Total Pageviews

Tuesday, March 26, 2013

Afrika Erdiko Errepublikako biztanleak arriskuan





Berriki entzun dugu Afrika Erdiko Errepublikan estatu kolpe bat egin dutela. Séléka deituriko aliantza erreboltari bat dago horretan sartuta eta dagoeneko asko dira egin diren harrapaketak, lapurretak eta, txarragoa dena, giza eskubideen kontrako ekintzak: erailketak, zaurituak eta beste, osasun zerbitzuak gainezka daudela.
Bertako biztanleriaren gehiengoa kristaua da (%80, hain zuzen, tartean luteranoak, katolikoak eta beste daudela), nahiz eta %15 islamdarrak izan (erreboltarien asmoa islamismoa ezartzea dela dioenik bada). Salestarrek, esaterako, hainbat proiektu dituzte Afrikako herrialde horretan: heziketa profesionala eskaintzen dute, emakumeen formaziorako eta sustapenerako hainbat irakaskuntza proiektu… Dagoeneko misio horietan jasaten ari dira hainbat eraso. Bakartuta edo isolatuta daude (haiekin ez dago kontaktatzerik), adibidez, Damala hiriko misiolari salestarrak.  Erramu egunean berean, elizan egun hori ospatzen zeudelarik erreboltarien tiro hotsak eta artileria astunaren danbatekoak entzuten ziren Bangi hiriburuan.
Dagoeneko presidente ohia alde egina dago eta erreboltariek gobernu berri bat ezarri nahi dute eta beraien buruzagia Michel Djotodia presidente berria izendatu dute jada. 800.000 pertsona izan dira kaltetuak gatazka hau dela kausa, eta tartean 166.000 haur eskolarik gabe geratu dira haien eskola asko base militarrak egiteko erabili diren bitartean. Indarkeriatik ihesi dauden errefuxiatuak milaka dira eta hutsik gelditu diren etxeetan harrapaketa asko egin izan dira.
Jakina, medioetan ez zaigu informazio handirik ematen, futbolak, reality-showek, edo bestelako gertaera politiko-ekonomikok arreta gehiago merezi omen dutelako. Frantziak soldadu batzuk eraman ditu hiritar frantsesak babesteko eta Nazio Batuen Erakundeak estatu kolpea kondenatu du, baina ez dago bestelako erabakirik demasia honi mugak jartzeko.
Garai hauetan erne egotea egokitu zaigu, ea zer norabidea hartuko duen egoera horrek: tartean otoitza eta afrikaerditarren aldeko kontzientzia piztea izan beharko litzateke gure zeregina.

 

(Damala misioko haurrak)