Total Pageviews

Tuesday, June 07, 2005

XX. mendeko santak (II)

Giuseppina Bakhita (1870-1947)



XX. mendeko beste santa baten nondik norakoei erreparatuko diegu ondoren. Aurreko artikuluan aipatu genuen badela liburu hagitz interesgarri bat: “Santas del siglo XX” (Planeta Testimonio argitaletxea). Han santa batzuen bizitza gertukoa kontatzen zaigu.
Ez gaude oso ohituta, oraingoz, azal beltzeko santuak ikusten. Europako iruditegian, behintzat, ez da horren ohikoa izaten.
Baina Sudanen 1870ean jaiotako emakume honi esker, badaukagu Afrika aldetik datorkigun eredu argi bat, bere irribarrea bezain argia. Pilar Cambra kazetariak egiten digu bere soslaia, baina oso ikuspegi berezi batetik: Pilarrek agnostikoa den bere lagun bati idazten dio Giuseppinaren Berri bat emanez.
Ponteko izena da Giuseppina; izan ere, bederatzi urte gatibu hartua izan zen esklabutzan lanean aritzeko eta bere izenaz ez zen gogogoratzen. Zoritxarrez, ohitura hori, pertsonak esklabutzan aritzeko bahitzearena, alegia, nahiko hedaturik zegoen Afrikan garai hartan. Elizak aspaldi kondenatu zuen praktika hura (XV. garren urtean, modu solemnean). Baina kondena hura ez zen ailegatu hango negreroen ez belarrietara ez bihotzera ez kontzientziara.
Neskame lanetan aritu zen zenbait urtez, jauntxo batzuen emazteen zerbitzuan, haien seme-alabak garbitzen, janzten, haizea ematen, sukaldean, soroetan… Nahiz eta esklabutzan bizi, bihotza ez zitzaion ozpindu eta jauntxo horien seme-alabei maitasunezko tratua eskaintzen zien. Hori bai, jipoiak, zartakoak, eta bestelako tratu txarrak jasotzea oso arrunta zen, hain zen bere egoera duintasunik gabekoa.
Baina probidentziak bere lana egiten jarraitu zuen, eta Italiako kontsul bati izan zen saldua. Bere familiarentzako lanean hasi zen, orain ez esklabo moduan, ezpada neskame moduan. Hantxe amaitu ziren amenazuak, jipoiak eta kolpeak. Tratu gizakoia jasotzen hasi zen lehendabiziko aldiz.
Sudanen gerra bat piztu eta kontsul haren familiak Italiara itzuli behar izan zuen… Giuseppina beraiekin zeramatela. Hantxe ezagutu zuen fedea, hantxe maiteminduko zen gurutziltzatuarekin, hantxe ezagutu zituen bere ahizpak izango zirenak, hantxe aurkitu zuen bere zoriona. Baina, ez dezadan zehaztasun gehiagorik eman: bere historia irakurtzea biziki gomendatzen dizut irakurle, benetan merezi du eta.
Ni neu bere beatifikazioaren egunean izan nintzen Erroman, 1992ko maiatzaren 17an. Elizaren katolikotasuna edota unibertsaltasuna hantxe dastatu nuen, esklaba beltz honen irribarre argia San Pedro plazaren frontisean ikusten nuela.

No comments: