Total Pageviews

Saturday, March 11, 2006

Afektibitatea heztea




Gizakiongan bihotzak, adimenak eta borondateak “bizilekua partekatzen dute”. Bata ez da bestea baino hobea. Bihotz handia izatea ez da arriskutsua berez. Behintzat ez da adimen edo borondate sendoa izatea baino arriskutsuagoa; izan ere. adimena, bikaina izan arren, gauza txar baterako erabilia izan daiteke. Borondatea, gauza bera: ondo erabilita, tresna itzela da, baina txarto erabilita hondamendira eraman gaitzake. Erraten dute Hitler oso borondatetsua eta diziplitanua izan zela: aszeta baten jitea zeukan. Baina emaitza begi bistakoa da.
Gizakiok afektuak dauzkagu (bihotza adierazteko beste modu bat). Kristau batentzat afektibitatearen heziketa oso gune garrantzitsua da: azken finean, gure kristautasuna dago jokoan. Afektuak ez dira gure arimaren gidari izan behar, baina haiek gabe ezin dugu kristau bizitzari eutsi, edo ezin dugu kristautasun osasuntsu bat bizi. Gogora dezagun, zertan desberdintzen diren, besteak beste, protestanteak katolikoengatik: edo sentimenduak arbuiatzen dituzte (anglikanoak) edo gauza guztien gainetik jartzen dituzte (sekta berriak).
Jaunak bera “bihotz-bihotzez” maitatzeko agintzen digu, ez adimenez soilik. Egia da, egin behar duguna egiterakoan (gure lana betetzea, familia betebeharrei ekitea, ezkontidea edo seme-alabak maitatzea, Jauna maitatzea...) batzuetan –ez beti, zorionez- bihotzak huts egiten digu, afektibitatea lozorroan murgiltzen da edo kontra jarri. Leialtasuna edota borondatearen unea da. Baina egia da baita ere, batzuetan ez dugula asmatu gure afektuak hezten. Egin behar dugun horretan gure barnea jartzen ikasi behar dugu aurrena, eta gero seme-alabei irakatsi. Maitatu behar dugun Hori ondo eta bihotzez maitatzen ikasiko bagenu aurrerapauso bat eginen genuke.
Gaur egun familietan eta gazte jendearen artean arazo anitz baditugu: droga, alkoholismoa, elikadura arazoak (anorexia, bulimia), suizidioak, ezkontzaz kanpoko haurdunaldiak, sendikoen arteko ulertezina edo komunikaziorik eza... Horiei guztiei aurre egiteko informazioa ondo dago baina ez da nahikoa. Konponbidea, kasurik gehienetan, afektibitatearen heziketan datza eta goizetik hasi behar da: familian hain zuzen, nahiz eta gero norberak ibilbide horren lema hartu behar duen, norabide egokian beti ere. Gazte alkoholiko bat, esaterako, eta Espainian 7 gaztetik batek menpekotasun sendoa dauka, ez da bat-batean sortu. Prozesua krisialdi afektiboetan sortu da, eta gazteak hara jo du arazo horretatik ihesi. Beraz, jakitun izan gaitezen bihotz-eskolaren garrantziaz. Ondorengoetan zehazten jarraituko dugu.

No comments: