Total Pageviews

Monday, June 06, 2005

Tríptico Romano (traducido al euskera) / Triptiko Errromatarra - JUAN PABLO II

Joan Paulo II.aren Triptiko Erromatarra. Sarrera eta itzulpena. Asier Barandiaran (2005eko martxoan itzulia) Sarrera Gure Aita Santu honek harritzen gaitu uneoro. Bat baino gehiago ahozabalik geratu zen Madrileko “Cuatro Vientos” aerodromoan erakutsi zuen indarra eta jendearekin konektatzeko gaitasuna ikusita. Duela gutxi gutun entzikliko bat idatzi digu Eukaristiari buruz: benetako altxorra edozein kristaurentzat. Eta hori gutxi bailitzan, poesia liburu bat argitaratu digu. San Antonio unibertsitate katolikoak argitaratu berri du Triptiko Erromatarra izenburupean (Tríptico romano). Aita Santuak polakoz idazten du, bere ama hizkuntzan. Edizio honetan gaztelerara itzuli duena Bogdan Piotrowski izan da, Colombiako La Sabana unibertsitateko irakaslea. Hemen olerki horiek euskaraturik agertzen ditugu. Zergatik idazten du poesia Aita Santuak? Betidanik izan du lagun poesia Wojtylak. Gaur egun ere, Joan Paulo II.ak garaikideak garen guztiokin elkarrizketa bat izan nahi du. Eta kulturaren agerpen bat den poesiara jo du oraingoan. Izan ere, kultura Aita Santuarentzat ez da edergailu hutsa, berarentzat artea ez da dekorazia. Biak egia bilatzeko baliabideak ditugu, gizakiaren barne sakonera ailegatzeko bidea. Eta poesia harridura bilakatuko da bizitzaren sakralitate, gizaki eta unibertsoko mirarien aurrean. Karol Wojtyla, 1978an Aita Santua izendatua izan baino lehen, hamarkada luzeetan harremanetan ibili da literaturarekin. Antzerkigintza eta poesia izan dira, bereziki, berak landutako generoak. Duela gutxi, 2001. urtean, bere Lan literario guztiak izeneko liburua argitaratua izan da Bompiani argitaletxean. Juan Paulo II.a, teologoa izateaz gain, filosofo trebea ere bada. Baina literatura, edota, zentzu hertsiagoan poesia, ez dauka saltzeko. Urte eta urteetan uste izan da poesia eta filosofia ez direla bateragarriak. Izan ere horrela zioten batzuek, filosofia eta poesia espirituaren aplikazio kontrajarriak dira: filosofiak “nozioak” sortzen omen ditu eta poesiak espirituaren aldartea adierazten du, bere atsegin edo lirikotasun punturik gorenean. Baina zorionez, dikotomia hau gainditu egin da. Poetak kontzeptu filosofikoak erabil ditzake, ez eztabaidagai, ezpada begiestatze-gai edota kontenplazio-gai. Hala egiten du Aita Santuak bere Triptiko Erromatarra izeneko liburuan. Filosofoak kontzeptuen bidez adierazten duena, poetak “ikusi” egiten du eta irudien bidez adierazi. Baina nahiko da hitzik eta errepara diezaiegun Aita Santuaren olerkiei. Triptikoaren aurreneko aldean, errekastoak gizakiaren bizitza irudikatzen du eta uren jarioak denboraren joana. Honen bidez, era artistiko batean, Sorreraren Hastapenera hurbildu nahi gaitu Juan Paulo II.ak, beti ere irakurlea elkarrizketa horretan barneratua sentitzen delarik. Bigarren zatian, «“Genesis liburuaren” gaineko gogarteak Sixtoren kaperako atalasean» deiturikoan, munduaren eta gizaki bakoitzaren Sorrera eta Amaieraren inguruan brodaturiko zenbait hausnarketa biltzen ditu eta irudi iradokigarriz agertu. Gizakiok Jainkoaren antz eta irudiko sortuak garela gogoetagai du Aita Santu Jon Paulo II.ak, eta horregatik, hain zuzen, ikusi zuen egin zuena ona zela. Gu ere, Jainkoarengandik gatozela jakitun izatean, Sortzailearen –gure Aitaren‒ poz berberaz gozatzeko gai izango gara. Bigarren zati honetan, Aita Santuak gogora ekartzen du bera aukeratua izan zeneko konklabea, eta gomendio bat ematen die bere heriotzaren ostean bilduko diren kardinalei: kontutan har dezatela Michelangeloren ikuskaria, Judizioaren ikuskaria, non dena agerira aterako den, non dena ikusten duen Horrek argia erakutsiko digun. Eta triptikoetan ohi denez, hirugarren zatia da azkena. Lau olerki ditu azken zati honek. Abranen erabakiari buruz dihardu. Izan ere, erabaki ausarta izan zen: Norbaitek hitz egin zion eta hari kasu egitea erabaki zuen. Bere lurraldea, bere erosotasuna, bere bizitza utzi eta, Norbait horrengan sinesmena jarrita, lurralde ezezagun batera abiatu zen. Horixe da gizaki bakoitzari egiten zaion deia: ditugun erosotasunak albo batera utzi eta maite gaituen Norbaitek deitzen digu. Eskatzen diguna da Harengan gure konfiantza uzteko, Haren egitasmoez fidatzeko. Zer besterik nahi du Jainkoak gu zoriontsuak egitea baizik? Jauna ordaintzaile ona da. Guk gizaki bezala ematen dugu, Berak Jainkoak bezala ordaintzen du: “nazio askoren aita eginen zaitut, lurreko hautsa bezain ugari egingo ditut zure ondorengoak”. Bateko ehun mundu honetan, eta bertzean… Iruñean, 2005eko martxoan

 I. ERREKASTOA Ruaj Jaunaren Espiritua uren gainean hegatzen ari zen… 1. Harridura Oihanaren ertza beheruntz doa mendi errekastoen erritmoan eta erritmo horretan ezagutarazten nauzu, Betiereko Hitza. Zeinen harrigarria den Zure isiltasuna sortutako mundua agertzen den orotan… oihanaren ertzarekin batera maldan behera guztietan beheruntz doana… errekastoaren urjauzi gardenak herrestan daraman oro goietatik beheruntz erritmikoki jaisten dena bere jarioak bultzatua, eramana… -eramana, nora? Zer diostazu, mendiko errekastoa? Zein lekutan zaude nirekin batera? nirekin, zure antzera ibilian noana… Zure antzera? (Utzidak hemen gelditzen- utzidak hemen, mugan, gelditzen, hona hemen harridurarik xaloena). Erortzean, errekastoa ez da harritzen. Eta oihanak, emeki-emeki errekastoaren erritmoan beheruntz doaz -baina, gizakia harritzen da! Mundua zeharkatzen duen muga harridurazko muga dugu. (Antzina harridura honi “Adan” deitu zioten). Harridura honetan bakarrik nengoen harritzen ez diren izakien artean - existitzea nahikoa dute aurrera jarraitzeko. Gizakia haiekin batera zihoan harriduren uhinean. Harritzerakoan, zeraman uhin horrek, inguruan deadarka bailegon honela zioen: “geldi! –niregan portua duzu”, “niregan elkargunea duzu Betiereko Hitzarekin”- “geldi, igarotze honek badu zentzua”, “badu zentzua… badu zentzua… badu zentzua!…” 2. Iturria Oihanaren ertza beherantz doa mendi-errekastoen erritmoan… Iturria aurkitu nahi baduzu, gora jo beharko, ur-emariaren kontra. Saia zaitez, bila ezazu, ez etsi, hemen dagoela jakitun zara-. Non hago, iturria? Non hago, iturria?! Isiltasuna.. Errekastoa, mendi-errekastoa, utzidak hire iturramaren misterioa ikusten! (Isiltasuna –zergatik hago isilik? Zeinen txukun gorde duzun zure hastapenaren misterioa.) Utzidak iturriko uretan, ezpainak bustitzen, freskotasuna sentitzen, freskotasun bizigarria.


 II.”GENESIS LIBURUAREN” GAINEKO GOGARTEAK SIXTOREN KAPERAKO ATALASEAN 1. Aurreneko ikuslea “Berarengan bizi, mugitu eta existitzen gara” ―dio Paulok Atenaseko Aeropagoan―. Nor da bera? Dena bere baitan hartu eta adierazi ezin den espazioaren antzekoa da―. Bera Sortzailea da: Bere baitan dena hartzen du ezerezetik existentziara deituaz, eta ez hasieratik soilik, betirako baizik. Denak berdin dirau, etengabe aldatuz―. “Hasieran Hitza zen eta Berarengandik dena egina izan zen”. Hasieraren misterioa Hitzarekin batera jaio da, Hitzarengandik datorkigu. Hitza ―Betiereko ikuskaria eta betiereko adierazpena. Berak, sortu zuen eta, ikusi zuen ―”ona zela ikusi zuen”, guk ez bezala ikusi zuen, Bera ―aurreneko ikuslea― begirale. Ikusi zuen, Bere Izatearen, Bere osotasunaren lorratza ikusten zuen gauza orotan―. Ikusi zuen: Omnia nuda et aperta sunt ante oculos Eius1― biluzik eta garden― benetako, on eta eder―. Guk ez bezala ikusi zuen. Betiereko ikuskaria eta betiereko adierazpena: “Hasieran Hitza zen eta Berarengandik dena egina izan zen”, dena non bizi, mugitu eta existitzen baikara. Hitza, goragarria den Hitza ―betiereko Hitza izan den, den eta izango denaren atalase ikusezina bailitzan. Hitza atalasea bailitzan. Hitzaren atalasean, han dena era ikusiezinean izan zen, era eternal eta jainkozkoan ―Atalase honen ostean hasten dira egintzak! Sixtinako sarreran nago. Agian hau guztia Hasiera Liburuaren hizkeraz adierazten errazagoa zen. Baina Liburua irudiaren esperoan dago. ―Eta arrazoiz. Bere Michelangeloren esperoan zegoen. Izan ere, Berak, sortu eta ikusi zuen ―”ona zela ikusi zuen”. “Ikusi zuen”, orduan Liburuak “ikuskari” honen fruitua itxaron zuen. Eta zu, gizaki, ikusten duzun hori, zatoz. Garai guztietako ikusleoi deitzen dizuet. Dei egiten dizut, Michelangelo! Vaticano-n bada irudi bat zure ikuskariaren emaitza espero duena! Ikuskaria irudiaren esperoan zegoen. Hitza haragi egin zenetik, ikuskariak itxaroten dirau. Liburuaren atalasean gaude. Sorreraren Liburua da ―Hasiera-rena. Hemen, kapera honetan, Michel Angelok idatzi zuen ez hitzaz, ezpada kolore argi-ilunen aberastasunaz. Irakurtzera hurreratzen gara, harridurarik harridura goazela. Hortaz, hemen da ― ezerezetik sortu zen Hasiera begiratu eta ezagutzen dugu, sortzailea den Hitzari esaneko; horma hauetatik ezagun da. Agian Azkena boteretsuago mintzo da. Bai, Judizioa boteretsuago mintzo da. Judizioa, azken Judizioa. Hona hemen denok, gutako bakoitzak, darraigun bidea. 2. Bere antz eta irudiko “Jainkoak bere antzeko egin zuen gizakia, Jainkoaren beraren irudira egin zuen; gizon eta emakume egin zituen- eta egin zuen guztia oso ona zela ikusi zuen Jainkoak, larrugorri zeuden eta ez zuten elkarren lotsarik”. Posible ote da? Ez galdetu gaur egunekoei, ezpada Michelangelori, (gaur egunekoei ere ote!?). Galdeiozu Sixtinari. Zenbat esatekorik pareta hauetan! Hasiera ikusezina da. Hemen, dena adierazten da. Antzezpen oparo hau guztia, giza abileziak askatua. Amaiera ere ikusezina da, nahiz eta azken Judizioaren ikuskizuna, zure begiradan erori, bidaiari hori. Nola egin ikusgai, nola zeharkatu ongi eta gaizkiaren mugak ? Pareta hauei hasiera eta amaiera ikusezinak darizkie gugana ! “Berarengan bizi, mugitu eta existitzen gara”. Bera ez beste inor ote da, izatedun ororen izate-espazioa? Sortzailea da. Sortu eta izateari eustean, dena hartzen du bere baitan- Irudira egiten du. Paulo apostolua Aeropagoan mintzo denean bere hitzetan Itunaren tradizioa agertzen da. Egun bakoitzean hitz hauekin amaitzen zen: “Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen”. Ikusi zuen, bere izatasunaren lorratza sumatzen zuen- Ikusgai zen orotan bere isla aurkitzen zuen. Betiereko Hitza atalase bat bailitzan Zeinarengandik bizi, mugitu eta existitzen garen. Gizakia (Ni) Zergatik esan izan zen, hain zuzen egun horretantxe: “Eta Jainkoak egin zuen guztia ikusi zuen; eta horra hor oso ona zela”? Gertatutakoek ez ote dute ukatzen? Hogeigarren mendea, esaterako! Eta ez hogeigarrena soilik! Hala ere, ez dago menderik egia izkutatzen ahal duenik antz eta irudiaren egia. 3. Aurresakramentua Nor da bera? Esanezinezkoa. Berezko Izatea. Bakarra. Ororen Sortzailea. Era berean, Pertsonen Elkartasuna. Elkartasun honetan osotasun, egia, ondasun eta edertasunaren elkar-oparitze bat dago. Hala ere, batez ere, Esanezinezkoa. Dena dela, Bere Buruaz hitz egin zigun. Gizakia Bere antz eta irudiko sortzean ere horixe adierazi zigun. Sixtinaren polikromian Sortzaileak giza-gorputza dauka. Ahalguztidun Agure bat da –sortutako Adanen antzerako Gizakia. Eta eurak? “Ar eta eme sortu zituen”. Eta Jainkoak emandako dohaina geratu zitzaien. Haientzat –gizakiaren neurrira- Harengan dagoen elkar-oparitze hau hartu zuten. Biak larrugorritan… Ez zuten lotsarik, dohaina zuteneino- Lotsa bekatuarekin batera etorriko da, oraingoz gorespenak dirau. Dohaina dela kontziente dira, nahiz eta agian izendatzen ere ez dakiten. Baina bizi dute. Garbiak dira. Casta placent superis; pura cum veste venite, Et manibus puris sumite fontis aquam -, hitz hauek zortzi urtez egunero irakurri izan ditut, Wadowice-ko ikastetxeko atarian sartzean. Aurresakramentua –Betiereko Maitasunaren zeinuaren izate ikuskorra. Eta “gorputz bakar bat” bilakatzean -batasun miresgarria- amatasuna eta aitatasuna antzematen dira haien ortzimugaren ostean. Orduan haiengan dagoen bizitzaren iturria atzematen dute. Hasiera atzematen dute. Adanek bere emaztea ezagutu zuen eta hura haurdun gelditu eta erditu zen. Erantzukizun handienaren atetik igaro zutela badakite! Betekuntza – Apocalypsis Amaiera hasiera bezain ikusezina da. Unibertsoa Hitzak egina izan zen eta Hitza itzultzen da. Sixtinaren erdi-erditxoan, ikusezina den amaiera hau Judizioaren drama ikusgarrian adierazi zuen-. Eta ikusezinezko amaiera hau ikusgai bilakatu zen gardentasunaren gailurrean: Omnia nuda eta aperta ante oculos Eius! Mateorenean idatzitako hitzak ikuskari bilatu ditu hemen margolariak: “Zatozte bedeinkatuok… zoazte madarikatuok”… Eta horrela igarotzen dira belaunaldiak-. Larrugorritan ailegatzen dira mundura eta larrugorritan itzuliko dira sortu ziren lurrera. “Hautsa zara eta hauts bilakatuko zara”. Itxura zeukana itxuragabe bihurtu zen. Bizia zena, hona hemen hilik. Ederra zena, hona hemen hondakin itsusiturik. Hala ere, ez nago zeharo hilik, niregan suntsiezina denak baitirau! 4. Judizioa Sixtoren Kaperan artistak Judizioa kokatu zuen. Barrualde honetan Judizioak dena du menpean. Ikusezinezko amaiera ikusgai bilakatu zen harrigarriro. Azkena eta, era berean, gardentasunaren gailurra-. Hau da belaunaldien bidea. Non omnis moriar -. Niregan suntsiezina dena, orain aurrez aurre Denarekin topatzen da! Horrela bete zen Sixtoren erdiko paretaren polikromia. Gogoratzen zara, Adan? Berak hasieran “non zara?” galdetu zizun Eta zuk erantzun: “beldurtu eta gorde egin naiz, biluzik nagoelako”. “Eta nork jakinarazi dizu biluzik zaudela?” “Laguntzat eman didazun emakumeak” fruitua eskaini dit… Erdiko paretaren polikromia betetzen duten guztiek zure orduko erantzunaren ondoretasuna daramate beraiengan! Galdera eta erantzun horrena! Hauxe da zuen bidearen azkena. Posfazioa Eta hementxe, Sixtoren polikromia zoragarri honen pean, hain zuzen, kardinalak biltzen dira- Erreinuaren giltzen oinordetza arduratzat duen komunitatea. Honaxe dator, hain zuzen. Eta ostera ere Michelangeloren ikuskariak dena hartzen du bere baitan. “Berarengan bizi, mugitu eta existitzen gara”… Nor da Bera? Hona hemen Ahalguztidun Agurearen eskua Adanengana zuzendua… Hasieran Jainkoak sortu zuen… Berak, dena ikusi zuenak… Sixtoren polikromia, orduan, mintzatuko da Jaunaren Hitzarekin: Tu es Petrus –Entzun zuen Simonek, Jonaren semeak. “Erreinuaren giltzak ematen dizkizut”. Erreinuaren giltzen oinordetza arduratzat duten gizonak hemen biltzen dira, eta beren burua Sixtoren polikromiak, Michelangelok utzi zigun ikuskariak inguratzen uzten dute-. Horrela izan zen konklabeen urte gogoangarri haren abuztuan, eta gero, urrian, eta horrela izanen da berriro ere, behar denean, nire heriotzaren ostean. Beharrezkoa da Michelangeloren ikuskaria haiei mintzatzea. “Kon-klabea”: giltzen, Erreinuaren giltzen oinordetzaren ardura komuna. Hona hemen, Hasiera eta Bukaeraren artean aurkitzen direla, Sorreraren eta Judizio Egunaren artean… Gizakiari behin batean soilik hiltzea dagokio, ¡eta gero Judizioa! Bukaerako gardentasun eta argia. Egintzen gardentasuna-. Kontzientzien gardentasuna- Beharrezkoa da, konklabe bitartean, Michelangelok gizonok kontzientziatzea- Ez ahaztu: Omnia nuda et aperta sunt ante oculos Eius. Zuk dena barneratzen duzun horrek, -erakutsi! Berak erakutsiko du… 



 III. MORIA LURRALDEKO MENDIA 1. Kaldearren Ur Garai baten gizakiak harat honat zebiltzan ibilian, etengabe. Ibili eta ibili, beren artaldeekin, oparotasuna non, gizakiak han; han ama lurrak, ama lur emankorrak abereak elikatzen zituen, han gizakiak bere dendak ezartzen zituen eta bere bizibideari ekiten zion. Zergatik bilatzen dugu guk gaur Kaldearren lurralde hau?, Zergatik bilatzen dugu Teraj-en semea zen Abran, eta bere antzeko nomadak, abiatu ziren lurraldea? Gogoeta hau zerabilen agian: zergatik irten behar dut hemendik? Zergatik utzi behar dut Kaldearren Ur? Horrela pentsatzen ote zuen? Partitzeaz nahigabetu ote zen? Atzera begiratzen ote zuen? Ez dakigu. “Zoaz!” esan zion. Mintzoa entzun zuela dakigu soilik. Abranek Mintzoari jarraitzea deliberatu zuen. Mintzoak hauxe zioen: nazio askoren aita izanen zara, lurreko hautsa bezain ugari egingo ditut zure ondorengoak. Nola beteko da agintzari hau? –pentsatzen zuen Abranek- naturak aitatasuna ukatu zidan eta? Nik neure gaztarotik maite nuen emazteak ez dit seme-alabarik eman. Horregatik sufritzen dugu biok. Mintzoak, ostera, honela esan zion: Nazio askoren aita izanen zara. Hondarretako harea bezain ugari egingo ditut zuren ondorengoak. 2. Tres vidit et unum adoravit Nork aipa lezake horrela urrutiko eta hurbileko etorkizuna? Nor da Izen-Gabeko Hau bere ahotsez ezagutarazi nahi izan zuena? Nork hitz egin zion horrela Abrani, gizonari hitz egiten dion Gizonak bezala? Desberdina zen. Hartaz gizakiak pentsa lezakeena ez zen antzerakoa izatera ere iristen. Mintzatu zen –beraz, erantzunaren zain zegoen… Behin baten Abrani etorri zitzaion bisitan. Hiru Ostalari ailegatu ziren eta honek harrera ona egin zien. Abrahanek Bera zela bazekien, Bakarra. Ahotsa ezagutu zuen. Promesa ezagutu zuen. Urte baten buruan, Sararekin batera poztu ziren semea sortu baitzitzaion adinez helduak ziren arren. Seme –hau da: aitatasuna eta amatasuna. Aita izanen zara, Abran, herri askoren aita izanen zara. Aurrerantzean zure izena “Abraham” izanen da. Izen honekin bedeinkatuko zaitut. Izen honekin zure ondorengoa ugarituko dut lurreko bazter apartatuetaraino. Izen honek hauxe adieraziko du: “itxaropen guztien aurka itxaron egin zuena”. Inguruan, gizakiek eta herriek jainkoak asmatzen zituzten (Egipton, zein Heladen, zein Erroman). Berak, Abrahamek, Den Horrengan sinetsi zuen, Berarekin solasten zen, Abotsari jarraitzen zion. Bere dendaren atea zabaltzen zuenaren aurretik bere harrera ona eskaintzen zion, Berarekin biltzen zen. Gu gaur leku hauetara bihurtu gara; izan ere, hemen, antzina, Jaunak Abraham bisitatu zuen. Abraham, sinetsi zuena, bisitatu zuen Jaunak. Herriek eta gizakiek jainkoak asmatzen zituztenean Den Hori etorri zen. Gizakiaren historian sartu zen eta ezkutuko Misterioa eragutarazi zion munduaren sorreratik. 3. Aitaren eta semearen arteko solasa Moria lurraldean Ibilian zihoazelarik horrela ari ziren solasean: Hona hemen erre-oparia egingo dugun mendia- zioen aitak. Semea isilik zihoan, ez zen galdetzera ausartu: Non dugu oparitarako arkumea? Sua, egurra eta aiztoa badaramatzagu, baina non dugu oparitarako arkumea? Oparitarako arkumea Jaunak hornituko du- horrela esan zuen, ez zen ausartu hitz hauek ozen esatera: oparitarako arkumea zeu izango zara- orduan isilik zirauen. Isiltasun honekin urruntasun garratz batean murgildu zen. Gidatzen zuen Ahotsa entzun zuen. Orain, Ahotsa isildu zen. Bakarrik geratu zen, bere izenarekin batera. Abraham: itxaropen guztien aurka sinestu zuena. Gutxi barru oparitarako aldarea eraiki, sua piztu eta Isaaken eskuak lotuko ditu. Orduan –zer? Pilatutako egurra izekiko da… Seme hilaren aitatzat ikusten du bere burua iada, Ahotsak berari emandako semearena… orain kenduko ote dio? Oh, Moria lurraldeko mendi honetara igo zaren Abraham hori, aitatasunaren neurri bat dago, zuk igaroko ez duzun muga bat. Beste Aita batek bere Semearen eskaintza jasoko du hemen. Ez beldurrik izan, Abraham, segi aurrera eta egizu egin behar duzuna. Zu herri askoren aita izango zara; egizu egin behar duzuna, azkeneraino. Berak geldituko du zure eskua sakrifikatzeko zartakoa emateko gertu dagoenean… Berak zure eskuari ez dio burutzen utziko zure bihotzean iada burutu dena. Horrela zure eskua airean geldituko da. Berak geldituko du. Eta, ordutik, Moriako mendiak itxaroten jarraituko du- izan ere, Harengan beteko da misterioa. 4. Itunaren Jainkoa Oh, Abraham –gizakiaren historian sartu zen Hark, zure bitartez soilik agertu nahi izan du ezkutuko misterio hau, munduaren sorreratik, mundua bera baino lehenagokoa den misterioa! Gaur leku hauek korritzen ditugu, zeintzuetatik, antzina, Abrahan abiatu baitzen, zeintzuetatik Ahotsa entzun baitzuen, non agintzaria bete baitzen, borta-aitzinean gelditzeko modukoa da- Itunaren hastapenera ailegatzeko modukoa. Izan ere, Jainkoak Abrahami erakutsi zion zer den, aita batentzat, bere semea sakrifikatzea, -sakrifiziozko heriotza. Oh, Abraham – izan ere, Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, Harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan. -Geldi zaitez- Nik zure izena daramat neure baitan, izen hau Betiereko Hitzak zurekin egindako Itunaren ezaugarria da munduaren sorrera baino lehenagokoa. Ez ahaztu leku hau hemendik alde egin dezazunean, leku hau bere egunaren esperoan dago.

No comments: