ere bada, bere maitasun jardunean maitasun trinitarioa islatu behar baitu. Betebehar honen kontzientziak garrantzi sortzaile bat izan du Elizan haren hasiera-hasieratik eta oso goizetik antolakuntza jakin baten beharrizana ikusi zen modu eraginkorragoan praktikan jartzeko.

Pontifize-irakaspenetan, Leon XIII.aren “Rerun novarun” (1891) entziklikatik hasita eta Joan Paulo II.aren “Laborem exercens" (1981), "Sollicitudo rei socialis" (1987), "Centesimus annus" (1991) trilogiara, gizartearen gaiari erreparatzen zaio behin eta berriz. Egoera arazotsu eta, beti, berrien aurrean oso gizarte-dotrina artikulatua garatu du, Eliza beraren mugetatik haratagoko orientazioak proposatuz.

Agi denez, garrantzitsua da oso Elizaren karitate-jardunak bere nortasuna ez galtzea, laguntza-erakunde hutsa bihurtuz edota berorren aldaera arrunta bilakatuz, ezpada bere argitasun osoari eutsi diezaiola, era berean kristau- eta eliza-karitateari eutsiz.

Beraz, otoitzaren garrantzia azpimarratu beharra dago. Kristorekin hartuemon biziak beharrizan handiak eta norberaren mugak egiaztatzean sortutako ideologia oker bat saihesten du. Ideologia oker horren arabera, oraintxe egin behar dira Jainkoak egin ezin bide dituen gauzak. Otoitz egiten duenak ez du denbora alferrik galtzen. Otoitza dagianak munduko iluntasuna eta egoismoa garaitzen dituen argia eta indarra lortzen ditu, Jainkoarengandik lortu ere.

Tuesday, January 24, 2006

Valentzia Aita Santuaren etorreraldirako prestatzen ari da


2.300 bonluntario baino gehiago erregistratu dira Aita Santuak Familien Topaketa Mundialerako egin duen deialdian

24 - I - 2006


AVANeko erakundekoek adierazi dutenez, boluntarioen artean badaude ikasleak, senar-emazteak, etxeko andreak, medikuak, psikologoak ekonomistak, etab., bai Balentziakoak, bai munduko beste herrialdetakoak. Hauen adina 16 eta 70 urteen artean dago. Espainia ondotik boluntario gehienak Brasil, Peru, Argentina, Italia, Mexiko eta EEBBetakoak dira.

Erregistratu diren azkenenkoak Kongoko Errepublika Demokratikoko hogei pertsona dira, Kameruneko beste horrenbeste, eta Mazedoniako beste hogeita hamar.

Joan den asteburuan boluntario askoren selekzioa egin zen, batzuk itzultzaileen zerbitzuan lan egiteko eskaini dira, hauen artean badaude bi gazte txinoa eta grekora dakitenak.

Selekzioa bukatu ordurako adieraziko dira boluntario bakoitzaren eginbeharrak. Hauen artean partaideen laguntza eta harrera ematea garraiobideetako geltokietan dago; informazioa ematea hiri osoan jarriko diren postuetan, prentsako bulegoan lan egitea; itzulpen eta interpretazio zerbitzuak, baita autoritateen eta taldeen laguntza eta koordinazioa.

Hiri horretako familia eta familia ugaritsuen elkarteak (AVAFAM) erromesen harrera etxeetan bultzatzen ari da. Horretarako, 1500 familia dituen elkarte hori hasi da galdetzen zenbat egongo liratekeen prest erromesak beren etxeetan hartzeko .

Familien Topaketa Mundiala hiru urtero ospatzen da familia den dohaina Jainkoari eskertzeko. Bost kontinentetako milaka familia biltzen ditu bere baitan, elkarrekin otoiz eta hitz egiteko, ikasteko, konpartitzeko, eta familia kristauak duen garrantzian sakontzeko.

“Gizartearen etorkizuna familian sortzen da” adierazi zuen Joan Paulo II.nak topaketa hauek sortu zituenean.

Joan Paulo II.nak erabaki zuen datorren topaketa Valentzian 2006ko uztailean ospatzea, duela gutxi Benedikto XVI.ak berretsi duen bezala.

Tuesday, January 17, 2006

Mezatara, zer dela eta? (X)




— Tira, aldez aurretik esaten dizut: Meza ospatu behar dudala eta gure elkarrizketa beste egun baterako utzi beharko dugu. Eta zuk, ez duzu gaur estudiatu behar?
— Ez, atzo amaitu nituen azterketak. Jarraitu, interesgarria da eta.
— Hala bada jarrai dezagun. Gero Ofertorio edo Eskaintza dator. Bertan Jainkoari ogia eta ardoa eskaintzen zaizkio, Sakramentua egikaritzeko erabiliko direnak. Agian sekula ez diozu detailetxo bati erreparatu. Ba al dakizu zergatik botatzen dizkion apaizak ur tantatxo batzuk ardoari, eskaintza egin aitzin?
— Ideiarik ere ez.
— Jesukristok horrela egin omen zuen azken afarian, israeldarrek ardoa mehetzeko halako ohitura baitzuten. Baina bakoitzak Mezatan zer egin behar dugunaren sinboloa da. Urak ez du ez zaporerik ez kolorerik, balio gutxi du ardoaren aldean. Ardoarekin nahastean diluitu egiten da, ardo bilakatzen bide da. Gure lan eta nekeek ere gutxi balio dute, baina Kristoren Sakrifizioarekin bat egitean amestu ezineko balioa hartzen dute; gure bizitza antzaldatu egiten da, jainkotu. Bazoaz ulertzen zertan datzan gure Mezatan parte hartzea?
— Zerbait gehiago, bai. Eta zertarako pasatzen da saskitxoa, kandelak eta argia-indarra ordaintzeko?
— Bat ere ez duzu asmatzen. Antzinean, besteei elkartasuna adierazteko, batez ere pobreenei, jendeak ofertorioan edo eskaintzan bere gauzak eskaintzen zituen: animaliak, ogiak, kipulak, gaztak, eta abar, eta gehien behar zutenen artean partitzen ziren. Gaur egun horrelako gauzak bildu ordez, saskitxo bat pasatzen da helburu horrekin praktikoagoa baita. Izan ere, zer eginen dugu hemen hiru oilasko eta lau gaztarekin?
— Jan, jakina…; edo banatu.
— Bai, hori egun batean egiten ahal da, baina hobeki dago gaur egiten dena, horrela behar denerako errazago bideratzen da.
— Adibidez, kandelak erosteko, ez? Arrazoia neukan ba!
— Alde batetik bai, bestaldetik ez. Ba al dakizu zein den Elizaren bosgarren agindua?
— Ez duzu inor hilko.
— Ez horixe, hori Jainkoaren Legeko bosgarrena da. “Eliza bere behar izanetan laguntzea” da. Norberak, bere aukeren arabera, Elizari lagundu behar dio. Hori, normalean Mezatik kanpo egiten da, baina “saskitxoa pasatzen” denean ere egiten ahal da.
— Eta zenbat bota behar dut nik?
— Hara, begiratu zenbat gastatzen duzun hilean eta kontutan hartu Elizaren beharrak edo premiak, ez parrokiarenak soilik. Zure kasuan… hauxe proposatzen dizut: dibertitzeko gastatzen duzunaren ehuneko bost.
— Ummmm… agian gehiegitxo gastatzen dut…
— Nire proposamena ez zaizula gustatu ematen du.
— Tira, pentsatuko dut.
— Beste egunen baten parrokiaren gastu “handiak” zeintzuk diren esango dizut, jakinaren gainean egon zaitezen; eta Misioen gastuak eta seminarioarenak eta…
— Badiotsut, pentsatuko dut.

Friday, January 13, 2006

Mezatara, zer dela eta? (IX)



— Eta, jakina, Jesukristorekin bat egin behar da.
— Eta nola egiten da hori?
— Galdera ona; izan ere, nor zara zu edota nor naiz ni Jaungoikoarengana jotzeko? Deus ez. Gure merituekin nola aurkeztuko gara Jainkoaren aitzinean? Jesukristorekin batera, berriz, Jainkoaren Semea gizon egina denarekin batera, hain zuzen, ahalguztidun bilakatzen gara. Horretarako etorri zen Jesukristo lurrera, gutako bakoitza, pertsonalki Jainko Aitarekin “konektatzeko”. Ohartzen bazara apaizak esaten dituen otoitza guztiak Jainko Aitari zuzenduta daude Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Horrela hobeki jasoko ditu. Bazen behin gizon bat bere Aberriko Lehen Ministroari mesede bat eskatu nahi ziona. Kasua egin ziezaion zer egin behar zuen zerabilen buruan eta halako batean haren emaztea ikusi zuen semetxoa orgatxo edo kotxetxoan zeramala. Zer egin eta bere eskaera-gutuna semetxoaren orgatxoan utzi egin zuen eta gutuntxoan hauxe idatzi zuen: “Berorren semearen bidez eskatzen diot”. Hori ikusita, ministroari gustatu egin zitzaion gizon haren “ausardia” eta eskatu ziona eman zion. Ba Jainkoak gauza bera nahi du: gure eskaeran bere Semearen bitartez egin diezazkiogula. Eta hirugarrenez Mezaren ohikuneak ezagutu behar dira, haietan “murgiltzeko”. Baina deus azaldu aitzin, badakizu zeintzuk diren Mezaren helburuak?
— Ba… gurtza ematea, bilduta egotea…
— Ez zehazki. Bai, Jainko Aitari gurtza eman behar diogu, baina hori “Mezaren helburuak” direlakoen bitartez egiten da, eta hauexek dira: adoratzea, eskerrak ematea, barkamena eskatzea eta bestelako ondasunak eskatzea. Hau erranta, Meza Hirutasun Santua deituz hasi eta bukatzen da. Otoitza hauek parentesi modukoak dira: beraien barnean kokatzen da Meza osoa. Hastapenaren gibelean, barkamena eskatzen da.
— Eta norbera aldez aurretik konfesatu egin bada?
— Esana dizut, Maialen, Meza probetxuz bizitzeko Jainkoaren grazian egon behar da, Jaunartzeko beharrezkoa baita. Baina une horretan barkatutako bekatuen barkamena eskatzen diogu, eta baita oraingo bekatu arin edota maitasun-hutsuneengatik. Apaltasun ekintza bat egiten dugu Jainkoaren aldarera hurbiltzeko duin ez garela aitortuz. Ondorenean, “Aintza” delako gurtza eta laudoriozko otoitza polita errezatzen dugu. Gero Eskritura saindutik bizpahiru irakurketa egiten da, festa den edo ez denaren arabera.

Thursday, January 05, 2006

Mezatara, zer dela eta? (VIII)



— Pasa naiteke, On Bixente?
— Aurrera, Maialen.
— Ah, okupatuta dagoela ikusten dut. Meza bat enkargatu nahi nion... baina geroago etorriko naiz.
— Konforme, Maialen.
— Aizu, On Bixente, Mezak “enkargatu” egiten dira?
— Egiten dena da apaizari enkargatzea intentzio baten alde esan dezan.
— Ba, nik ekainerako bat enkargatu nahi diot; izan ere...
— Hobeto estudiatzeko, ez? Egin behar dena da estudiatzea. Badakizu, “Jaungoikoari erreguz eta lanari mailuz”.
— Tira. Portzierto, zalantza bat daukat. Lehen gurtza edo kultua ematearena aipatu du berorrek. Apaizak gurtza ematen badu, zertarako joan behar naiz ni?
— Zeuk ere gurtza eman dezazun. Meza bakoitzean Eliza modu mistikoan presente egiten den arren, kontua da zuk ere sakrifizio horrekin bat egitea. Apaiza ezinbestekoa da, jakina, apaizik gabe ez dago Mezarik, ez dago “gurtza objetiboa” deritzonik. Baina, behin Kristo agertu eta Jainko Aitari eskaintzen denetik –apaizaren bitartez-, zu ere Kristoren bidez Jainko Aitari eskaintzen ahal zatzaizkio.
— Nola da hori?
— Ez al duzu entzun zer den Mezan parte hartzea?
— Bai, nire lagun batek bere parrokiako koruan kantatzen du, Josetxo, eta nire anaia txikia mezalaguna da hemen.
— Bai, badakit. Baina kontua ez da hori. Kanpo-parte hartzea garrantzitsua da, baina hori baino garrantzitsuagoa barne-parte hartzea da. Norbera Mezatara badoa eta era pasiboan badago atarramendu gutxi aterako du. Elizako aulkiak ere hor daude, eta uste al duzu parte hartzen dutela? Eta zenbat Mezetan egon dira gero! Bakar batean ere ez dute hutsik egiten. Izan ere, parte hartzea da espirituz hor egotea. Jakina, lehenengo gauza da Mezatan egotea, baina behin egonda...
— Hori, hori, ni mezatara joaten banaiz.... zer egin behar dut?
— Agian pentsatzen ari zara esku hartu behar dela zerbait irakurtzen, zerbait eramaten, “antzezten” edo kanta berezi bat kantatzen. Ba ez, zerorren aulkitik erabateko parte hartzea izan dezakezu eta esango dizut nola. Baina ezer baino lehen grazian egon behar da, badakizu zergatik?
— Beti grazian egon behar delako.
— Halaxe da; izan ere, Jaungoikoari gurtza emateko hau oinarrizkoa da. Bestenaz, bizikletaz kilometro mordoa egin baina bizikleta estatiko batean egitea bezalakoa da. Ez du lurra ukitzen, eta, beraz, ez da bere lekutik mugitzen. “Goiko” bizitza ukitzeko eta berorretan aurreratzeko grazian egon behar da.

Monday, January 02, 2006

Nafar Ondarearen eta Artearen Katedra Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, antzinako Nafarroako jaiotzei buruzko liburu bat argitaratu du


Bere egilea, Ricardo Fernádez Gracia, Nafarroako Unibertsitateko irakaslea, XII eta XIX arteko Nafarroako jaiotzak ikertu ditu

31 - XII - 2005


Agustindar errekoletoen erakustokia, XVIII. mendekoa
Liburua Jesus María Omeñacari eskainita dago, Arte Ederren Akademiakoa Nafarroakoa arteren zaintze eta promozio ekimenengatik. Liburuaren idazlea, Ricardo Fernández Gracia, Katedrako irakasle eta zuzendariordea hau “Eguberria arteetan” zikloan aurkeztu zuen.


Belenes históricos en Navarra. Figuras para la memoria orain arte bildutako materiala da- adierazten zuen irakasleak- baina oraindik lan handia dago egiteko. Alde batetik herrietako despopulatzea eta bestetik etxe zaharren uztea azkeneko urte hautan jaiotza askoren galtzea eragin du.


Ala eta ere, iritsi zaizkigun jaiotzei esker, ikertzaile honek ikusi ahal izan du beste garaiko jaiotzak era bat ezberdinak zirela. Liburu honetan biltzen direnak hispaniar jaiotza sinbolokoen adierazgarriak dauzkate. Ez dute proportziorik errespetatzen ezta oraingoen arau historiakoak.



Karmeldar oinutsen San Jose komentuko jaiotza, Nafarroako zaharrena


“Nafarroa ez zen gelditu alde batera XVII. mendetik haurrera europan zehar eman zen jaiotzen zabalketan. Garai hartan noblezia, eta instituzio erlijiosoek saiatu ziren jaiotza gero eta elaboratuagoak erakusten” adierazi zuen Ricardo Fernándezek.

Agustindar errekoletoen jaiotza, XVIII. mendekoa

Lehendabiziko irudikapen tridimentsionalari buruz, ikertzaileak adierazi zuen XVII. mendekoa izan zela, Iruñeko Karmeldar oinutsen San Jose komentuan zeukatena. Beste aldetik hobekien kontserbatuta dagoen jaiotza monumentala hiri berako Agustindar errekoletoen komentuan dago.


Era berean, jaiotza nabarmenak altxatzen dira, XVIII bitrinetan eta erakustokietan, baita ere egur polikromatutako talde bat Mendigorriako elizarako 1825an Juan Jose Veraz irudigileari enkargatua. Hain zuzen ere XIX. Mendean talde hauek herrikoi bihurtu ziren Espainia osoko etxeetan. Nafarroan fama berezia hartu zuten “barros murcianos” deitzen zitzaienak.

Mezatara, zer dela eta? (VII)





― Jainkoak ederki zekik zer datorkigun ongi eta horregatik eskatu ziguk gure sinesmena jendaurrean agertzeko festa egunetan mezatara joanez. Nolabait, horrelaxe ez baduk ere, Jesusek lista pasatuko balitz bezala duk, ea baten bat falta den. Ah! Bertze gauza bat: puntual ailegatu behar duk.

― Jakina, dentistarengana edo zinera joatea bezala.
― Halaxe duk
― Eta pixka bat berandu ailegatzen bada?
― Norberaren erruz ez baduk eta “Ofertorio” edo “Eskaintza” baino lehenago iritsiz gero, Mezak balio dik. Norberak ikusi behar dik ea zergatik den: autoa hondatu zaiolako, erlojua gaizki duelako, edo… interesa falta dagoelako. Izan ere, Meza osorik entzutea duk hasieratik bukaera arte, ados?
― Bai, bai. Eta berori ez da inoiz berandu ailegatzen?
― Inoiz ere ez.
― Ah, jakina.
― Oroitzen nauk, Elizaren historia ikasten nengoela, gertaera harrigarri bat kristauek Mezatara garaiz iristeko zein interesa zeukaten adierazten zuena. 380. urtean Valente enperadoreak katolikoak jazarri zitian. Edessan izan zuan hori, gaur egungo Irak delakoan, kristau asko zeudean eta enperadoreak elizak ixteko agindu zian. Kristauak igande eta festa egunetan leku jakin batean biltzen zituan ofizioetan parte hartzeko. Enperadoreak, hau jakinik, heriotz zigorra agindu zian leku hartan biltzen zirenendako. Modesto izeneko Hiriko alkatea edo prefetuak, berriz, hain ankerra ez zenak, sekretuki ohartarazi zien kristauei leku hartan bildu ez zitezen. Lortu zuena hauxe izan zuan: are jende gehiago biltzea, festa egunak santifikatzeko; poz-pozik zihoazaan bizitza ere emateko gertu. Haien artean emakume txiro bat zegoan, bere haurtxoa besoetan zihoalarik, mezatara abiatu zena. Garaiz ailegatzeko etxeko atea ixten ere ez zian denbora galdu nahi. Modesto alkateak hori ikusi eta hauxe galdetu zioan:
― Nora hoa hain presaka?
― Festak santifikatzera.
― Baina ez al dakin heriotzara hoala?
― Bai, badakit; eta horregatik noa horren bizkor, nire eta neure semearen bizitza hain gauza santuaren alde eskaintzeko aukera ez galtzearren.
Modesto, adore horrekin zeharo harrituta, enperadorearengana jo zian, haren erabaki ankerra bertan behera utzi zezan.
― Haiek bai zutela sinesmena, arraioa!
― Meza zein garrantzitsua den jakin behar duk, horixe duk kontua.
― Bai, baina norberaren lagunak ez baldin badira joaten eta elizan adineko jendea besterik ez balin badago…
― Izan ere, han zer gertatzen den badakitenak egoten dituk. Hire lagunak ez badoaz, baliteke inork ez diela deusik ere esplikatu. Agian, heuk azaltzen badiek elizetan jende heldua ez ezik, gazte jendea ere egoten hasiko duk. Eta ez badituk joaten, ba egin heuk egin behar duana; izan ere, erlijioa ez al duk norberaren eta Jainkoaren arteko kontu bat? Oso erraza duk esatea ni ez naizela joaten bertzeak joaten ez direlako.