Giana Beretta Molla (1922-1962)
Aitarenganako pausoa emana duen Joan Paulo II.ak utzi dizkigun gauza askoren artean, hauxe da bat eskertu behar duguna: gertuko santa eta santuen ereduak bilatzen eta argigarritzat jartzen jakin duela, dohatsu (beato) edo santutasunaren mailara igoaz, horretarako behar diren prozesuak azkartuz (prozesuaren zorroztasuna makaldu gabe, jakina).
Santuak ez dira jada lehengo mendeetako pertsonaia miresgarri batzuk soilik. Gertuko pertsonak dira, gure gizarte modernoaren zurrunbiloan bizi izan direnak, guk bizi ditugun hainbat alorretan jardun direnak.
Duela urte gutxi batzuk “Santas del siglo XX” izeneko liburua argitaratua izan zen (Planeta argitaletxean, 1997an). XX. mendean izan diren santuen artean “santa” batzuei eskaini diete arreta. Emakumezko hauek eredu bikainak, gertukoak eta xamurrak eskaintzen dizkigute eta horri erreparatu nahi diogu gure atalaia honetatik liburua irakurtzeko gogoberotuz (zein irakurketa bikaina eta goxoa, irakurle… benetan merezi du!).
Bost dira aukeratutako santak: Gianna Beretta Molla, Giuseppina Bakhita, Victoria Díez y Bustos de Molina, Santa Teresa de los Andes eta Edith Stein.
Liburuan agertzen den lehenengoa Gianna Beretta Molloa Dohatsua da. Italiako Magenta-n (Milan) jaio zen. Gurasoengandik kristau formazio sendoa jaso zuen. Ikasketetan neska argia izan zen, baina bere denbora besteei eskaintzen ere fin baino finago ahalegindu zen. Unibertsitatean medikuntza ikasi eta pediatrian espezializatu zen. Ezkontza kristau-bokazio bezala ikusi zuen eta familia bat osatu ahal izatea Jainkoaren dohain bezala. Kirolaria, kulturazalea, alaia eta bizitzaren maitalea zen Gianna.
Lau seme-alaba ekarri ahal izan zituen mundura. Bere laugarrenarekin haurdun zegoela minbizi bat aurkitu zioten. Medikuak abortatzea gomendatu zion, horrela minbizi hori hobetu tratatu ahal izateko. Giannak, ostera, onartu zuen tratamendu bakarra izan zen bere haurtxoaren bizitza errespetatuko zukeena. Amatasunaren martiria hartua izan da harrez geroztik. Haurra izan zuen, bai, baina handik gutxira, 1962ko apirilaren 28an, Gianna-k zerurako pausoa eman zuen bere lurreko bizitzari agur eginez.
Hau guztia Paloma Gomez Borrero kazetariak kontatzen digu aipatutako “Santas del siglo XX” liburuan. Oso irakurketa arina eta bitxikeriaz betea dugu: esaterako, berrogeita hamarreko italiar gizartearen gora beherak, Gianna-ren eta Pietro bere senarraren arteko maitasun historiaren zertzelada batzuk…
Giannaren beatifikazioa 1994. urtean izan zen Erroman. Web-gune erabilgarri bat ere badauka: www.gianna.org
Birigarro
No comments:
Post a Comment