Total Pageviews

Tuesday, March 14, 2006

XABIERKO SAN FRANTZISKOREN BESOAREN ERLIKIA


Santuaren erlikia Erromatik Xabierrera eraman da, seguritate neurri zorrotzak harturik, eta ikusgai egongo da apirilaren 20ra arte

Hiru mila lagun baino gehiagok hartu zuten parte, 2006ko martxoren 3an, Iruñako katedralean egindako elizkizunean Xabierko San Frantziskoren eskuineko besoko erlikia jaso eta beneratzeko. Santuaren erlikia Erromatik Xabierrera eraman da, seguritate neurri zorrotzak harturik, eta ikusgai egongo da apirilaren 20ra arte.

Arratsaldeko seiak baino lehentxeago, katedralaren aulkiak zeharo beteta zeudela, katedralaren eta aldameneko parrokiaren baten kanpai-hotsek eman zuten Xabierko San Frantziskoren besoko erlikiaren etorreraren berri.

Artzapezpikuak klaustroko irteerako atearen ondoan egin zion harrera, eta handik prozesioan presbiterioraino izan zen eramana, elizaren hegaletako nabeetan zehar. Han, aldarearen aurreko mahai baten gainean ipini zen, santu nafarraren XVIII. mendeko zilarrezko erlikia-ontziaren oso gertu. Hau, Urte Xabiertarraren lekuko dago hor jarria.

Fernando Sebastian artzapezpikuak otoitz bat errezatu zuen, eta ondoren irakurri zituen Xabierko San Frantziskok Loiolako San Inaziori idatzitako eskutitz batzuen zati batzuk.

Ebanjelioaren pasarte baten irakurketaren ondoren artzapezpikuaren hitzaldia izan zen. Nafarroako patroi santuaren erlikia jasotzearen garrantzia azpimarratu zuen, “bizitzako eredua eta Elizaren aintza” delako. “Erlikiak gerturatu egiten gaitu – zioen - gizon haren errealitate historikora; berak bere burua Jaungoikoari eman zion, leialtasun harrigarriaz”. “Horregatik, - jarraitu zuen – ohoratuak eta hunkituak gara, eta bultzatuak Jaungoikoari aintza ematera, fedearen dohainagatik eskerrak ematera eta paganotasunak tentaturiko mundu honetan gure sinesmena bizitzera”. Era berean, eskatu zuen santu nafarraren jarraibideak eta bitartekotasunak “geure fedea sendo dezaten eta kristau misiolari eta Jaungoikoaren egiaren lekuko izateko adorea eman diezaguten”.

Biharamunean, martxoaren 4a, larunbata, Xabierko San Frantziskoren omenezko Graziaren Bederatziurrenaren lehenengo eguna egokitu zela, erlikia prozesio nagusian izan zen eramana parrokiatik Xabierko Gazteluko basilikaraino.

Hurrengo bi igandetan Xabierada izan ziren. Hotza hotz,10.000 erromes

bertaratu ziren martxoaren 5ean Xabierko Gazteluaren zelaigunean ospatu zen Eukaristiara. Horrela eman zitzaion amaiera 2006ko lehenengo Xabieradari.

Fernando Sebastian Monsinoreak, Xabierraldien 66. edizioaren hitzaldian eskatu zuen, batez ere gazteei, ez dezagun utz geure burua Elizaren aurkako laizismoak eta ongizate berekoiak eramana. Era berean, urte honetarako bere gogoak agertu zituen: “aurten esanahi eta indar bereziak dituzte Xabierraldiek.

Badira bostehun urte gizon miresgarri hau, gure Patroi Santua den kristau ospetsua, hemen jaio zela. Beraren oroimenez bildurik gaudela, nahi genuke aurtengoa izan dadila jubileu-urtea, urte santua bereziki, otoitz urtea, eta gure kristau bizitza eta misioa berritzeko urtea”

Erlikia datorren apirilaren 20ra arte izango da Xabierren, fededun guztiek hurbildu, ikusi eta beneratu ahal izateko.

No comments: