Total Pageviews

Friday, May 22, 2015

Askoren astoa goseak hil... eta Nafarroako hauteskundeak

Una persona elige su papeleta de votación.

Ezin egokiago etorri zait esaera zahar hori Nafarroan dagoen egoera hauteskunde aurrekoa irudikatzeko. Edo dagoen arriskuetako ba irudikatzeko, hobeto esanda. Aldaketa posible dela diote batzuek eta besteek baina aldaketa hori askoren arteko akordiotik etorri beharko da, halabeharrez. Arriskua da inork ez hartzea benetako erantzukizunik aldaketa horretan edota kordea azkeneraino tenkatu nahi izatea.
Beste esaera batekin topatu  naiz: "Jokorik onena gutxien dirauena". Hauteskundeen osteko negoziazioa argia eta zehatza izan beharko da. Eztabaidatzen luzaro egotea ez da ona izango eta berriro hauteskundeak egiteko arranoa hegan egiten arituko da gure buruen gainean.
Eta bukatzeko, bertze bat: "Soka ez erosi, zekorra eskuratu gabe". Inor ez da presidente edo presidenta izanen Nafarroako Parlamentuan behar den bozkak lortu arte. Eta horretarako sukaldeko lan isil eta apala egin behar, eta ez lerroburuekin zartakoak eman batzuei eta bertzeei.




Friday, May 15, 2015

[HAUTESKUNDEAK] Oinarrietatik, ozen



 Hirinet.net web-gunean aurkitutako artikulua. Gazteak eta politika. Binomio ez beti arrakastatsua. Betiere interesgarria da ezagutzea gazteek nola dakusaten panorama.


Alderdietako gazteen ahotsa sendo entzunaraztea dute helburu Aitor Castañedak, Idoia Ibarrolak eta Igor Salazarrek; euren alderdietako programak mahai gainean jarri dituzte.






Lanak eta ikasketek uzten dieten tartean, politika dute zaletasun eta buru-belarri ari dira euren alderdietako batzordeetan beharrean. Gazteen ahotsa sendoa dela erakutsi nahi dute Aitor Castañedak (EAJ), Idoia Ibarrolak (EH Bildu) eta Igor Salazarrek (PSE), hamaika proposamen dituztela, eta lan egiteko gogoz datozela. Hauteskundeak nola bizi dituzten jakiteko elkartu ditu aleak Gasteizko Udalean ordezkaritza duten hiru alderdietako kideak  mahaiaren bueltan –PPko kideek ez dute parte hartu nahi izan–, hiriburuak eta lurraldeak hilaren 24tik aurrera har dezakeen norabideaz solas egiteko.

Hiru alderdietako kideek uste dute "beharrezkoa" dela aldaketa politiko bat izatea Araban eta hiriburuan, azken lau urteotan PPk egin duen ibilbideak utzitakoaren ondotik. "Egia da bere proiektua duela alderdi bakoitzak, baina lau urte hauetan PPk muga gorriak pasa dituela iruditzen zait; Gasteiz inoiz ez da halako egoera larri batean egon", aipatu du PSEko gazteen idazkari nagusi Igor Salazarrek. Javier Maroto Gasteizko alkateak "enperadore" baten moduan jokatu duela uste du, erabakiak nahi izan dituen moduan hartuta eta herritarren parte hartzea alde batera utzita. Horregatik, hauteskundeetako zenbakiek emango balute, hura kanporatzeko beharrezko babesa ematearen aldekoa dela azaldu du. "Hauteskundeen ostean ikusi beharko dugu, baina zenbakiek aukera ematen badute han  egongo gara, gasteiztarrentzat hobea izango den akordioa lortzeko".


Idoia Ibarrola, EH Bildu.

Aldaketa izan dadin "beharrezko sustengua" ematearen aldekoa da EH Bilduko Idoia Ibarrola ere. "Beste alderdi batekin ez nuke gobernurik  osatuko, programak oso ezberdinak direlako, baina babesa bai, emango nieke". PPk utzitako arrastoaren ostean, politika sozialak, feministak, euskara arlokoak edota hezkuntzari dagozkionak "aldatzeko" adostasunak beharrezkoak izango direla uste du: "Bizikidetza ona izateko akordioak egon beharko dira gure artean, Gasteiz eta Araba anitza behar dugulako".

Akordioez hitz egiteko "goiz" dela uste du Gasteizko Egiko kide Aitor Castañedak, baina herritarrek EAJ hautatzen badute euren programa betetzea lehentasuna izango dela azaldu du. "Eta horretarako beharrezkoa izango da PP kentzea; dena den, herriak erabakiko du zer estrategia edo zer paktu egin behar dugun". Canovas del Castillo izan du gogoan akordioei buruz galdetuta: "Hark esaten zuen politika dela une bakoitzean jakitea aplikatzen zure ideietatik posible den guztia, eta beraz, egoeraren araberakoa izango da". Azkenaldian, dena dela, hainbat alderdik bat egin dutela gogoratu du eta horien arteko akordioak "posibleago" direla. "Ikusi dugu Trebiñuren aferarekin, adibidez, PSE, Bildu, EAJ eta Ezker Batua ados jarri direla, probintziaren egiturari dagokionean, eta, beste behin PP kanpoan geratu dela".

aitor castañeda eaj
Aitor Castañeda, EAJ.

"Sutea itzali"
Salazarren ustez, "ezinbestekoa" da Marotok sortu duen "sutea" itzaltzea, diru sarrerak  bermatzeko errentaren iruzurra etorkinekin lotzeko egin duen "kanpaina"-rekin amaitzeko. "Uste dut alderdi guztien konpromisoa izan behar dela Maroto eta De Andres gobernuetan ez egoteko ahalegina egitea, eta euren politikekin amaitzea". Hori du lehentasuna PSEk herritar guztiei begira, baina gazteak kezkatzen dituzten beste hainbat gai ere mahai gainean jarri ditu: "Garrantzitsua da enple gu duina bermatzea, etxebizitza izateko erraztasunak jartzea eta maila desberdinetan laguntzak bideratzea, gazteei eragiten dieten politika sozialek azken batean  herritar  guztiei eragiten dietelako". Gazteria atal zehatz bat izateari utzi eta alor guztietan landu beharreko gaia dela uste du Salazarrek, "alor bakoitzerako politika zehatzak ezarrita".

Etxebizitzaren inguruko kezka ere EH Bildun landu duten gaietako bat dela gogoratu du Ibarrolak. "Alokairu soziala ardatzetako bat izanik, edadetuentzako eta gazteentzako aukerak eman behar dira, eta, bide batez, hutsik dauden etxebizitzei erabilera eman". Prekarietatearen aurrean, halaber, "alternatibak" bermatu behar direla azaldu du: "Enplegua behar dugu, eta ez mini-enpleguak; horretan ere lan egingo dugu". Proposamenak gazteen artean eraiki ahal izateko, euren parte hartzea ere beharrezkoa dela azpimarratu du, eta eurek biltzeko ahalegina egingo dutela: "Urtean batzar bat eginda ez dugu lortuko gazteek parte hartzea, eta beharrezkoa da hori bultzatzea; euren eremuetara joan behar gara: gazte asanbladetara, institutuetara, kalean egon behar gara eta ikusi behar gaituzte".

EAJren kasuan, ildo beretik, lehentasuna enpleguak eta formakuntzak dutela azaldu du Castañedak. "Formakuntza sustatzea da gazteon partetik egiten dugun proposamenetako bat, horrekin batera industria Araban egon dadin eta geratu dadin erraztasunak jarriz". Kultura ere lehentasunen artean aipatu du ordezkari jeltzaleak, sormenari bide emateko espazioak prestatu eta dinamizatuz. Horri lotuta, euskarari "txokoa" egin behar zaiola uste du: "Azken asteetan ikusi dugu euskararekiko kutsu kriminalizatzailea izan dela nagusi, ahaldun nagusiaren partetik, 'morralla' famatu horrekin, eta horri ere aurre egin behar diogu; euskara mugitu egin behar da, eta erakutsi bizirik dagoela batez ere gazteen artean". Kultura eta euskara bultzatuko dituen egitasmoei "bultzada bat" eman behar zaiela nabarmendu du.


Igor Salazar, PSE.

Lanketa
Politikari gazteenen ahotsak alderdietan "leku garrantzitsua" duela  azpimarratu dute hiru kideek, eta euren proposamenak bideratzeko  hainbat bide dituztela. EH Bilduk, esaterako, Gasteizen auzoka batzar ugari izaten dituela adierazi du Ibarrolak eta horietan parte  hartzearekin batera, hauteskundeei begira, gazteentzako mahai bat ere antolatu dutela. "Gure  buruan zer nolako hiria irudikatzen dugun eta gazteok zer behar dugun landu dugu; prekarietatea izan da ardatz nagusia oraingoan". Hauteskunde garaiarekin batera, urte guztiko lana egiten dutela nabarmendu du, gazteen artean zein nagusiekin. Eta alderdiak hartutako erabaki batekin ados ez daudenean ere, zuzendaritzara jotzeko "bide arina" dutela aipatu du: "Harreman oso zuzena dugu zinegotziekin eta kezkatzen gaituen konturen bat ikusi orduko eurengana jotzen dugu, eurek azalduko diotelako kolektibo guztiari gure kezka; komunikazioari dagokionez, beste alderdiekiko desberdintasun nabarmena dagoela uste dut".

EAJn bidea pixka bat "estuagoa" dela aipatu du Castañedak, alderdiaren arauei jarraituta. Alderdiaren barruan erakunde autonomo bat da gazteria, lurraldeka antolatuta, eta bertatik plazaratzen dituzte proposamenak. Azkenaldian, esaterako, Arabako estatutuak berritzen aritu dira. "Emendakinak guri erakundetan proposatu daitezke eta hortik lurralde mailara heltzen dira, ondoren; bertan erabakitzen da zer egin proposamenekin, aurrera egin ala ez". Azken batean, alderdiko beste kide baten moduan jokatzen dutela gogoratu du, "baina betiere ikuspuntu lokal batetik".

PSEn ere Gazte Sozialistek autonomia dutela aipatu du Salazarrek, Espainiako probintzia bakoitzean antolatutakoak. "Beti hitz egin dugu eta entzun gaituzte; gure artean eztabaidatzeko mahai bat dugu eta ponentziak antolatzeko". Gazteak oso "autokritikoak" direla adierazi du, eta tarteka alderdiaren zuzendaritzarekin tira-birak izan dituztela: "Kritika egin behar bada egiten dugu, baina nik uste dut ondo hartzen dituztela, hobetzeko modua direlako". Akats politikoak egin dituztela onartu du, eta horiek zuzentzera bideratutako kritikak: "Zapateroren azken lau urteetan hartu ziren politikak gaizki hartu ziren, esaterako, baina guk konpromisoa hartzen dugu hori aldatzeko".

Euren alderdiek izango duten emaitzaren zain, gertutik jarraitzen ari dira hiru kideak, egunotan, hauteskunde kanpaina, alderdietako egitasmoak mahai gainean jarri eta lagunak ere konbentzitzeko lanetan: "Nire kuadrillan, esaterako, asko eztabaidatzen dugu askotariko ideia politikoak daudelako; inguruan gure programarekin pedagogia egitea tokatzen zaigu, eta ez hauteskunde garaian bakarrik". Salazarrek ere, ilusioz bizi ditu hauteskundeak, alderdikideekin antolatzen dituzten ekitaldi guztiengatik: "Polita eta interesgarria da niretzat herriz herri ibili eta jendeak gure proiektuaren inguruan eztabaidan entzutea".

Euren alderdia ez ezik, besteek egiten dituzten mugimenduei adi daude hirurak, batik bat, mapa politikoan lekua izan dezaketen alderdi berriei begira. Aukera berriak egotea "aberatsa" dela uste du  Castañedak, baina zalantza du aurkeztu diren taldeekin: "Ez dakit euren estrategia zein den, baina ez diot zentzu gehiegirik ikusten hainbeste zatikatzeari; abertzale ez den ezkerreko botoa hainbeste sakabanatuko da gutxi lortuko dutela, eta mesede egingo diela aurretik doazenei".

Hauteskunde gaua noiz helduko, Segiko kideak izateagatik atxilotutako kideak ere gogoan izan dituzte. "Politika hutsa" egiteagatik gazteak atxilotu ezin dituztela salatu du Ibarrolak. "Hemendik gure babesa atxilotuei eta ezkutuan daudenei".

Egilea: Anakoz Amenabar, Arabako ALEA