Total Pageviews

Friday, November 18, 2005

Gure Mikel, Lezamako abade maitekor eta maitagarri batr

Gure Mikel
OJANGUREN, Iskander; GOIKOETXEA, Juan Luis; Iñaki Aretxabaleta: Gure Mikel. Lezama, Lezamako Udala & Bizkaiko Foru Aldundia, 2004.
(141 orrialde)



Liburu honetan Mikel Zarate (1933-79) apaizaren heriotzaren 25. urteurrenaren kariaz, haren omenezko lantxo bat argitaratu nahi izan dute egileek.
Mikel Zarate Lezaman jaio eta gazte koskorra zenean aparejadore ikasketak burutu zituen. Bere aitarekin batera etxegintzan aritu zen lanean. Neska-laguna ere bazeukan. Baina 21 urterekin abadetzarako bokazioa barruntatu eta apaizgaitegian sartu zen arestiko guztiak albo batera lagata.
Bere munduko ibilerak lorratz handia utzi du harekin harremanetan izan zirenengan. Karakter alaidun gizona, bromarako gertu, zabala, harrera ona egiten zekiena eta bihotzekoa. Kirolzale amorratua ere bazen: mendizalea, eskupilotan aritua, lasterketan, igeriketan… hainbat kiroletan sartzen zen bere lagunekin batera giro lehiakor eta laguntasunezkoa sortuz.
Euskalgintzan, zer esanik ez, lan dezente eginikoa zen Mikel. Hasi, liturgiako testuak euskaratzen hasi zen (jada apaiza zela). Nabarmendu, ipuingintzan nabarmendu zen (Ipuin antzeko alegi mingotsak, argitaratu zuen liburu horietako bat), nahiz eta poesia eta eleberriak ere idatzi. Bertsotan ere ibiltzen zen, baina lagunarteko jolastzat hartzen zuen hori.
Apaizgaitegian (seminarioan), Irakasle Eskolan, Labayru Ikastegian eta Deustuko Unibertsitatean aritu zen irakasle. Euskara eta Euskal Literatura irakasten zuen.
Liburu honetan bere ikasle izandakoei, bere langunei, apopilo hartu zutenei, familiakoei eta apaiz lagunei (Bizkaiko Elizbarrutiko apezpiku laguntzailea den Karmelo Etxenagusia tarteko) egindako elkarrizketak agertzen dira. Elkarrizketotan bizitasunez eta emozioz Mikelen alderdi eta anekdota asko kontatzen dira.
Apaiz hau benetako ahaleginak egin zituen bere kristau fedea herriarengana hurbiltzeko, euskara, kultura eta bihotzezko zein laguntasunezko tratuarekin. Mundu akademikoan aritzeko gaitasun handiak bazituen ere, sekula ez zuen alde batera laga bere ardura pastorala. Alderantziz, herritarrek bereziki gogoan daukate igandeko meza ospatzeko jartzen duen ahalegina eta berotasuna.

No comments: