Total Pageviews

Tuesday, April 10, 2012

Betiko leloekin ez utzi ziria sartzen

Erraz ohitzen ahal gara katolikook gure fedearen kontrako erasoetara. Bi adibide jarriko ditut, niretzat gertukoak: bata, Eliza arriskutsua delako leloa. Bertzea, izan zela Aita Santu bat Hitlerren laguna. Errepikatzearen errepikatuz, azkenean balekotzat ematera makurtzen ahal gara, deskuidatzen bagara. Eta ez dago baieztapen biok onartzeko bat ere arrazoirik.

Ostiral santuan (apirilak 6), Berria egunkaria erosi eta kolaboratzaile batek honela bukatzen zuen bere artikulua: “Fedea ez da txarra, baina fede katolikoa zabaldu dutenek sekulako sarraskiak egin dituzte Jaikoaren izenean […] Lotsa apur bat izango balute, konfesioaren ordez, barkamena eskatuko ligukete”. Jakina, kolaboratzaile hori, ezjakitun agertzen da, besteak beste, Aita Santu batzuk dagoeneko barkamena eskatu dutela historian zehar Eliza Amaren seme-alaba batzuek –Jainkoaren izenean– egindako hilketa eta torturengatik. Modu nabarmen, publiko eta solemnean eskatu izan dute barkamena behin baino gehiagotan Aita Santuek. Beste batzuek, berriz, milioika pertsona akabatu dutenen oinordekoak izan arren ere, oraindik ez dute barkamenik eskatu: are gehiago, barkamena eskatu beharrean, Eliza Katolikoari leporatzen dizkiote euren “arbaso ideologikoek” egindako sarraskiaren erruak.

Esaterako, nortzuk “hasi” ziren Pio XII. Aita Santuaren aurkako kanpaina bat egiten esanez Hitlerri lagundu ziola Holokaustoa gerta zedin? Harritu egingo zara, irakurle, jakitean 1963an Hitlerren Gaztedia-ko kide ohi batek idatzi egin zuela antzerki-lan bat Bikarioa edo El Vicario lana: Rolf Hochhuth zen egile hori, eta ezkertiarra omen zen (hitlerzale izan ostean). Antzezlan horretan, Pio XII.a pertsona hotz eta zikoitza legez agertzen da, judutarren heriotzen errudun bezala: hori guztia, jakina, froga historikorik eskaini gabe, fikzioa errealitate bezala aurkeztuz. Ordura arte, Pio XII.a nahiko ezaguna eta estimatua zen, baita judutarren artean ere, hamaikatxo ahalegin egin zituelako heriotzatik hainbat eta hainbat judutar salbatzeko. Baina hamarkada horretan hasi ziren kalumnia horiek zabaltzen. Azken finean, hamarkada horretan hasi zen kanpainak ez du katolikotasuna soilik itsusi egin nahi, kristautasun osoa eta judutartasuna ere satanizatu nahi ditu egungo iritzi publikoaren aurrean: horrelaxe adierazten du David G. Galin Rabino judutar batek, The Myth of Hitler’s Pope (2006) liburua argitaratu duenak (El mito del Papa del Hitler, gazteleraz ere argitaratua ). Bai, rabino judutar bat da liburu jakingarri hori idatzi duena: ez da katolikoa. Baina itzelezko defentsa egiten du Aita Santu horrena, makina bat datu historiko jakingarri eta argigarri emanez. Irakurtzen hasi besterik ez dut egin eta ni neu ere harritu naiz zenbat gauza ikasi eta ezagutu behar ditugun kristauok horrelako kanpainekin ziria sartu ez diezaguten.

No comments: