Total Pageviews

Sunday, January 10, 2010

Urte berri, asmo berri

Urte berriari mokadutxoa eman diogu dagoeneko. Eta urtarrilaren 1ean Bakearen Eguna ospatu omen zen. Harritu nintzen zeren, Urte Berriko mezan, parrokian entzun nuen Aita Santuak kaleratu egin zuela egun horretarako dokumentu bat izenburu honekin: “If your want to cultivate peace, protect creation”, “Bakea landu nahi baduzu, babestu sorkuntza”. Ustekabean harrapatu ninduen, zeren ez baineukan horren berri.
Ni, kristau arrunta izaki, saiatzen naiz Aita Santuari arrastoa jarraitzen. Baina, urriak dira kristau arrunt batek (laiko batek) gure Artzain Nagusiaren mezuak jasotzeko dituen aukerak.
Aukera zuzenena www.vatican.va webgunean sartzea dugu, jakina, Vatikanoren webgune ofiziala, fidagarri eta zehatzena. Gainera, hainbat hizkuntzetan agertzen dira gure Erromako Apezpikuaren mezu, exhortazio, entziklika, homilia eta dokumentu guztiak (oraingoz euskaraz ez… ailegatuko da hori ere).
Badut, noski, prentsa erlijiosoa kontsultatzeko aukera, nahiz eta horretarako harpidetuta egon behar den: edozein kioskotan ezin da lortu horrelakorik.
Prentsa arruntean (paperezko formatuan zein elektronikoan), ez dira horren ugariak Katolikoen Zerbitzari Nagusiari buruzko informazioak. Agertzen direnak, gainera, distortsio askorekin agertzen dira sarritan, jatorrizko iturrietatik sano urrutiko berriak eta zurrumurruak zabalduz.
Ikus-entzunezko hedabideetan, berriz, zer esanik ez. Zaila da lastoa eta alea bereiztea.
Eta horrela harrapatu ninduen urtarrilaren batak: jokoz kanpo.
Eskerrak (lehenago ez dut aipatu, baina) badirela gure Nafarroa honetan La Verdad bezalako aldizkariak: horri esker Benedikto XVI.aren azken mezua hasita nago irakurtzen. Benetan kontuan hartzekoa. Politika ekonomikoak, bakoitzaren morala, etika soziala, eta ustiapenarekiko jarrerak zein lotuta dauden erakusten digu, besteak beste. Politikariek, erakundeek, elkarteek eta, oro har, laikook kontuan hartzeko moduko gogoetak. Zeinen hobeto lihoakiguke mezu horren zati bat (sikeran) praktikan jarriko bagenu! Horixe opa dizut, irakurle: Gure Aita Santuaren mezuak gertuagotik jarraitzeko ahalegina eta praktikara eramateko asmoa. Bilatuz gero, aukerak badira eta.
“Urte berri, asmo berri”, dio esaera zaharrak.

No comments: