Total Pageviews

Tuesday, March 20, 2007

Adimena iraindu? Eta zer?

Txikitan kromoekin negoziatzen genuen, nork bere bilduma osatu ahal izateko.
Pasa den asteburuan, hilak 17, Iruñean manifestazio handi bat izan zen. Nafar izaera defendatzea zen bere helburuetako bat (gaztelera hutsean, ze kuriosoa!) eta Nafarroa ez zela negoziagai aldarrikatzea ere bai.
Zergatik lotu ditut gertakari hauek biak? Nik ere uste dudalako Nafarroa ez dela kromoekin bezala tratatu behar.
Baina uste dut ez dela hori "navarristen" benetako kezka. Antzina bati entzun nion: "Navarrista navarrero, que se te ve el plumero, que dices que eres navarro y español eres primero" (barka nire transkripzio eskasa).
Hori dela eta, manifestaziaren aurka egon diren batzuek esan izan dute antolatzaileen esanetan inteligentziari egindako irainak egon direla eta haien kontra itzuliko dela hau guztia.
Agian bai, agian ez.
"Gran Hermano", latinamerikar kulebroiak eta prentsa-arrosa kutsuko arratsaldeko txutxumutxu-saioak ere inteligentziari egindako irainak dira, irain garbi eta argiak... Hala eta guztiz ere, milioika pertsonek ikusten dituzte, audientzia itzela dute, urte batean bai eta hurrengoan ere bai...
Beraz, ez sobera fidatu inteligenteen matxinadarekin.
Hori bai, ziurrenera batzuk jaitsi dira propaganda hau guztia daroan trenbidetik. Bejondeiela.
Baina zuhurtasunez eta tinkotasunez lanean jarraitzeko unea da.
Zor zaiguna tinkotasunez eta era zibilizatuan eskatzen jarraitu behar dugu: Nafarroaren izaera defendatu nahi? Primeran. Bada defendatu egizu euskaraz ere. Lehenengoz aitortu, horretan behintzat, akats bat egin duzula. Bigarrenez: nola kitatuko duzu zor hori?
Hori da eman beharreko aurreneko pausoa, nire ustez.
Gure adimena iraindu dutela? Horretan errukia merezi dutelakoan gaude: ez dago itsutasun sendaezinagorik itsutasuna bilatzen duenarena baino. Gizajoak. Gure laguntza behar dute, ez gure mespretxua.

No comments: