Total Pageviews

Tuesday, March 07, 2006

ETAkoa izateak hiltzen du

Barkatuko didazu, irakurle, bat-batean gai honi heltzea, batez ere, kontuan izanik ez dela blog honen estiloa koiuntura gertuko kontu politikoetan sartzea.
Hala ere, batzuek diotenez, pasa den astea aste beltza izan zen etakide zenbait hilda agertu direlako euren zeldetan. Baten bat biotzekoak jota, besteren bat urkatua (egoera susmagarrian omen).
Kontua da ezker abertzalekoek honako mezua zabaltzeari ekin diotela: dispertsioak hiltzen du. Ulertzen dut kinka larrian egoteak horrelako lelo etsiak aldarrikatzera bultzatzea, baina bakea lortu nahi dugun egoera honetan ez dezagun hizkuntza prostituitu. Izan ere, errepikatuaren errepikatuaz sinistera ailegatu ahal gara erraz. Jakina, presoen dispertsioa bukatu behar den kontua da; izan ere, delitua egin duenari zigorra ezartzeaz gain, delitua egin ez duenari ere beste zigor bat ezartzen zaio (baldin eta bere senitartekoa bisitatu nahi badu), eta hori ez da zilegi inondik inora. Ez nago horren seguru, ordea, horrek modu zuzenean hiltzen duela baieztatzean.

Bidai luze bat egin behar izateak ez du, nik dakidala, nahitaez hiltzen. Heriotz zigorra dauden lurraldetan, ez dute kondenatua mila kilometroko bidai bat kotxez egitera behartzen. Txerto pozointsu bat edo tiro bat ematen diote eta kitto (azken hau ETAko batzuek ere egin izan dute, portzierto). Ados nago, bai: bidaia luzeak egin behar izateak istripu bat izateko aukerak (edota estatistikak) igotzen ditu. Baldin eta oporretan (nahiz eta oso bestelako egoera izan) kotxez bagoaz Espainiako beste punturaino, arrisku hori ere igotzen da. Eta tamala da oso etakide batzuen familiakoak bidaia horietan bizitza galdu izana. Horregatik ados nago Eusko Jaurlaritzakoek halakoei diru-laguntzak ematearekin (dispertsioaren arazoa konpondu bitartean), popularrek esaten dutena esaten dutela.
Arestian aipatu dugun hizkuntzaren prostituzioa sahiestearren, esan dezagun garbi zerk hiltzen duen: ETAkoa izateak. Norabide bietan gainera. ETAko askok, etakide askok zer egin dute beren bizitzan? Pertsonak akatu, beren burua defendatzeko aukerarik eman gabe (haurrak, emakumezkoak eta emakumezko haurdunak tartean). Nik dakidala, bonba bat jartzeak eta zartatzeak pertsona batzuk aldamenean daudela, bai, hiltzen du. Nik dakidala, pistola batez pertsona bati tiro egiteak hiltzen du. Ez dakit, zentzuak horixe esaten dit niri eta, ziur nago, pertsona gehienoi. Beraz ez dezagun hizkuntza nahastu.
Gainera, ETAkoa izateak etakideak eurak ere hiltzen ditu. Tira, zehaz dezadan: autodestrukziorako bidean jartzen du etakidea izateak: bizi-proietu anker batean sartzen du horrek, etorkizuna baldintzatzen du jarduera horrek eta, batzuetan, ekintza ankerrak egitera darama bide horrek. Noiz edo noiz bonbak manipulatzeak "istripu" batzuk ere sorrarazten ditu eta horrek ere etakideak eurak hiltzen ditu. Zer esanik ez, etakidea izateak kartzelan hamarkada batzuk emateko aukerak ziurtatzen ditu: ez al da autodestrukzio nahikoa? Jakina, mundu horretako "ideologoek" deskribatuko digute hori guztia "sakrifizio heroikoa" izango bailitzan. Hiritar gehienok behin eta berriz esan diegu ez dugula horren beharrik. Orduan, mundu horretako "ideologo" batzuek pentsatuko dute ez dakigula zer komeni zaigun, itsututa gaudela gure egunerokotasunean eta ez garela konturatzen etakide horiek guretzat "lortzen" ari direnaz. Eta engainuaren errotak jarraitzen du bueltaka... kartzelako askoren etsipenerako eta edozein ekimen komunaren oztoporako.
Horrek, ez dakit pertsonak, baina energiak hiltzen ditu, dexente.

Eta zuk, irakurle, zer uste duzu?

2 comments:

Anonymous said...

Hizkuntzaren manipulazioa salatu nahi duzu, eta zentzu horretan, dudarik gabe, zurekin bat nator. Baina aski da zure izenburua irakurtzea zuk zeuk ere hizkuntza manipulatzen duzula ikusteko.

Egia da Etakoak izateak ez duela hiltzen, Etakoak berez zenbait hiltzaileak badiren legez. Horretik aurrera, norberak egin ditzala balorazioak. Baina uste dut zuk zeuk ere errealitatea nahastu eta zenbait komunikatu zure interpretazio hertsietara bideratu dituzu. Salaketa salagarria.

Luze joko luke gaiak, baina ondorioa zera da. Denok, bai alde batekoak eta bestekoak, hizkuntza usteldu nahi duzuela interes jakin batzuen filtroan. JOKOAN DAGOENA EZ DA ETAKOEKIN BAT ETORRI EDO EZ, giza eskubideak daude xake mahai honetan. Bera, aurreratu ditzagun lehenik oinarrizko eskubideak.

Asier Barandiaran said...

Beraz, gauza batean ados gaude, hizkuntza ez dela manipulatu behar. Ez da gutxi.
Nik neuk ere manipulatzen dudala diozu. Agian bai. Hori bai, eskertuko nizuke zertan gauzatzen dudan manipulazio hori esango bazenit.
Gero, hauxe esaten duzu: "Denok, bai alde batekoak eta bestekoak, hizkuntza usteldu nahi duzuela interes jakin batzuen filtroan". Beraz zeure burua "bekatu" horretatik kanpo uzten duzu. Agian horrela izango da. Nik behintzat, ez dut manipulatu nahi, nahiz eta, agian, nire inkontzienteak engainatzen nauen.
Dena dela, ados nago zurekin: "giza eskubideak" dira garrantzitsuenak. Horretan zalantzarik gabe, zurekin nago. Guzti-guztien giza eskubideak, bizitzaren eskubidetik hasita.
Besarkadak.