Total Pageviews

Monday, October 17, 2011

Iran eta emakumeen aurkako harriketak


Ikusi berri dut The Stoning of Soraya (La verdad de Soraya M.). Kazetari franko-iraniarraren La Femme lapidé best-sellerraren adaptazioa da. Filme gogorra, sinesgarria eta oso humanoa. Gomendagarria, hala ere, eta hezigarria. Ez da Hollywood-eko filme tipikoa, komertzial horietakoa, nahiz eta aktore nagusienetako bat amerikarra izan: Jim Caviezel, The Passion filmean Jesusen papera egiten duena. Aktoresak oso onak dira baita.

Benetan gertatutako istorioa da: Irango herrixka batean Soraya izeneko emakume bat, lau seme-alaben ama, pertsona ondratua eta langiletsua, oztopo bat da bere senarrarentzat; izan ere, honek beste emakume batekin ezkondu nahi du, hain andrezalea da eta. Islamaren joera muturreko batez baliatzen da eta bere emazteak adulterioa edo ezkontza-lohitzea egin duelako salaketa egiten du. Bistatik kentzeko trikimailu maltzurra. Horrelako kasuetan, emazteak frogatu behar du errugabea dela. Salaketa emakume batek jarri izan balu, ostera, orduan emakumea da gizona erruduna dela frogatu behar duena. Halakoxea da hango “legea”. Jakina, herrixka horretan, erreza da testigantza faltsuak biltzea emakume xume baten kontra. Eta zigorra garratza da: harrikatua izango da, hil arte.

Esan bezala kasu lazgarri hori gertatu zen. Iranen, eta horrelako beste zenbait lekutan gaur egun ere horrelakoak egiten dira, nahiz eta isilean gordetzen diren, adierazpen askatasuna murriztuta dagoelako han.

Burura etortzen zait gure Aita Santuaren diskurtsoa Alemaniako Parlamentuan. Horretan esaten du kristautasunak sekula ez duela inposatu “errebelatutako” zuzenbide bat; hau da, Elizak ez du esaten ordenamendu juridiko jakin bat dela “goitik” datorrena eta nahi eta nahi ez bete behar dela. Elizak esaten du izaera eta arrazoia direla zuzenbidearen iturriak. Izan ere, Jainkoak gizakioi adimena eman digu eta izaera jakin bat. Haiei jarraiki, zuzentasunez, askatasunez eta besteekiko errespetuz bilatu behar dugu elkarbizitza eta justizia. Hori ez da gertatzen beste zenbait kulturetan. Iranen, esaterako, erlijioa eta politika (erlijioa eta legea, erlijioa eta kodigo penala, erlijioa eta batzuen interesak) nahasten dira. Bertako ordenamendu juridikoa bat eta bakarra da, “errebelatua da”, “goitik” omen dator eta ezin da zalantzan jarri. Eta, beraz, emakumeak harrikatzea, adibidez, guztiz zuzena da: zilegizkoa da.

Tira, ez du bestelako esplikazioen beharrik. Burua sorbalden gainean badaukagu erabili dezagun, horretarako eman baitigu Goikoak, ez xaloak izateko eta horrelako herrialdeetan nahi dutena egiten ahal dutela uste izateko.

No comments: