Total Pageviews

Monday, May 29, 2006

Afektibitatea heztea (VII)



“Sentitzen dut seme, baina jadanik ez dut zure ama maite, “desenamoratu” egin naiz, ezin dugu aurrera segi”. “Aita –dio semetxoak–, gurekin “desenamoratuko” bazina, arrebatxo eta biok ere utziko gintuzkezu, amarekin egin duzun bezala?” Horrela zioen “Quedate a mi lado” pelikularen pertsonaiatxoak.
Sarritan, hainbat pelikula, aldizkari edota eleberritan maitasuna sentimendu huts batekin nahasten da. Horrela jarduten duenak, denboraldi baten buruan bere bikotea ez duela maite erranen du. Eta gainera aitzakia hau emanen du: “sentitzen dut, baina ez zaitut jada maite, ezin dut saihestu”.
Albert Cohen izeneko idazleak liburu batean bere amaren solasa transkribatzen du: “Seme, jakin nahiko nuke istorioetako maitale ero horiek maiteko ote duten beti gaixo den bere emaztetxoa, bere premia guztietan lagundu beharko lioketeen. Nik uste maitatzeari utziko lioketela. Begira, benetako maitasuna ohitura da, biok batera zahartzea. Tira... nola nahi dituzu albondigak, tomate ala ilarrekin?”
Hirurogeiko hamarkadan, agian lehenagoko hipokresia biktorianaoeta zurrunaren aurkako erreakzioz edo, sentimendutik zetorren oro jator eta benetakotzat hartua izan zen. Garai haietan era gartsuan “maitatzen” zen, eta era gartsuan baita ere “ahaztu” egiten zen. Gaur egun oraindik, askok eta askok uste dute maitasuna ez dela egiazkoa borondateak behartua bada. Maitalearen aldeko sakrifizioa (gogorik gabekoa, baina gustura eginda) ez dute ulertzen maitasuna desioarekin berdintzen dutenek.
Honen inguruan bada esaldi giltzarri bat: “Espiritu-maitasuna maite-garrezko maitasunean oinarritzen da eta... berori gainditu egiten du”. Bertze modutara erranda, erakarpen fisiko edota afektiboa maitasunaren pizgarri da, baina ez da maitasuna bere zentzu osoan. Giza-maitasunak, ezin da ukatu, karinoa du oinarri eta horren ondorioz, afektibitatea garatzea garrantzitsua da. Maitasunik garbi eta jasoenek ere (pertsona santuen maitasuna, adibidez) ez dute afektua baztertzen, hartaz elikatzen dira. Karinoak eskaintza errazten du. Giza-maitasuna erakarpen batekin hasten da, norbaitez edo zerbaitez jabetzeko gogoarekin, eta dohaintza borondate onez edota onginahiaz burutzen da. Onginahia izan dadin, erakarpenik izan behar du.
Beraz, heziketa afektiboa honetan datza: afektuak transzenditzen laguntzean. Afektuak onak dira baldin eta benetako maitasunera ailegatzeko oinarri badira. Sentimentalismoaren arriskuek ez gaituzte eraman behar afektuak gorrotatzera, eta alderantziz, afektu soiletan geratzea ez da aski.

Saturday, May 20, 2006

Barkamena eta errekontziliazioa Euskal Herrirako



Lehengo maiatzaren 17an Bilboko gotzaina eta Espainiako apezpiku batzarraren lehendakaria den Ricardo Blázquezek oso adierazpen interesgarriak egin zituen zabaldu berri den bake prozesuaren inguruan.
Interesgarriak, nire ustez, zeren orain arte inork ez du eskaini ikuspegi hori, nahiz eta prozesu honetaz jada milioika orrialde idatzi diren eta milioika hitz aireratu diren. Bere diskurtsoaren marko bezala, esan dezagun “barkamena” aldarrikatzen duela ETAren bortizkeriak eragindako zauriak sendatu daitezen. Adierazpen hauek bere gotzaina-izaeratik egindakoak dira, jakina; izan ere, prentsa aurrean adierazi zuenez, apezpikuen zeregina pastoraltzatik ahal duten neurrian laguntzea da. Fórum Nueva Economía delakoak antolatutako ekitaldi batean gonbidatua izan zen Ricardo Blázquez gotzaina. Hainbat giltzarri eskaini zituen prozesu honetan erabilgarriak izan daitezkeenak:
BAT: Baketze prozesuak herritar guztiak bakean bizi ahal izatea eskatzen du, inolako mehatxurik gabe bizi ahal izatea, alegia. Horretarako, jakina, ETAk hiltzeari eta estortsioa egiteari utzi behar dio.
BI: Blázquez gotzainak esan zuenez, zauri asko sendatu gabe daude oraindik, hildako asko izan direlako eta familia asko sufritzen ari direlako: "Horregatik biktimekin dialogoan edota elkarrizketan ari gara, nahi dutenekin, jakina; izan ere, badira batzuk nahi ez dutenak. Eta, Jainkoari eskerrak! batzuek barkatu dute jada. Ulertzen dut, bai, gizartean ezin da barkamena inposatu, baina badira batzuk jada barkatu dutenak".
HIRU: "Barkamena kategoria kristau bat da, gizartean eragina jakin batzuk dituena eta espero dugu barkamena eskatua izan dadila, barkamena eskainia eta jasoa izan dadila, gizartean errekontziliazio edo berradiskidetze sakon bat gerta dadin".
Bake bide honetan badaukagu zer hausnartua, hizketan eta kalakan hasi aitzin.

Thursday, May 18, 2006

Jan aurretik errezatu



Gazte bat bere lehengusuak bisitatzera joan zen. Bazkaltzen hasi baino lehen, ikusi zuen errezatu egiten zutela.
- Baina zer! Etxe honetan jaten hasi aurretik errezatzeko "bizioa" al daukazue denok?
Etxeko nagusiak erantzun zion:
- Ez, denek ez. Ikuiluan dauden astoak eta txerriak ez dute errezatzen ez jan aurretik, eta ez ondoren.
(Arantzazuko egutegitik hartua).

Thursday, May 11, 2006

Afektibitatea heztea (VI)




Hondarreko artikulutxoetan jorratu dugun gaiak alderdi asko ditu. Euretako bat, orain hona ekarriko duguna, bertzeen sentimenduak ezagutzea da. Izan ere, badira pertsona asko (agian zu edo ni ere herren gabiltza honetan), oso abilezi eskasa dutenak bertzeen sentimenduak intuitzeko tenorean: kontatzen dizute izugarrizko rollo bat, konturatu ere gabe presa duzula edo gaiak aspertzen zaituela; bertzeen konbertsazionetan sartzen dira tentu tantarik gabe; gaiaz aldatzen dute, bertzeen interesak kontutan hartu gabe; broma desegokiak egiten dituzte; pertsona disgustatu bat animatzeko asmoz lurperago sartzen dute esandakoarekin; tonu inpultsiboa darabilte jakitun izan gabe tonu horrek beren interlokutorea uxatzen duela,...
Intentzio txarra dute honelakoek? Kasu anitzetan ez. Baina ez dute garatu bertzeen sentimenduak ezagutu eta baloratzeko gaitasuna.
Izan ere, gizakiok hitzezkoak ez diren mezu asko transmititzen ditugu ohartu gabe (aurpegia, keinuak, ibilkera, hizkeraren tonua... ). Ama asko (maitasunak adimena zorrozten du), mezu horiek interpretatzen maisuak dira. Bada haurrari -eta nerabeari ere bai-, irakatsi behar zaio bere portaerak lagun hurkoaren sentimenduetan baduela eragina: positiboa eta negatiboa. Esaterako, barrasbaskeri bat zuzentzean, hobe da esatea “begira zein triste jarri den zure arreba”, barrabaskeria bera itsustea baino. Edo zer edo zertan ondo jokatu duenean “Ze pozik egongo da aita jakitean zein ondo egin duzun hori!”. Batez ere alde positiboa, errieta, behar denean, albo batera utzi gabe. Izan ere, askotan pentsatzen dugu heztea, zuzentzea eta errietak botatzea dela. Nik esango nuke, errieta bakoitzeko bospasei goraipamen eta animuzko aupada esan behar zaizkiola haurrari: askozaz motibantea da, eta emaitzak izugarri hobeak dira. Heziketa, haurraren puntu positiboetan oinarritu behar da, hantxe eraiki. Eta haurrak beti izaten du puntu positiboren bat.
Bertzeen sentimenduak antzemanda, batzutan norberarenak kontrolatu beharko dira. Adibidez, norbaitek gogo onez opari bat egiten badigu, baina opari horrek gure aurreikuspenak zapuzten baditu, geure esker onaren sentimenduari hauspo gehiago eman beharko diogu geure desilusioari baino. Eta, konturatzen bagara pertsona batek entzuna izateko gogoa duela (nork ez du nahi maitatua sentitzea?), gure interesa berotuko dugu esaten digun horretan. Karitatea bizitzeaz gain, gure heziketa afektiboan hobetuz goaz. Izan ere, gaitasun hau, bertzeen sentimenduak igartzearena, behar-beharrezkoa da giza-harremanetarako, ezkontza bizitzarako, talde-lanerako, lagunak egiteko... kristau giro gozoa gure inguruan sortzeko.

Friday, May 05, 2006

The Da Vinci Code: zer dago atzean? (V)



10. Zein iturritatik “edaten” du liburu honek?


Ezagutzen diren lan askoren nahasketa moduko bat da. Hona hemen iturrietarik batzuk:

- New Age delakoaren mogimenduko eleberriak.

- Literatura fantastikoko hainbat eleberri.

- Holy Blood, Holy Grail edo El enigma sagrado liburua.

* Margaret Starbird idazlearen The Woman with the Alabaster Jar edo Sagrado femenino eleberrian agertzen diren baieztapenak erabiltzen ditu Brown-ek eta gnostizismoaren teoriekin nahasten ditu.

* Artean adituak direnek Leonardo da Vinciren koadroetan “izkutatzen” omen dituzten mezuak ukatu egin dituzte.

11. Ze ikerketa zientifikotan oinarritzen da Brown Jesus eta Elizari buruz hitz egiteko?

* Brown-ek ez du inongo ikerketa zientifiko, historiko edo teologiko seriorik aipatzen Jesusi buruzko dokumentazioari dagokionez.
* Ebanjelioen ikerlari seriorik bat ere ez du aipatzen.
* Bere baieztapenak, bortitzak izan arren, zatarrak dira, oinarri historikorik gabekoak.
* Ebanjelioak manipulatu eta bere jatorriari buruz fantaseatzen du.

12. Zergatik egin da The da Vinci Code horren ezagun?

Arrazoi posible batzuk:

* Hauxe lortzen du: irakurle arruntak — Elizari buruz gutxi dakiena— sinestea kontatzen ari dena benetako historia dela.

* Inpresio hori ematearren, Brownek datu ziertoak, nahasiak eta gezurrezkoak nahasten ditu, hori Elizaren historia bailitzan, historialariek “modu baketsuan” onartutakoa.

* The Da Vinci Code-ren irakurketa nahasmen honetan oinarritzen da, irakurleen ezjakintasuna baliatuz.

o Fikzio hutsa bada, —batzuen arabera—, zergatik kezkatu?

o Baina ez da fikzio hutsa: Brown-ek “egintzak” delako atal batekin hasten du eleberria. Bertan hauxe baieztatzen du:

"Eleberri honetan agertzen diren artelan, eraikin, dokumentu eta erritu guztien deskripzioak benetakoak dira”.

* Arrakastaren zati bat hauxe izan daiteke: emetasun sakratuari buruz hitz egingo duela, iradokiz edo, eta sexuaren erabilera libertarioaz baita ere.