Total Pageviews

Sunday, December 05, 2010

Xabier Lete, goian bego, zaude goian


Azkenean hire azken hatsaren “kantua libratu” duk. Ekarpen handia egin diok bai euskal kulturari bai euskarari. Horretan nire hitzak soberan zeudek: hamaika izan dituk eta dituk hire emaitza oparoen balorazioa egin dutenak. Poesiaren hegoek euskal baratzean barna eraman haute, plazarik plaza, kantaz kanta.
Baina hara kontu bat, oharkabean pasatzen ahal zaiguna: betidanik izan duk transzendentziaren kezka; azken hamarkadetan kezka edo desio hori, ordea, oso modu emankorrean bizitu huen. Jainkoa bilatzen zuen gizona hintzen. Hire emazte zenak ere -Lourdes Iriondo- ildo horri jarraitu zioan bere bizitza osoan. Bilaketa hori gazi-gozoa izan duk sarri askotan, hori egia duk. Bizi-borroka bat. Hara horren haritik hire hitz batzuk:
“Sinestuna da Jainkoaren baitan sinesten duena, edo sinetsi nahi duena, otoitz egiten duena, Jainko horri hitz egiten diona, eskatzen diona, Jainko horrekin solasten dena, eta Jainko horrekin -niri askotan gertatzen zaidan bezala- borrokan eta liskarrean dabilena. Sinestuna hori da, eta sinesmen mota horietatik Jainkoarekin mintza daiteke.”
Nik uste diat, hala sinetsi nahi diat, hire fedea halako heldutasun batera heldu zela hire azken urteetan. Halaxe aitortzen huen aho-bizarrik gabe elkarrizketetan, noiz eta transzendentzia, espiritualitatea eta Jainkoa ukatzen diren garaiotan. Hori izan duk, euskal kultuari eman dioan beste ekarpen umotua. Horren guztiaren testigu azken urteotan emandako elkarrizketak ditiagu, non poesia otoitza bezala kontsideratzen huen.
Xabier, orain “hesia urratu” egin duk jada, egin duk saltoa, eta hesiaren bestaldean heure bizi-bidaiderekin egin duk topo, Lourdesekin eta berak sinetsi eta maite zuen Artzain Onarekin, Jesusekin, Xalbador artzainaren bidaidea baita ere, eta inspirazio- eta bizi-iturri. Hago goian, Xabier, hago goian, gu ere noiz edo noiz, “hesia urraturik”, hirekin, hire eta Bere konpainia noblearen aitzinean aurkez gaitezen arte.

No comments: