Total Pageviews

Thursday, June 30, 2005

JULIAN IANTZI, MIKEL REPARAZ ETA MANU ETXEZORTU EITB-KO AURKEZLE-KAZETARIAK, NAFARROAKO UNIBERTSITATEAN



Arrakastaren osagaiak? Norberak bere arrakasta zer den pentsatu beharko du eta gero praktikan jarri, lantaldea ahaztu gabe, hori baita eguneko ikasgaia



Udaberrian Nafarroako Unibertsitatean euskarazko ekitaldi batzuk izan dira, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Apirileko bertso saioan Giza Zientzien Eraikinean izan zen eta lau nafar bertsolarik hartu zuten parte: Bittor Elizagoien -argazkian- (Oronoz-Mugaire), Julen Zelaieta (Bera), Erika Lagoma (Lesaka) eta Oier Lakuntza (Iruñea, Kimikako ikaslea Nafarroako Unibertsitatean bertan).

Txandaz txanda, Erikak erakutsi zuen bera zela hitz-jario handikoena eta bertsoak botatzen azkarrena. Elizagoien, bere aldetik, azkartasunari zorroztasuna gehitu zion. Oier Lakuntza, bertsolaritzan hasiberria eta ez hain trebatua izan arren, saioak aurreratu ahala bizitasunaz eta irudimenaz aritu zen.

Maiatzean, Euskarazko Kazetaritzaren III. Jardunaldiei iritsi zien txanda, Julian Iantzi, ETBko aurkezlea, Mikel Reparaz, Radio Euskadiko albistegietako burua, eta Manu Etxezortu, Euskadi Irratiko Goiz Kronika saioaren zuzendaria. Jardunaldiek arrakastaren osagaiak aztertu nahi zuten.

Senide eta lagunek bultzatuta hasi zen Julian Iantzi telebistan lan egiten, Iruñeko Canal 4 katean. Gero, ETBn Miss Gipuzkoa gala aurkeztu eta Sorginen Laratza, Begia Gose, Agur Ben Hur, Sanferminetako jaialdiak eta beste saiotan parte hartu du. Arrakastarik handiena Basetxea-rekin lortu du, laugarren edizioa lortuz. Aurtengo Argia Saria jaso du Iantzik. Estilo eta tankera oso desberdinetako programetan ikusi dugu, eta denetan jakin du egoki moldatzen.


Plato barruan nahiz kanpoko grabazioetan eroso mugitu da. Lehiaketetan, jakin du lehiakideak bideratzen eta dokumentaletan gida interesgarri bihurtu zaigu. Ikusleak, aldamenean sentitzen duen aurkezle gutxi horietako bat da. Etxekoa, gertukoa, naturala.....

Egia esan gustukoa da horrelako gonbidatuak izatea, ez baitzien isiltasunei agertzeko astirik ematen. Iban Garate izan zen Julian "gidatzeko" aukeratua. Dena den, ez zen Julian bakarrik ibili solasean, bertara hurbildu zen jende gazte askok galdera ugari baitzituzten egiteko. Batzuk kameraz atzera zer gertatzen den galdetu zuten, telebistaren osotasuna ezagutzea baitzuten helburu. Beste batzuk, aldiz, bere programetako tira-birak komentatu nahi izan zituzten.


Mikel Reparaz arbizuarra Nafarroako Unibertsitatean lizentziatu zen Informazio Zientzietan, eta Diario de Noticias eta Euskaldunon Egunkaria egunkarietan eman zituen lehen pausoak lan-munduan. Kazetaritza digitaleko proiektu bat martxan jartzen aritu ostean, Euskadi Irratian hasi zen lanean, Gasteizko korrespontsalean, Legebiltzarreko berriemaile gisa.

2001ean Bruselara joan zen Radio Euskadi eta Euskadi Irratiko berriemailea izateko. Brusela eta Estrasburgon igaro ditu urte hauek, baina beste herrialde batzutan ere ibili izan da nazioarteko albisteen berri emateko. Aipatzekoak dira Ipar Irlandan, Korsikan, Zipren, Ekialde Hurbilean eta Afganistanen egindako lanak. 2004ko irailean Radio Euskadiko albistegietako buru izendatu zuten.

Manu Etxezortu 1991ean hasi zen Euskadi Irratian eta ordutik esatari lanetan aritu da hainbat saio eta arlotan. Eguneko aurreneko albistegia zuzentzen du: Goiz Kronika. Bertan albisteak, elkarrizketa eta eztabaida edota solasaldiak izaten dira. Asteko gertakariei ere errepasoa egiten diete sarritan.

Arrakasta dela eta ez dela ibili ziren berriketan Reparaz eta Etxezortu, azken finean hori baita neurri handi baten hainbat saio (bai telebistan zein irratian) baldintzatzen dituena. Dena den, bietako bakoitzak arrakastari buruz duen iritzia eman eta gero argi utzi nahi izan zuten EITBn ez dutela haren menpe bizi nahi.

Mikel pozik asko irten zen handik, bera gure unibertsitateko ikasle ohia baita eta orduz geroztik egindako dena kontatu baitzuen. Horrela kazetaritza zein publizitatea ikasten zeudenei adibide gisa jarri zen. Azkenean, norberak bere arrakasta zer den pentsatu beharko du eta gero praktikan jarri lantaldea ahaztu gabe, hori baita eguneko ikasgaia.

Beste edizioetara etorri dira Amatiño, Asier Aranguren (ETB), Mikel Bujanda (Euskalerria Irradia), Maddalen Iriarte(ETB), Felix Ibargutxi (El Diario Vasco), Joseba Iriondo (ETB), Martzelo Otamendi (Egunkaria), Odile Kruzeta (Euskadi Irradia) eta Xabier Letona (Argia).

No comments: