Total Pageviews

Monday, October 15, 2007

Nafarroako "aurrerakoiek" ama gazteei ez diete lagundu nahi

Harriturik nago Nafarroan ditugun "sasi-aurrekoiekin". Nafarroako Ama-Sarea ezarri nahi zuten herri-ekimenari ezezko borobila eman diote gure "aurrerakoiek". Sare horren zeregina haurdun dauden amei laguntzea da, hain zuzen abortuari alternatiba bat ematearren. Nafarroako Familiaren Foroak aurkeztu du proposamen hori Parlamentuan 8000 sinadura bildu ostean (beharrezkoak direnak baino 1.000 sinadura gehiagorekin). Nafarroa bezalako populazio txikiko lurralde batean ez da txantxetakoa 8.000 sinadura biltzea; are gutxiago zenbait hedabidetan hain gutxietsia izan den bizitzaren aldeko ekimen baterako.
Izan ere, ama gazte asko, haurdun geratzean, bakarrik sentitzen dira, haurraren aitak erantzunkizunik hartu nahi ez duelako, gurasoen presioa dutelako, egoera ekonomiko gogorrean daudelako... edota hainbat arrazoirengatik. Nafarroako progresistek eta euren burua abertzaletzat duten batzuek, berriz, amaren sabelean dagoen haurra akatzea baizik ez dute proposatzen... hori eta "heziketa sexuala" areagotzea. "Heziketa sexuala" inoiz baino gehiago dugun garaiotan, hain zuzen, inoiz baino abortu gehiago praktikatzen dira, ordea. Konponbide "aurrerakoi" hori ez al da kale egiten ari?
Barkatu, ni abertzalea sentitzen naiz, eta ez dut maite seme-alaba nafarrak akatzea. Nafarroako eta Euskal Herriko balio eta inbertsiorik onenak gure seme-alabak ditugu.
Zenbait kasutan, kontzientea naiz, seme-alaba horiek ez dute aurkituko beren ama biologikoarengan aukerarik familia-giro bat izateko. Kasu horietan adopzioaren bidea ere badago, eta ekimen hau horri laguntzera ere bazetorren. Zenbat bikote ote daude Nafarroan eta Euskal Herrian semetxo edo alabatxo bat adoptatzeko esperantzetan? Haiek ere ez al dute merezi gure "aurrerakoien" laguntza?
Batzuk "eskandalizatu" egiten dira umeen abortuak Nafarroatik kanpo egin behar direlako (ordainduta, hori bai). Baina ez al da eskandalagarriagoa amen egoera lagundu nahi duten ekimen bat Nafarroako Parlamentuko PSN, NaBai eta EBren laguntza ez jasotzea?