Total Pageviews

Friday, November 26, 2010

Euskal kazetaritzan beste alor batzuetan baino gazte gehiago daude


Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
Argazkiak eta testua

Euskaraz dakiten ikasle askok eta askok hautatzen dute Iruñeko Nafarroako Unibertsitatean estudiatzea. Horientzako urtean zehar ekimen ezberdinak egoten dira, eta horietariko bat da Euskarazko Kazetaritzaren jardunaldiak. Asier dugu koordinatzailea, eta berarekin mintzatu gara, bai jardunaldiez, baina baita euskal ikasketez, Bolognari edota euskarari buruz ere.

Azaroaren 23an Euskarazko Kazetaritzaren IX. Jardunaldiak amaitu ziren Nafarroako Unibertsitatean. Egingo al zeniguke balorazio bat?

Ondo joan da ekimena. Hizlariak ongi aritu dira, gauza interesgarriak kontatu dizkigute. Bederatzigarren edizioa izan da, horrek esan nahi du atzetik ibilbide bat daukagula, tradizio bat dela; ez da erraza bederatzigarren batera iristea!

Halere, etorkizunean gauza zabalago bat burutu gurako genuke, jende gehiago bertaratzea... Baina horretarako gure borondatearekin ez da nahikoa, kanpotik bultzadatxo bat beharko genuke; hala, antolakuntza aldetik laguntza gehiago jasotzeza gain, ikasketen planekin ere bateratuago egon beharko litzateke.

Beti izan dira jardunaldi hauek gauza xume bat, ez hizlariengatik –beti saiatu baikara onenak izan daitezen– baina bai ekitaldi kopuru txikia eskaini izan delako urtero. Hori zabaldu gurako genuke, eta ikasle edota pertsona gehiagorengana iristeko bideak topatu beharko genituzke.

Bestalde, hizlarien txostenekin liburu bat kaleratu genuen 2007an eta hemendik gutxira beste bat atera nahi dugu, 2007tik gaur arteko parte hartzaileen ekarpenekin.

Edizioz edizio gaiz aldatu duzue, eta 2010eko honen ardatza, Gazte esperientzia izan da.

Urte guztietan lelo orokor bat aukeratzen dugu, erreferentzia bat izan daitekeelako hizlarientzat beraientzat. Aurten gazteak ardatz hartzea erabaki genuen, hain justu ikusten genuelako urte guzti hauetan, asko eta asko gazteak izan direla jardunaldietan beraien esperientzia partekatzen.

Bestalde, euskal kazetaritzaren eremuan beste alor batzuetan baino gazte gehiago daudela ere ikusi dugu, bataz besteko adina baxuagoa da mundu honetan. Horregatik, nolabaiteko omenaldi bat egin gura izan diegu gazteei eurei. Nahiz eta gazteak izan esperientzia handia daukate, eta benetan ekarpen interesgarriak egiten dituztela.

Gainera, euskaraz izaten dira jardunaldiak, kanpotik begiratuta behintzat, gure hizkuntzak ia lekurik ez duen unibertsitate batean!

Hori da, eta ondorioz, gure gain erronka handiagoa daukagula esango nuke; baina horrela jardutea erabaki dugu arrazoi ezberdinak medio. Alde batetik, ikasketa planetan euskarak leku eskasa daukan arren, ikasleen artean euskaldun asko dagoelako. Ezen jatorriari erreparatzen baldin badiogu, Nafarroako Unibertsitateko ikasleen ia heren bat Euskal Autonomia Erkidegokoa da, beste heren bat Nafarroakoa, eta gainerakoak estatutik etorritakoak dira; horrek esan nahi du ikasle guztien portzentaje altu bat dela euskalduna. Gainera, komunikazio fakultatean ere badaude ikasle euskaldunak eta horietariko askok gerora euskal komunikabideetan lan egiten dute.

Guzti horregatik, Euskal Hezkuntza eta Kultura Katedratik pentsatu genuen lagungarria izan zitekeela horrelako jardunaldiak antolatzea euskarazko kazetaritza gehiago ezagutzeko eta ez genuen galdu nahi bestalde, profesionalen esperientzia gertuagotik ezagutzeko aukera.

Euskara hizpide hartu dugula, ezin aipatu barik utzi Abarrots taldea, unibertsitatean euskara sustatzeko lanean baitabil 1994–1995 ikasturtetik.

Halaxe da. Garai hartako ikasle talde baten ekimena izan zen, aipatu dugun moduan euskal ikasle dezente etortzen dira hona, eta bizitza unibertsitarioaren barruan euskarazko ekimenak bultzatzeko beharrizan bat ikusi zuten: hitzaldiak, kontzertuak, bertso saioak, aldizkaritxo bat... Hala, Abarrots Euskara Taldea sortu zuten, handik hona aritu ziren finantziazio eta laguntza bila, eta poliki–poliki ekimenak irteten joan ziren, askoren artean, jardunaldiena.

Harrez geroztik mota askotako gorabeherak egon dira, baina hor jarraitu du taldeak, ikasle euskaldun asko dabilenez gero, beti egon da norbait atzetik lanean. Jendeak maiz ez daki unibertsitatean euskara talde bat dagoenik, baina enteratzerakoan prest azaltzen dira edozertan laguntzeko. Bikaina da.

Bestalde, nola ikusten duzu euskararen egoera unibertsitatean?

Alde batetik ikasleen perfila dago, eta bestetik Bolognako prozesuak dakartzan aldaketak direla eta, diseinatu diren ikasketa plan berriak. Horretan, nik ezagutzen dudanarengatik, nolabaiteko atzerapen bat ikusten dudala esango nuke, bai behintzat murrizketa bat.

Zergatik eman den hori ez dakit esaten, eta agian ez naiz ni egokiena erantzuteko, baina badirudi Bolognarekin nazioartekoago bilakatzea bilatzen dutela –edo behintzat orain arte ginena baino gehiago izatea. Hor sortzen zait niri galdera, hau da, ia nazioartekoagoa izatea bertako ikasketak bultzatzearekin kontrajarrita ote dagoen. Nik pertsonalki ezetz pentsatzen dut, osagarriak izan daitezkeela. Edo hemengo ikasketa hauek atzerriko ikasleei eman ahal zaien ekarpen polit bat dela iruditzen zait.

Eta Euskal Ikasketen Diplomak berak Bolognaren ondorioak nabarituko ditu, ezta?

Hori da. Ikasketa plan berrietan diploma guztiak desagertzen dira, baita gurea ere. Unibertsitatearen berezko tituluak ziren diplomak, eta laster ez dira existituko. Zenbait arlotan ordezkoak aurkitu dituzte, minorrak sortu dira, esaterako.

Baina gurean ez da posible izan hori, irakasgaiak murriztu direnez gero, ezin izan da geratzen diren apurrekin ibilbide akademikorik sortu, kreditu kontuak direla eta. Gainera, orain arte ez bezala, geratuko diren irakasgaiak soilik Filosofia eta Letretako ikasleek hautatu ahal izango dituzte; gaur arte unibertsitateko ikasle guztiek zuten aukera.

Gure eskuetan egongo balitz sistema diseinatzea asmatuko genuke diplomaren ordezko zer edo zer, baina gaur egunean behintzat, ez da posible.

Diploma Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedraren barrutik sortu zen, eta aurrerantzean ere mantenduko da katedra bera, ezta?

Bai, bai! Izan ere, hori mantentzeak ez dauka berebiziko lanik; horretan desberdintasun bat badauka diplomarekin. Ezen 1964an Filosofia eta Letretako dekanoak Nafarroan dagoen unibertsitate batek bertako kulturaren zati garrantzitsu bat landu eta ikasteko gune bat behar zuela erabaki zuen eta modu horretan sortu zen katedra. Beraz, ez zen irakasle baten burutapena, dekanoak berak mugitu zuen dena, baimenak eskuratu zituen eta abar.

Ordutik katedrak bere bidea egin du, zenbait zuzendari eta zuzendaritza egon dira, eta egun dekanoak dauka ardura. Ikusi beharko dugu aurrerantzean ere zer nolako ekimena daukaten edota zer erabaki hartzen diren.

Eta nola ikusten duzu euskararen etorkizuna unibertsitatean?

Momentu honetan eman diren atzerapausoak direla eta, ez dago egoera onean. Halere, gauzak aldatuko direla da nire itxaropena eta gainera, erabakitzeko gaitasuna daukatenak konturatuko direla nahiz eta Bologna sartu, Nafarroan egoten jarraitzen dugula, eta gure kulturaren zati garrantzitsu bat euskal kultura eta ondorioz, euskara bera direla.

Sentsibilitate kontua da, eta behar beharrezkoa da hori lortzea, bestela hutsune bat egongo litzateke unibertsitatea bere inguruan integratzeko orduan. Noski, garrantzitsua da nazioartekotasuna bultzatzea, baina oinak edo erroak nonbaiten eduki behar dira.

No comments: