Total Pageviews

Wednesday, January 10, 2007

Tontotzat gauzkate ala?

Irakurri berri dut hilaren 9an ETAk argitaratutako dokumentua.
Barajasen 500 kilo inguruko bonba bat jarri dute, itzelezko txikizioa, eta hildako bi.
Dokumentuak 17 ahapaldi ditu. Bada 17 ahapaldi horietatik batek soilik egiten dio erreferentzia atentatu hari. Non bizi dira hauek? Eta ahapaldi berorren zati batean, eurek eragindako hildakoak aipatzean, beren burua zuritzen dute esanez, berriro ere, beste batzuena izan zela errua parkina zeharo ez hustutzeagatik.
Bada, kontatuko dut gertutik ezagu nuen pareko gertaera bat. ETAk orain dela urte gutxi bonba bat jarri zuen leku jakin batean, ikasketa zentro batetik gertu. Abisua eman zuen eztanda egingo zuela. Eraikinak eta ikasleen egoitzak hustuak izan ziren. Baina eraikin horietako batean kafetegi bat zegoen, eta bertako nagusia barruan geratu zen, nahiz eta kafetegia zarratuta egon (kontuak egiten eta). Inori ez zitzaion gogoratu barruan inor egon zitekeenik... azken momentura arte, justu kotxera zihoan unean. Orduantxe lagun batek deitu zion esanez eraikina hustua izan behar zela. Telefonoa hartu ez hartu ibili zen, ze kotxea hartzera zihoan jada. Eskerrak hartu zuela, ze telefonoz hizketan zegoela bonba-kotxeak eztanda egin zuen. Ezetz asmatu non zegoen bonba-kotxea... kafetegiko nagusiaren kotxearen ondo-ondoan. Handik egun bitara ikusi nuen. Artean aurpegia zurbilduta zeukan. Txiripaz salbatu zuen bizia, eta halaxe komentatu zidan. Egia berdaderoa. Demagun ez diotela deitu, eta bertan ere gorpu geratzen zela langile hau. Errua, jakina, poliziarena izango zen. Ez bonba-kotxe bat gazte-jendea eta langileak dabiltzan lekuetan jartzen dutenena.

Jakina, errejimen komunista batean errua "hustutzaile txarrei" bota, eta denak ixilik, ez baitago kontrakorik esateko prentsa-askatasunik, ez gobernuaren kontrako deus esateko ausardiarik, jazarpenaren beldur. Hara ETAkoen ametsezko Euskal Herria.

Ekuadortar gizaki bi akatuak izan dira atentatuan. Ez da nahikoa "samina" adieraztea edota Ekuadorko herriari "elkartasuna" adiraztea. Heriotz horiek saihestea bazegoen: bonbarik ez jarriaz. Horixe da Ekuadorko herriari (eta gizaki guztiei) "elkartasuna" adierazteko modurik onena. Guztiok izango gara irabazle. Ezker abertzalea ere bai. Baita etakideak eurak ere.

No comments: