Total Pageviews

Thursday, May 11, 2006

Afektibitatea heztea (VI)




Hondarreko artikulutxoetan jorratu dugun gaiak alderdi asko ditu. Euretako bat, orain hona ekarriko duguna, bertzeen sentimenduak ezagutzea da. Izan ere, badira pertsona asko (agian zu edo ni ere herren gabiltza honetan), oso abilezi eskasa dutenak bertzeen sentimenduak intuitzeko tenorean: kontatzen dizute izugarrizko rollo bat, konturatu ere gabe presa duzula edo gaiak aspertzen zaituela; bertzeen konbertsazionetan sartzen dira tentu tantarik gabe; gaiaz aldatzen dute, bertzeen interesak kontutan hartu gabe; broma desegokiak egiten dituzte; pertsona disgustatu bat animatzeko asmoz lurperago sartzen dute esandakoarekin; tonu inpultsiboa darabilte jakitun izan gabe tonu horrek beren interlokutorea uxatzen duela,...
Intentzio txarra dute honelakoek? Kasu anitzetan ez. Baina ez dute garatu bertzeen sentimenduak ezagutu eta baloratzeko gaitasuna.
Izan ere, gizakiok hitzezkoak ez diren mezu asko transmititzen ditugu ohartu gabe (aurpegia, keinuak, ibilkera, hizkeraren tonua... ). Ama asko (maitasunak adimena zorrozten du), mezu horiek interpretatzen maisuak dira. Bada haurrari -eta nerabeari ere bai-, irakatsi behar zaio bere portaerak lagun hurkoaren sentimenduetan baduela eragina: positiboa eta negatiboa. Esaterako, barrasbaskeri bat zuzentzean, hobe da esatea “begira zein triste jarri den zure arreba”, barrabaskeria bera itsustea baino. Edo zer edo zertan ondo jokatu duenean “Ze pozik egongo da aita jakitean zein ondo egin duzun hori!”. Batez ere alde positiboa, errieta, behar denean, albo batera utzi gabe. Izan ere, askotan pentsatzen dugu heztea, zuzentzea eta errietak botatzea dela. Nik esango nuke, errieta bakoitzeko bospasei goraipamen eta animuzko aupada esan behar zaizkiola haurrari: askozaz motibantea da, eta emaitzak izugarri hobeak dira. Heziketa, haurraren puntu positiboetan oinarritu behar da, hantxe eraiki. Eta haurrak beti izaten du puntu positiboren bat.
Bertzeen sentimenduak antzemanda, batzutan norberarenak kontrolatu beharko dira. Adibidez, norbaitek gogo onez opari bat egiten badigu, baina opari horrek gure aurreikuspenak zapuzten baditu, geure esker onaren sentimenduari hauspo gehiago eman beharko diogu geure desilusioari baino. Eta, konturatzen bagara pertsona batek entzuna izateko gogoa duela (nork ez du nahi maitatua sentitzea?), gure interesa berotuko dugu esaten digun horretan. Karitatea bizitzeaz gain, gure heziketa afektiboan hobetuz goaz. Izan ere, gaitasun hau, bertzeen sentimenduak igartzearena, behar-beharrezkoa da giza-harremanetarako, ezkontza bizitzarako, talde-lanerako, lagunak egiteko... kristau giro gozoa gure inguruan sortzeko.

No comments: