Total Pageviews

Monday, January 22, 2007

Keinuak

Jarraitzen dugu zurrunbiloan.
"Kasualidadez" ETAren ekintzaren ostean, "haika-segi", eta horrelakoen aurka sententzia bat eman da jakitera. Bai, kale erasoak (kutxazainak eta enparau) eta egoitza batzuen aurka egindako erasoak haietako batzuek egin dutela ezin uka.
Ni gogaituta nago, esaterako, Durangoko azokara joaten naizen bakoitzean gazte hauek egindako "heroikeriak" ikusteaz. Hala ere, eta lege kontuetan batere aditua ez naizen arren, gazte-talde horiek "talde terroristatzat" izendatzea, lege-gehiegikeria bat iduritzen zait. Erasoak egin dituenak ordain dezala, baina erakunde oso bat delitugile izendatzea... horrek ez dauka itxura onik. Legea bera epaileek usteltzen badute, gizarte osoa, baita eurak ere, izango da kaltetua. Horregatik ez dut gustoko ikusten erabaki hori.

Horrela iruditzen zaigu, beraz, "haien bandoan", hau da, ezker abertzalearen bandoan ez gaudenon askori. Iruditzen zaigu ez dela zuzena izan sententzia hori.
Baina, gustatuko litzaidake gazte horiek inoiz esan izatea, beste "bandakoen" aurka egindako atentatuak, asesinatoak, eta abar ere ontzat ez dituztela ikusten.
Sekula ez dute hori egin.
Bakearen alde keinu garrantzitsu bat izango zen hori ere.

Thursday, January 11, 2007

"Nik galdu, zuk ere galdu"?

ETAren dokumentua irakurri nuela esan nuen nire aurreko agerraldi batean.
Orain beste kontu bati erreparatu nahi diot.
Talde armatu horretako kideak ez dira inondik inora euskal herritarron ordezkariak. Sistema demokratikotik kanpo daude eta "bidezidor" bat hartu nahi dute, bozkekin lortuko ez luketena lortzeko. Bide batez esan dezadan, argi dago, "sistema demokratiko" guztiek dauzkatela beren akatsak, batzuk beste batzuk baino larriagoak, baina bestelako ordenamendu batzuk baino hobetzat hartzen dut nik demokrazia, eta nirekin batera Europako biztanle gehien-gehienok (nazismo edota marxismoaren nostalgikoek izan ezik, jakina).
Bozken bidez, oraintsura arte ezker abertzaleak izan du nortzuk ordezkatzen dituen adierazteko aukera.
Alderdien legearengatik hori kendu egin zaio.
Nik uste dut alderdien lege hori akats handia izan zela, besteak beste, "bidezidorren" tentaldia areagotzen duelako askorengan edota "sistema demokratikotik kanpo" daudenei ateak ixten zaizkielako bertan parte hartzeko.
Baina bueltatu gaitezen dokumentura.
ETAkoek gainontzeko guztiok ikusten ez ditugun gauzak "ikusten" ei dituzte, eta guri, ezjakinak garen hauei, "helarazi".
Beren atentatuarekin (eta beren hildakoekin) lortutako protagonismoa aprobetxatuz, egoera politikoaren inguruan erakunde armatu horrek "egiten duen irakurketaren berri" helarazi nahi omen die euskal herritarrei.
Ezker abertzaleak zenbat eraso jasan dituen aipatzen dira. Nortzuk diren blokeoaren errudunak ere bai.
Analisi horrek, baina, ez du erakusten eztabaidatua izateko aukerarik. Euren analisia da, euren "egia".
Eurek ikusten dituzte gainontzeko guztiek egin dituzten akatsak eta ankerkeriak: PSOEk egindakoak eta "Imazen PNVk" egiten dituenak. 800 hildako (tartean emakumeak eta haurrak) eragin dituen talde armatu batek politikari bat aipatzea ez da txantxetako gauza. Mafiak ez luke hobeto adieraziko. Baina tira, eurak, politikariak dira errudunak.
"PP-UPN eta Espainiar Estatuko eskuin faxista alboratu " egin beharko litzatekeela ere, problemarik gabe esaten du dokumentuak, benetako "demokrazia" bat lortze aldera, "bota piñue!" (azkeneko hau, nirea, barka).
Baina desbideratu naiz, berriro ere.
Demagun, hala ere, "ezker abertzaleak" eta ETAkideek sufritu duten guztia, komunikatu horretan kontatzen den bezalaxe izan dela (kale-borrokarik edo bestelako erasorik ere ez dela izan ere irudika dezagun): konforme, erasotuak izan dira, galtzaileen bandoan (ei) daude.
Hori omen da, besteei ere sufriarazteko, besteei ere jazarpena eta indarkeria idazteko arrazoia.
Berbaldi horretan, ETAkoen logika edota ezker abertzaleko askoren logika hauxe da: "Guk galtzen dugu, zuek ere galdu behar duzue. Gu izorratzen gaituzte, guk haiek izorratuko ditugu.
Gu erasotuak, guk haiei 500 kiloko bonba jarri aireportu batean".
Jarrera posibleen artean, hauxe da antzuena eta geroko itxaropenari aterik gehien ixten dizkiena. Jakin beharko lukete/ genuke.
Jakina, "nik galdu - zuk irabazi" jarrera ere ez da ona. Horretan edozein legoke ados. Hemen inori ez zaio eskatzen totoarena egiteko.
Baina horren konponbidea ez da "nik galdu - zuk ere galdu".
Izan beharko litzatekeen jarrera hauxe da: Saia gaitezen bilatzen honelako konponbidea: "guk irabazi - zuek irabazi = zuek irabazi - guk irabazi".
Sinetsita nago badagoela gune bat non hori posiblea den.
Sinetsita nago baita ere, horrek irudimena, sormena eta kreatibitate handia eskatzen dizkiela alderdi eta "bando" guztiei. Guzti-guztiei.
Horretan dago konbonbidea.
Hasteko, argi dago, ezker abertzaleak (hain erasotua ba omen dagoen arren) ez duela ezer irabazten atentatuekin. Alderantziz. Beraz, atentaturik bat ere ez egitea bera jada garaipen bat litzateke ezker abertzalearentzat. Bestelakoak lortzen ere ahalegindu beharko lirateke.
Baina ahaztu gabe, "nik irabazi - zuk irabazi" gune hori bilatu behar dela. Bilatu behar dugula.

Wednesday, January 10, 2007

Tontotzat gauzkate ala?

Irakurri berri dut hilaren 9an ETAk argitaratutako dokumentua.
Barajasen 500 kilo inguruko bonba bat jarri dute, itzelezko txikizioa, eta hildako bi.
Dokumentuak 17 ahapaldi ditu. Bada 17 ahapaldi horietatik batek soilik egiten dio erreferentzia atentatu hari. Non bizi dira hauek? Eta ahapaldi berorren zati batean, eurek eragindako hildakoak aipatzean, beren burua zuritzen dute esanez, berriro ere, beste batzuena izan zela errua parkina zeharo ez hustutzeagatik.
Bada, kontatuko dut gertutik ezagu nuen pareko gertaera bat. ETAk orain dela urte gutxi bonba bat jarri zuen leku jakin batean, ikasketa zentro batetik gertu. Abisua eman zuen eztanda egingo zuela. Eraikinak eta ikasleen egoitzak hustuak izan ziren. Baina eraikin horietako batean kafetegi bat zegoen, eta bertako nagusia barruan geratu zen, nahiz eta kafetegia zarratuta egon (kontuak egiten eta). Inori ez zitzaion gogoratu barruan inor egon zitekeenik... azken momentura arte, justu kotxera zihoan unean. Orduantxe lagun batek deitu zion esanez eraikina hustua izan behar zela. Telefonoa hartu ez hartu ibili zen, ze kotxea hartzera zihoan jada. Eskerrak hartu zuela, ze telefonoz hizketan zegoela bonba-kotxeak eztanda egin zuen. Ezetz asmatu non zegoen bonba-kotxea... kafetegiko nagusiaren kotxearen ondo-ondoan. Handik egun bitara ikusi nuen. Artean aurpegia zurbilduta zeukan. Txiripaz salbatu zuen bizia, eta halaxe komentatu zidan. Egia berdaderoa. Demagun ez diotela deitu, eta bertan ere gorpu geratzen zela langile hau. Errua, jakina, poliziarena izango zen. Ez bonba-kotxe bat gazte-jendea eta langileak dabiltzan lekuetan jartzen dutenena.

Jakina, errejimen komunista batean errua "hustutzaile txarrei" bota, eta denak ixilik, ez baitago kontrakorik esateko prentsa-askatasunik, ez gobernuaren kontrako deus esateko ausardiarik, jazarpenaren beldur. Hara ETAkoen ametsezko Euskal Herria.

Ekuadortar gizaki bi akatuak izan dira atentatuan. Ez da nahikoa "samina" adieraztea edota Ekuadorko herriari "elkartasuna" adiraztea. Heriotz horiek saihestea bazegoen: bonbarik ez jarriaz. Horixe da Ekuadorko herriari (eta gizaki guztiei) "elkartasuna" adierazteko modurik onena. Guztiok izango gara irabazle. Ezker abertzalea ere bai. Baita etakideak eurak ere.

Friday, January 05, 2007

ESPAINIAKO APEZPIKU BATZARRAREN INSTRUKZIOA

Duela gutxi, 2006ko azaroaren 23an, hain zuzen, Epainiako Apezpiku Batzarrak Instrukzio bat argitaratu berri du eta bertan zenbait aholku eta orientazio moral aurkezten dira Espainiako egungo egoera kontuan hartuta.
Dokumentuak hiru zati nagusi ditu, sarrera baten ostean garatzen direnak. Hona hemen eskema orokorra:

Sarrera
I. Egoera berria: laizismoaren oldar bortitza
II. Elizaren eta katolikoon erantzunkizuna
III. Argitu eta orientau beharreko kontuak, moralaren ikuspegitik
Ondorioa

Oso dokumentu mamitsu, landua eta, era berean, ulerterraza da. Edozein kristauk, edozein gizakik, edozein intelektualek kontuan hartu beharreko dokumentua, bertan ageri den gure gertuko gizartearen analisia benetan saiatua eta landua delako.
Ulertzen dut egonen direla batzuk, irakurri ostean, guztiz ados ez daudenak bertan ageri den azterketarekin. Baina gotzainen lanketa hau ez da beroaldi batek eraginda burututakoa. Benetan sakona, serioa eta zorrotza da, ondorioak ondorio.
Egin dezagun atal bakoitzaren laburpentxo bana.

Sarrera

Apezpikuek gogorarazten digute kristauok (gehienak, behintzat) mundu erdian bizi garela eta, horregatik, mundua hobetu ulertzeko ahaleginak egin behar ditugula, gaurko gizartearen desioak, asmoak, itxaropena eta norabideak zehatz-mehatz zeintzuk diren argituz.
Zentzu horretan, geure hizkera edota espresabidea hobetu behar dugu, hain zuzen gure Jaunaren agintzariak iragartzeko gai izan gaitezen.

I. Egoera berria: laizismoaren oldar bortitza
Gizartearen egoera berri honetan kristauok ahalegina egin behar dugu geure mundua hobeto ulertzeko.
Bestalde, Elizak ez du lehengo garaien nostalgiarik. Are gehiago, trantsizio garaian demokraziaren alde egin zuen apustu Espainian eta biztanleen artean errekontziliazioan edo berradiskidetzean ere zeregin garrantzitsua izan zuen. Beraz, ez dauka ez zentzurik ez arrazoirik Eliza "demokraziarako arrisku bat dela" esateak (azkenaldion noiz edo noiz esan izan den moduan).
"Memoria historikoa" aitzakiatzat hartuta, gizartean ondo errotuta zeuden bakea eta elkarbizitza arriskuan jar ditzaketen kanpainiak abiatu dira.
Atal honen barruan "mentalitate laizista" nola hadatu den azaltzen digute apezpikuek. Prozesu horretan ongizate materiala askotan balio absolutotzat hartzen da eta nihilismoa zein etika erlatibista bat bultzatzen ari dira. Gure kulturak badu kultura- eta espiritualtasun-ondare bat metalitate laizista batek suntsitu nahi duena.
Atal honetan gotzainak saiatzen dira argitzen zeintzuk izan daitezkeen egoera "berri" honen arrazoiak. Zenbait eragile biltzen dira:
- Gizartea oso azkar aberastu da eta gizakiongan ongizate materialarekiko lilura zabaldu da azken hamarkadotan.
- Kristau formazio eskasa jaso dugu sarri askotan eta horrek Jainkoaeren, erlijioaren eta Elizaren irudi desitxuratuak izatera eraman gaitu.
- Zenbaitetan kristauok, batez ere eredu egoki bat erakutsi behar luketenok/ genukeenok, eredu txarrak edo erdipurdikoak eskaini ditugu, guregan argia aurkitu behar zuten fedegabeengan nahasmena sortuz.
- Eskola publikoaren curriculumean eta zenbait komunikabideetan gizakiaren edota ezkontzaren irudi aldrebestuak eskaini dituzte sarritan. Dibortzio azkarra, genero bereko gizakien arteko ezkontzak, edota bestelako ideiak sutsuki bultzatu dira botere-guneetatik.
Honek guztiak kontzientzia morala makaldu edota iluntzera eraman ditu hainbat herritar.
- Hala ere, ezin dira gizartearen alderdi positiboak aipatu gabe utzi. Beharrizanean daudenekiko elkartasuna edota emakumearen, haurren, gaixoen eta zaharren eskubideekiko sentiberatasuna aipatzen ahal dira zentzu honetan. Natura zaintzeko eta babesteko kezka ere areagotu da zorionez, azken hamarkadetan.
Azkenik, gotzainek gizarte honetan erakunde demokratikoak errespetatu eta gizartean elkarbizitzan leialtasunez jokatzeko desioa adierazten dute. Bakoitza bere uste sendo eta sinesmenekin bizitzea posiblea den gizarte bat bilatu behar dugu, elkar errespetatuz.

II. Elizaren eta katolikoon erantzunkizuna
Gogoratu behar da zein den Elizaren eginkizun nagusiena: jendeari, gizaki orori Jesusekin topatzeko aukera erraztea. Horregatik kristau guztiok deituta gaude Jesukristoren misterio salbatzailea iragartzera. Berak argi dezake gure bizitza eta argi horrekin gure gaurko gizartearen arazo sakonenak konpontzen ahal ditugu.

A. Etsipena, menpekotasuna eta aurkakotasuna gainditu
Konponbide okerrak saihestu behar dira, jakina. Honen haritik eta gaurko egoeran honakook dira saihestu beharreko joerak:
1. Etsipena, itxaropenik eza. Tentaldia edo mehatxua da hori. Jainkoak maite gaitu eta Berak gauza txarretatik gauza onak ateratzen ditu beti.
2. Aurkakotasuna. Gogoratu behar da demokrazia modernoa kultura kristauaren eremuan jaio zela eta demokraziaren balio handienetako bat elkarbizitza errazteko kapaza dela. Kristau-morala eta antropologian errotu ziren gizakiaren duintasuna errespetatzeko irizpideei esker gizakia errespetatzen da gizarte zibilean.
3. Amore ematea edota gure kristau-nortasuna galtzea. Ebanjelioaren indarrarekiko mesfidantza litzateke hori.

B. Jainkoak gizatasunari emandako "baietza" iragarri
Benetako konponbideak ez daude geure inguruan ikusten ditugun jarreretan: Elizaren baitatik sortzen dira; izan ere, Jesukristo da Elizaren egitasmo bakarra eta betierekoa.
Benedikto XVI.a Aita Santuaren hitzak gogora ekarriz, gotzainek gogorarazten digute Jesukristok baietza eman ziola gizakiari, bere bizitzari, bere giza-maitasunari, bere adimen eta askatasunari. Jainkoarengan dugun sinismenak aurpegi gizakorra dauka eta alaitasuna ekartzera dator. Kristautasuna beti egon da irekita justu eta egizale den orori. Horregatik katolikook gertu gaude gure garaiko kulturak jadetsitako lorpenak onartzeko eta baloratzeko. Bestalde, jakitun gara gizakia oso hauskorra dela eta Jainkoaren errebelazioa dugu lagun benetako progresorantz abiatzeko. Sinismena bera kultura- eta gizarte-ondare askoren iturburua izan da eta da.

III. Argitu eta orientatu beharreko kontuak, moralaren ikuspegitik
Ziurtasun hauetan oinarrituta, gotzainek beren "bereizketa" edo "hausnarketaren" ondorioak helarazten dizkigute.
a) Nortasun katoliko sendoa
Elizarekin bat eginda soilik posible da Jainkoaren Maitasunaren testigantza ematea. Gure Elizan bereizketa larregi dago, taldeen eta kongregazioen artean, zenbait txokokoeria edo errezelu sortuaz.
Kristoren berpizkundea da geure testigantzaren gunea. Kristorengan bat izan behar dugu, eta horrela izango gara mundua eraldatzeko gai. Horrela, modu positiboan, gaurko kulturarekin alderatu behar ditugu gure balioak, eta bizitza sozialean nola eragin antzeman. Izan ere, kristau-kulutra kapaza da edozein kultura ebanjelizatzeko. Hori guztia ondorengo hiru helburu zehatzetan gauzatzen ahal da:
1. Sinismenean eratuak izatea.
2. Ezkontza eta familiaren ebanjelioa iragartzea.
3. Igandeko eukaristia zaintzea.

b) Gizartean karitatea bizitzea, bizitza publikoan morala indartu dadin.
b.a. Eliza eta gizarte zibila
Eliza munduan bizi da, baina bere oinarria Kristorengan dago. Kristauak bataio eta sinesmenaren bidez Elizan txertatzen dira eta Espiritu Santuaren eraginez berriztatuak izaten gara eta kapaz egiten gara munduan modu zuzenean jokatzeko. Beste herkideekin zuzenak izateko beharrezkoa zaigu gure ekarpena egitea gure kultura-ondare eta balio moralekin. Izan ere, sinesmena ez da esparru pribatura soilik mugatu behar. Erantzunkizun hori laikoengan jausten da modu berezian, Elizaren irakaspenek eta sinesmenak gidatuta. Laikoak libre dira eurek egokien ikusten dituzten erakunde eta baliabideak aukeratzeko. Elizaren Doktrina Sozialak ez du inposatzen batasun bat baliabide politikoetan.
b.b. Argitu beharreko zenbait kontu
Moral kristaua eta Elizaren Doktrina Soziala kontuan hartuz, egoki da zenbait kontu argitzea.
(Ondoren zazpi gai jorratzen dituzte gotzainek. Hau atal handienetakoa da eta arreta berezia merezi duelakoan gaude. Horregatik orain aipatu baino ez ditugu egingo. Geroagoko zenbaki batean eskainiko zaie garrantzi berezia hemen aipatzen diren gaiei).
1. Demokrazia eta morala
2. Guztien ongiari zerbitzatzea
3. Demokrazia hobetzea
4. Erlijio-askatasunari errespetua
5. Terrorismoa
6. Nazionalismoak eta beren betebehar moralak
7. Karitatea praktikan jartzea

Ondorioa
Gotzainek Instrukzio honi bukaera ematen diote esanez katolikook gizartean leialtasunez eta geure betebehar zibikoak beteaz bizi nahi dugula. Beste modu batez pentsatzen dutenekiko errespetua adierazten dute. Hauxe eskatzen dute soil-soilik: sinesdunok geure fedearekin bat eginez bizi ahal izatea, uste izan gabe geure irizpideak edota geure presentzia besteen askatasunaren arriskua dela.
Gustatuko litzaiguke -esaten dute- denek Jainko bizia aitortzea. Sinesmenak herriak biltzen ditu eta historian zehar ibiltzeko argia ematen.
Espainiako oraina eta etorkizuna Ama Birjinaren zaintza pean jartzen dituzte, azkenik.

Wednesday, January 03, 2007

Zein erraza den protagonismoa hartzea!

Horixe da ETAko alderdi batek lortu berri duena.
Ezaguna da joera hori beste bake prozesuetan.
Talde terroristen barruan beti izaten dira batzuk ekintza armatuak egiteari utzi nahi ez diotenak. Eta horiek oso erraz dute protagonismoa hartzea. Eurek bonba bat jarri leku batean eta kitto. Akabo beste guztien egindako ahaleginak, akabo jende gehien-gehienen itxaropenak, akabo ilusioak. Oso erraz. Kaskuarin batzuek lortu dute "sartagina kirtenetik hartzea". Beren harrokerian mozkortuta, "heroikeriak" eginez berriro.
Beste muturrean muturtuta zeudenak, bestalde, pozik, pozik baino pozago. Ez duzue ikusi?
Pozez zoratzen. Arrazoia zutela frogatu (ei) da. Eta eurek ere protagonismoa hartu dute.
Erdian geunden gehien-gehienok desilusionatuta.
Baina ez dugu etsi behar. Gure etsipena, kaskuarin haien bazka da.
Bakea oso bulnerablea izan da beti. Kasurik merezi ez duenak arreta erakartzea, ostera, oso erraza. Pertsonak akatzea ere oso erraza da, horretan "espezialistak" direnendako batez ere. Horrekin kontatu behar dugu eta bakearen alde lan egiten jarraitu.