Edith Stein (1881-1942)
Sortzez eta sinesmenez ere judutarra genuen Edith Stein. Zazpi anaia-arrebetan txikiena, adimen bizkorrekoa izan zen haurra zenetik. Gauza berriak ikastea, eta hausnarketak egitea zituen gogoko.
Batxilerato garaian, lagun talde bat osatuko du, Lilli, Rose eta Ernerekin batera. Euren kezka intelektualak oso modu naturalean konpartitu zituzten, mendietan txangoak eta egonaldiak egiten zituzten bitartean, adibidez. Wroclaw-eko unibertsitatean sartu zen gero. Eztabaidetan, elkarteetan eta festa zein ekitaldi kulturaletan parte hartzen zuen, edozein ikaslek bezala. Filosofiarako zaletasuna bertan erne eta hazi zen eta Gotingako Unibertsitatean, nora maestria egitera joan baitzen, adarrak eta fruituak ematen hasi. Han Edmund Husserl fenomenologoa ezagutu eta haren zuzendaritzapean hasi zen lanean.
Lehenengo Gerrate Mundialean erizain aritu zen Wroclaw hirian, gerran zauritutako hainbat soldaduri bere afektuzko laguntza eskaini zien. Domina bat irabazi zuen lan horretan eskainitako adoreagatik.
Gerra bukatuta Friburgoko unibertsitatean doktoradutza burutu zuen eta han jarraitu zuen Husserl-en laguntzaile.
Baina, bizitzaren gora behera batzuek Jainkoagana hurbiltzera eramango dute. Kristau batzuen eredua, gainera, kristautasunarekiko jakin-mina pizten diote. Baina 1921eko udan izango da bere konbertsio benetakoa. Gau batean, lagun batzuen etxean oporretan zegoela, haien liburutegiko liburu bat hartu zuen, aleatorioki, eta irakurtzen hasi zen. Gau osoa eman zuen irakurtzen. Bukatutakoan hau esan zuen: “Hauxe da egia”. “Santa Teresa de Jesús-en Bizitza” zen liburu hori.
Edith Stein-ek, Santa Teresari esker, kristautasunean, eta zehazki, espiritualitate horretan aurkitu zuen bere kezken ase-bidea eta bere nortasuna.
Bere ahizparen konbertsioa etorriko zen gero, eta bere amaren nahigabeak, eta moja sartzea eta nazien jazarpena, Auschwitz-erako kondena, martirioa eta… hainbat gauza. Bizitzaren zertzelada batzuk baino ez ditut eman. Benetan merezi du irakurtzea bere bizitza. XX. mendeko santa peto-petoa dugu hauxe eta “Santas del siglo XX” liburuan aurkituko dituzu bere bizitza harrigarri, eder eta eredugarriaren xehetasunak. Ez galdu aukera Elizaren Maistra honen eskolan dagokizuna ikasteko.
No comments:
Post a Comment