Total Pageviews

Saturday, March 08, 2014

Bertsolaritza eta gatazka: gertaera esanguratsu bat

Gertakari esanguratsu baten berri izan dugu duela gutxi.



Iñaki Rekarte ETAkide ohia dugu, Nanclares bidea hartu, egindakoaz damutu eta erakunde armatutik kanporatua izan zena. Donezteben bizi da orain (kartzelaldia bukatuta) eta bertan taberna bat du. Hantxe antolatu nahi izan zuen duela gutxi bertso-bazkari bat, Amets Arzallus eta Jon Maia bertsolariak gonbidatuta.
Hara non bertsolariak enteratzen direla tabernaren jabea "traidore" bat dela eta erabakitzen dute bi egun lehenago saioa ez egitea. Bertsolariek, gainera, esaten dute "batzuen" deiak jaso zituztela Iñaki nor zen eta zer bide hartu zuen esan ziotenak eta "giro txarra" zegoela haren inguruan ziotenak. Iñaki Rekartek, berriz, dio oso gustora dagoela Donezteben, bere herrikideekin oso ondo konpontzen dela eta, gainera, itzelezko giroa zegola bertsolariak ekartzeko. Polemika areagotu egin da zenbait mediotan (SER irratiak egindako elkarrizketa bat , El Pais...) kontua zabaldu delako.
ETBko Airean saioan biek hitz egiteko aukera izan dute eta zintzilikatuta dagoen bideo zatian honako informazioa jarri dute:
"Donezteben bertso afari bat bertan behera utzi ondoren piztu den polemikaren inguruan aritu dira bertsolaria eta preso ohia aurrez aurre 'Airean' saioan."
Nik uste dut nahiko adierazgarria dela elkarrizketa hori bera entzutea bakoitzak bere ondorioak atera ditzan. Nire uste apalean, Ametsek galdu zuen aukera bat modu noblean jokatzeko (saioari ezetza esan zionean) eta txapeldun baten maila etikoan aritzeko. Amets teknika, bertsokera, hizkera eta gaien tratamentu bikain baten jabe da, tipo txinpartatsua da inondik ere. Baina etikarik gabe estetika huts bilakatzen da, ganora bakoa. Eta nago Lapurtarrari koxkatxo bat falta zaiola arlo horretan. Ni neu behitzat Iñaki Rekarteren azken interbentzioarekin geratzen naiz: bertsolaritza, kultura ondare legez, euskaldun guztiona izan behar dela, ez "korda" batekoarena soilik.