Total Pageviews

Saturday, June 16, 2007

Espainiarekin "anexionatzearen" aldekoak

Nortzuk dira Espaniarekin anexionatu nahi gaituztenak?
Zaila da esaten. Zaila da zehazten.
Ez dute zertan nabarmendu.
Ez dute ezer aldarrikatzeko.
Ez dute alderdi nazionalista bat sortzeko premiarik.
Ez dute kejaka ibiltzeko beharrik.
Arrazoi sinple bategataik: De facto anexionatuta gaude jada.
Ostera, Nafarroa bezalako lurralde bat anexionatu nahi omen dugunok seinalatzen gaituzte, behin eta berriz, espantu aurpegiarekin seinalatu ere.
Errazago daukate. Nazionalistak ei gara eta. Horrekin "dena" esanda dago... eurek esan nahi duten guztia, jakina: horren atzetik datorren erretolika guztia, noski.
Niri ez zait "anexionatu" aditza gustatzen.
Ez desprestijiatuta dagoelako soilik.
Nik ez diot hori Nafarroari opa.
Niri bidaide izatea gustatzen zait.
Bidaidea nirekin ibiltzera behartuta ez dagoen batekin, nirekin askatasunez eta bere gogoz etorri nahi duen batekin. Helburu baterantz garamatzan bide bat nirekin, gurekin batera etortzera nahi duenarekin bai gogotsu ibiliko nintzatekeela.
Hori opa diet nahi duten nafarrei.
Beste euskaldunekin batera ibiltzeko gonbitea egiten diet, askatasunez, guztientzat onuragarria izan daietekeen gailur baterantz.
Bestela ez: gogo txarrez ibiltzera behartuta dagoenari, lasai egoteko, trankil beste leku batera jotateko proposatuko nioke. Eta denok pozik, haserretu behar izan gabe.
Nago "bidaide" delako kontzeptu hau ere ez dutela oso gogoko anexionatuta gauzkatenek.

Thursday, June 07, 2007

Tobit

Ya esta. Denak pozik. Eskuina espaniarra eskuak igurtzitzen, sozialistei emango dieten jipoian amestuz. Ezker abertzaleko batzuk ere bai, poz-pozik, ETAk hiltzera bueltatuko dela esan eta eztabaida De Juana martiriari egin dioten horretan zentratuta.
Horrelako gatazketan, muturretan daudenek ez dute protagonismoa galdu nahi, eta oso erraz daukate, gainera, berriro hartzea. Erdiko gehiengoak, berriz, askoz lan gehiago eginda ere, askoz zailago daukate.
Ez dauka lotura zuzenik, eta ez da nire asmoa erlijioa politikarekin nahastea, baina Tobit liburuan agertzen den testu txatala datorkit burura:

"Gure arbasoek zure aginduak
bete ez zituztelako
utzi diezu etsaiei
guri lapurretak egiten,
gu erbesteratzen eta hiltzen.
Iseka eta barre egiten digute denek,
irainka garabiltzate
sakabanatu gaituzun
nazio guztietan" (Tobit 3, 4)

Guztien barregarri izango gara berriz ere.
Benetako politika egiten hasiko ginela pentsatu eta, Nafarroan behintzat, aldaketekin itxaropentsu, eta berriro ere hiltzea besterik ez dakien hiltzaile-talde batek dena baldintzatu nahian, herriak eman ez dion protagonisma berengatu nahian. Horixe da euskaldunon madarikazioa, zigorra.
Noiz arte, Jauna, noiz arte?
Badakigu zer dagoen gure esku. Eta egiten ahaleginduko gara: bakearen alde lanean jarraitu. Etsipenik gabe. Baina egun hits hauetan nire bihotzak otoitz urratu bat zuzentzen du zerura, ezinbestean:
"Libra nazazu, Jauna,
larrialdi honetatik,
uztazu betiko egoitzara joaten;
baina ez gorde niri
zeure aurpegia, Jauna" (Tobit 3, 6).