Total Pageviews

Tuesday, November 11, 2008

Elkartasun-tsunamia


Bertan nengoen. I was there. Beraz, labur bada ere, zilegi bekit pasa den urriaren 29an Nafarroako Unibertsitatean izandako atentatuaren inguruan nire testigantzatxoa ematea.
Lanean zaude ordenadoreari begira, esaldi bat idazten, zerbait zuzentzen eta, bat-batean zure bulegoko kristalak dardarka jartzen dituen danbateko itzela entzuten duzu. Kanpora begiratu eta aurreko eraikineko leihoen kristalak apurtuta ikusten dituzu. Zer izan da? Zure bulegoko pasillura atera eta konturatzen zara zorteduna zarela, zeren zure lankide guztien bulegoetako leihoak puskatuta daude. Mirariz ez da zauriturik… zure eraikinean. Baina zer gertatu da kanpoan? Puskatutako leiho batera hurreratu eta 50 metrotara sute handi bat ikuzten duzu eta dozenaka kotxe birrinduta, mailakatuta, kristalak apurtua… Kotxe batek eztanda egin duela konturatzen zara orduan… eztanda egin du barruan bonba bat zeramalako… Inork ez zekien hori gertatuko zenik. Lehenengo kezka: eta eztanda-lekutik gertuko espaloian zauriturik egonen da? Zeren badakizu ezpaloi horretatik jende asko pasatzen dela, ikasle gazteak batez ere. Aparkatzen eta kotxea ateratzen ere jende asko ibiltzen da harat-honat leku hartan.
Berehala poliziak ailegatu, eraikinak hustutzeko agindu eta campusaren kontrako lekura bidali gaituzte.
Tira. Betikoak izan direla ematen du. Zauritu larririk ez dagoelako berriak lasaitu eta poztu nau pitin batez. Mirariz. Hainbat mirari gertatu zen egun hartan! Norbait dago gutaz arduratuta. Zeren, miraririk izan ez balitz, orain hildako gazte batzuei buruz hizketan geundeke. Ez dakit “Zer” eraikitzeko beharrezkoak (edo ezinbestekoak) izan omen diren hilketak. Hori bai argumentu doilorra! Ez nire izenean, mesedez. Ez dezatela nire/ gure izena erabili propaganda anker horretan, otoi.
Berdin dio. Pertsonalki makina bat elkartasun-adierazpen jaso dut. Espero ez nuen pertsonengandik, instituzioengandik… Zinezko adierazpenak guztiak, zein baino zein baliotsuagoa. Badakit, baita ere, Unibertsitateak animuzko eta adeitasunezko adierazpen orgakada alimalekoa jaso duela: hainbat hizkuntzatan, hainbat lekutatik igorriak. Egun hauetan zerbait berezia ere sumatu dut hemengo ikasle, langile eta irakasleon artean: armonia berezi bat antzeman dut, elkartuago, bata bestearengandik gertuago egon gara. Familiago, haurrideago sentitu gara. Eta hori ere egun hauetako beste miraritxo bat izan da: nire barnean ez dut zalantzarik.
Bonba kotxe batek triskantza handia eragin dezake. Baina zaintzen gaituen Horrek elkartasun- eta maitasun-tsunami bat eragin du, aurrekoa baino indar izugarri handiagokoa.


(Irudia John Rodhes-ena da)



No comments: