Total Pageviews

Friday, September 08, 2006

Borroka armatuaren patetismoa

Atzo telebistako irudietan Javier Bilbao Goikoetxearen mehatxuak ikusi ahal izan genituen. Gorrotoz beterikoak eurak. Gorroto haren objektua (pertsona ez omen zen) akatu nahi zuela esan zuen amorruz behin eta berriz etakide hark. Ez zuen indarkeria utzi nahi.
Uste dut ulertzeko gai naizela etakide hura egoera horretara eraman duten "atenuanteak". Atenuanteak bai, baina ez arrazoia. Ez baitago arrazoirik beste pertsona bat akatu nahi izateko. Horregatik sistema ideologiko bat sortu behar izan dute batzuek ("sozialismo" deiturikoa, marxismoa, "batasunismoa"...) non lagun hurkoa akatzea zilegi den, non lagun hurkoa akatzea ez den kondenatua izango. Ez dago erantzunkizunik. Pertsona batzuek, makinak bailiran, beste batzuk akatzen dituzte, eta kitu, ez dago erantzunkizun moralik. Gizartearen indar batzuk omen dira "ekintza armatuen eragileak" (tesis-antitesis-sintesis, marxismoa). Norbanakoa ez da ezer, engranajearen torloju bat baino ez da, inola ere oztopatu ezin den Iraultza Erraldoi horren barruan torloju bat.
Begira nora eraman dituen hainbat "militante" ideologia anker hark.
Benetan patetikoak izan ziren etakide haren keinuak. Penagarriak. Borroka armatuak beste pertsonen bizitza deusestatzeaz gain, indarkeria praktikatzen dutena abere bilakatzen ditu, abere itsu eta amorratuak, beren "berezitasunean" harro.
Bakea lortu behar da. Eta aurreneko pausoa ekintza armatuan bertan behera eta betiko uztea da. Alde guztiok egin beharko dugu ahalegina, jakina. Baina behar beharrezkoa da indarkeriari agur esatea, bihotzez (bihotzean egosten baitira ankerkeria guztiak, ez "egituretan").
Horrela humanizatuko gara zeozertxo. Eta kapaz izango gara bake-bide honetan ibiltzen jarraitzeko.

No comments: