Total Pageviews

Friday, January 13, 2006

Mezatara, zer dela eta? (IX)



— Eta, jakina, Jesukristorekin bat egin behar da.
— Eta nola egiten da hori?
— Galdera ona; izan ere, nor zara zu edota nor naiz ni Jaungoikoarengana jotzeko? Deus ez. Gure merituekin nola aurkeztuko gara Jainkoaren aitzinean? Jesukristorekin batera, berriz, Jainkoaren Semea gizon egina denarekin batera, hain zuzen, ahalguztidun bilakatzen gara. Horretarako etorri zen Jesukristo lurrera, gutako bakoitza, pertsonalki Jainko Aitarekin “konektatzeko”. Ohartzen bazara apaizak esaten dituen otoitza guztiak Jainko Aitari zuzenduta daude Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Horrela hobeki jasoko ditu. Bazen behin gizon bat bere Aberriko Lehen Ministroari mesede bat eskatu nahi ziona. Kasua egin ziezaion zer egin behar zuen zerabilen buruan eta halako batean haren emaztea ikusi zuen semetxoa orgatxo edo kotxetxoan zeramala. Zer egin eta bere eskaera-gutuna semetxoaren orgatxoan utzi egin zuen eta gutuntxoan hauxe idatzi zuen: “Berorren semearen bidez eskatzen diot”. Hori ikusita, ministroari gustatu egin zitzaion gizon haren “ausardia” eta eskatu ziona eman zion. Ba Jainkoak gauza bera nahi du: gure eskaeran bere Semearen bitartez egin diezazkiogula. Eta hirugarrenez Mezaren ohikuneak ezagutu behar dira, haietan “murgiltzeko”. Baina deus azaldu aitzin, badakizu zeintzuk diren Mezaren helburuak?
— Ba… gurtza ematea, bilduta egotea…
— Ez zehazki. Bai, Jainko Aitari gurtza eman behar diogu, baina hori “Mezaren helburuak” direlakoen bitartez egiten da, eta hauexek dira: adoratzea, eskerrak ematea, barkamena eskatzea eta bestelako ondasunak eskatzea. Hau erranta, Meza Hirutasun Santua deituz hasi eta bukatzen da. Otoitza hauek parentesi modukoak dira: beraien barnean kokatzen da Meza osoa. Hastapenaren gibelean, barkamena eskatzen da.
— Eta norbera aldez aurretik konfesatu egin bada?
— Esana dizut, Maialen, Meza probetxuz bizitzeko Jainkoaren grazian egon behar da, Jaunartzeko beharrezkoa baita. Baina une horretan barkatutako bekatuen barkamena eskatzen diogu, eta baita oraingo bekatu arin edota maitasun-hutsuneengatik. Apaltasun ekintza bat egiten dugu Jainkoaren aldarera hurbiltzeko duin ez garela aitortuz. Ondorenean, “Aintza” delako gurtza eta laudoriozko otoitza polita errezatzen dugu. Gero Eskritura saindutik bizpahiru irakurketa egiten da, festa den edo ez denaren arabera.

No comments: