Duela gutxi ETAkoek komunikatu bat atera dute. Ez naiz aztertzen hasiko; izan ere, hain balio eskaseko komunikatuek ez dute, nire ustez, arretarik merezi, hain pobreak dira intelektualki.
Hala ere, konfirmatzen da lehengo lepoan dutela burua: alegia, sormen tantarik batere ez daukatela. Hori bai, betiko erretorika: "Oker dabiltza..., oker dabiltza..., oker dabiltza...". Jakina, beste guztiak oker dabiltza, eurak izan ezik. Hau bai ekarpen ederra, Euskal Herriak merezi duena!
Eta, nola ez, betiko diskurtsoa kartzelan (erakundearen erruz) daudenen alde: "Kartzelan, atzerrian edota sasitan independentziaren alde eguneroko borrokan guztia ematen ari diren gudari" heroikoak ei dira eta. Ironia bat datorkit burura, baina saihestuko dut eta modu zuzenagoan esango dut: ez al zarete oraindik konturatu euskal herritar gehien-gehienok (baita euskal abertzaletasunako askok ere) aspaldi esan geniola ezetz bonbak jartzeari, tiroei, bahiketei, pertsonak akatzeari?
Badakit, zuen alde ez gaudenok hutsaren hurrengotzat hartzen gaituzuela, gu ez omen gara "Euskal Herria" eta. Baina gehiengoak gara eta zuendako ere hobe izanen da gu kontuan hartzea, zuei ere sufriarazten dizuen liskar luze honek amaiera zoriontsua eta behin-betikoa izan dezan. Guztien onerako, baita kartzelan daudenendako.
No comments:
Post a Comment