Total Pageviews

Thursday, June 07, 2007

Tobit

Ya esta. Denak pozik. Eskuina espaniarra eskuak igurtzitzen, sozialistei emango dieten jipoian amestuz. Ezker abertzaleko batzuk ere bai, poz-pozik, ETAk hiltzera bueltatuko dela esan eta eztabaida De Juana martiriari egin dioten horretan zentratuta.
Horrelako gatazketan, muturretan daudenek ez dute protagonismoa galdu nahi, eta oso erraz daukate, gainera, berriro hartzea. Erdiko gehiengoak, berriz, askoz lan gehiago eginda ere, askoz zailago daukate.
Ez dauka lotura zuzenik, eta ez da nire asmoa erlijioa politikarekin nahastea, baina Tobit liburuan agertzen den testu txatala datorkit burura:

"Gure arbasoek zure aginduak
bete ez zituztelako
utzi diezu etsaiei
guri lapurretak egiten,
gu erbesteratzen eta hiltzen.
Iseka eta barre egiten digute denek,
irainka garabiltzate
sakabanatu gaituzun
nazio guztietan" (Tobit 3, 4)

Guztien barregarri izango gara berriz ere.
Benetako politika egiten hasiko ginela pentsatu eta, Nafarroan behintzat, aldaketekin itxaropentsu, eta berriro ere hiltzea besterik ez dakien hiltzaile-talde batek dena baldintzatu nahian, herriak eman ez dion protagonisma berengatu nahian. Horixe da euskaldunon madarikazioa, zigorra.
Noiz arte, Jauna, noiz arte?
Badakigu zer dagoen gure esku. Eta egiten ahaleginduko gara: bakearen alde lanean jarraitu. Etsipenik gabe. Baina egun hits hauetan nire bihotzak otoitz urratu bat zuzentzen du zerura, ezinbestean:
"Libra nazazu, Jauna,
larrialdi honetatik,
uztazu betiko egoitzara joaten;
baina ez gorde niri
zeure aurpegia, Jauna" (Tobit 3, 6).

No comments: