Total Pageviews

Tuesday, August 01, 2006

Kubako etorkizunaz



Kubako etorkizuna kubatarrek eurek, presiorik gabe, mehatxurik gabe, askatasunez, erabaki behar dute.
Sonatzen zaizue arestiko esaldia, ez?
Baina ez dago horren garbi hori posible izatea momentu honetan. Jakina da Kuba “begiralez” eta poliziez beteta dagoena: koadra bakoitzean, kale bakoitzean. Herritarrek ez dute benetan pentsatzen dutena adierazteko aukerarik (prentsa askatasunik eta adierazpen askatasunik ez dago).
“Herri-Manifestazio” askotara joan behar dira kubatarrak, bestela “begirale” horietako bat konturatuko da urlia edo sandia ez dela agertu.
Bestalde, azken urteotan “bizardunen iraultza” hark Kubatik ezabatu nahi zituen zenbait gauza ugaltzen ari dira barra-barra. Adibidez, dirudunen turismoa (luxuzko hoteletan) eta prostituzioa. Prostituzioa, bai, nahiz eta Castroren gobernuak ez duen onartu nahi. Prostituzio desesperatu bat, dolar miserable batzuen truke edozein gauza egiteko prest dagoena… Prostituzio bat, azken finean, diru-iturri handi bat dena Karibeko irla maite hartan… paradoxa negargarria.
Bai, Castroren pean lorpen (harrigarri) batzuk jadetsi dira: mediku ugari, irakaskuntza sistema sarria, kirolari onak… Ezin da ukatu. Nahiz eta zoritxarrez, agian ez euren erruz, ez duten apenas baliabide teknikorik (hospitaletan, esaterako) jakintza hori eraginkorragoa izateko. Ezin da ukatu, baita ere, Ameriketako Estatu Batuek ezarritako enbargoak kalte handiak eragin dituela kubatarren artean: beti bezala makalenak izan dira hori jasan dutenak: pobreak, haurrak… Hori salagarria da, inondik ere.
Badakit ezkertiarren artean “Meca” bat izan dela aspaldidanik Kuba: iraultza eredugarria, marxismoaren aurpegi adeitsua, kubako kultura bero eta abegikorra helburu iraultzailez blai, “Pizti” handiaren aurka tinko dagoena… Ez ditut beren ilusioak zapuztu nahi, baina agian egin behar da. Lehenengoz, kubatarren onerako: daukaten giza-potentzialidadea izugarri handia delako eta aukerak behar dituztelako horiek guztiak garatzeko. Eta bestetik, gugatik, Kubak gauza asko eman dizkiolako munduari, baina gaurko egoerak trabatuta utzi du.
Ez dut esaten sistema kapitalista bat ezarri behar denik goizetik gauera. Bai, ordea, giza-eskubideak bermatu behar direla, demokrazia parte hartzaile bat bultzatu behar dela, Kuba hobe bat eraiki behar dutela denen artean, pertsonari sor zaion errespetua erraztuz eta kubatarren dauzkaten balioak besteen zerbitzuan jartzean sarituz.

No comments: