Total Pageviews

Monday, October 02, 2006

Gernikako arbola eta bere sustraiak



























Gernikako Arbola da bedeinkatua,
euskaldunen artean guztiz maitatua.
Eman ta zabal zazu munduan frutua,
adoratzen zaitugu, arbola santua.

Betiko bizi dedin Jaunari eskatzeko
jarri daitezen danok laster belauniko.
Eta bihotzetikan eskatu ezkero,
Arbola biziko da orain eta gero.

Arbolak erantzun du kontuz bizitzeko,
eta bihotzetikan Jaunari eskatzeko.
Gerrarik nahi ez degu, pakea betiko,
gure lege zuzenak hemen maitatzeko.

Mila urte inguru da esaten dutela,
Jainkoak jarri zuela Gernikako Arbola.
Zaude, bada, zutikan orain ta denbora,
eroritzen bazera, arras galdu gera.

Arbola botatzea dutela pentsatu,
Euskal Herri guztian danok badakigu.
Ea, bada, jendea, denbora orain degu,
erori gabetanik eduki behar degu.

Erregutu diogun Jaungoiko jaunari
pakea emateko orain eta beti,
bai eta indarra ere zerorren lurrari,
eta bendizioa Euskal Herriari.

Ez zera eroriko, Arbola maitea,
baldin portatzen bada, Bizkaiko Juntea.
Laurok hartuko degu zurekin partea
pakean bizi dedin euskaldun jendea.

Beti egongo zera udaberrikoa,
lore aintzinetako mantxa gabekoa.
Erruki zaitez, bada, bihotz gurekoa,
denbora galdu gabe, emanik frutua.


Ez da nire asmoa ez kanta honen azterketa literarioa egitea ez kanta hau konposatu zeneko garaia aztertzea. Abesti famatu honen alderdi bati erreparatuko diot soilik zertzelada single batez. José María Aguirrek (1820-1881) konposatutako bertso hauek ondo baino hobeto konektatu zuten euskaldun askoren pentsamoldearekin. Arrazoietako bat, beren bertsolari-estiloan dago, garai hartako euskaldun gehienen ahozko kulturako euskal estiloan, hain zuzen. Beste arrazoi bat honakoan aurkitzen dugu: garai hartan, lehenengo gerrate karlistaren ostean foruen galerak kezka asko sortu zituen, nolabaiteko burujabetza (edo nortasuna) arriskuan eta kinka larrian ikusten zelako. Azkenik, konposizio osoari halako erlijiotasun bat dario. Poeta euskaldunei zuzentzen zaie esanez eskatu behar diotela gauza bat. Horren haritik, hona hemen adibideetako bat: “Erregutu diogun Jaungoiko Jaunari/ pakea emateko orain eta beti,/ bai eta indarra ere zerorren lurrari,/ eta bendizioa Euskal Herriari”.
Iparragirrek ez zuen sekula esan berak bere burua kristau zintzotzat zeukanik. Baina Jainkoari eta kristautasunari egindako erreferentziak ugariak dira bere bertsoetan. Naturaltasunez egindako erreferentziak eurak guztiak, pentsamolde eta bihotz kristau baten islatzat hartzen ahal ditugunak. Besteak beste, hauxe bera izan zen bere garaiko euskaldunekin konektatzeko beste arrazoietako bat, garai hartan euskaldun-fededun binomioa binomio sendoa baitzen, kasu aunitzetan behintzat. Honi estuki lotua bakezaletasuna dago: Lehenengo karlistadan herri xeheak dezente sufritu zuen. Gerrak ankerrak izaten dira beti, eta garai hartan ere bai. Euskal jendeak eta mundu osoko jendeak bakean bizi nahi du, zuzenbidean oinarritutako bakean bai, baina bakean. Beste balio kristau bat, gaur egungo munduan ere hain beharrezkoa duguna. Ezagutu ditzagun gure sustraiak.

No comments: