Total Pageviews

Monday, January 02, 2006

Mezatara, zer dela eta? (VII)





― Jainkoak ederki zekik zer datorkigun ongi eta horregatik eskatu ziguk gure sinesmena jendaurrean agertzeko festa egunetan mezatara joanez. Nolabait, horrelaxe ez baduk ere, Jesusek lista pasatuko balitz bezala duk, ea baten bat falta den. Ah! Bertze gauza bat: puntual ailegatu behar duk.

― Jakina, dentistarengana edo zinera joatea bezala.
― Halaxe duk
― Eta pixka bat berandu ailegatzen bada?
― Norberaren erruz ez baduk eta “Ofertorio” edo “Eskaintza” baino lehenago iritsiz gero, Mezak balio dik. Norberak ikusi behar dik ea zergatik den: autoa hondatu zaiolako, erlojua gaizki duelako, edo… interesa falta dagoelako. Izan ere, Meza osorik entzutea duk hasieratik bukaera arte, ados?
― Bai, bai. Eta berori ez da inoiz berandu ailegatzen?
― Inoiz ere ez.
― Ah, jakina.
― Oroitzen nauk, Elizaren historia ikasten nengoela, gertaera harrigarri bat kristauek Mezatara garaiz iristeko zein interesa zeukaten adierazten zuena. 380. urtean Valente enperadoreak katolikoak jazarri zitian. Edessan izan zuan hori, gaur egungo Irak delakoan, kristau asko zeudean eta enperadoreak elizak ixteko agindu zian. Kristauak igande eta festa egunetan leku jakin batean biltzen zituan ofizioetan parte hartzeko. Enperadoreak, hau jakinik, heriotz zigorra agindu zian leku hartan biltzen zirenendako. Modesto izeneko Hiriko alkatea edo prefetuak, berriz, hain ankerra ez zenak, sekretuki ohartarazi zien kristauei leku hartan bildu ez zitezen. Lortu zuena hauxe izan zuan: are jende gehiago biltzea, festa egunak santifikatzeko; poz-pozik zihoazaan bizitza ere emateko gertu. Haien artean emakume txiro bat zegoan, bere haurtxoa besoetan zihoalarik, mezatara abiatu zena. Garaiz ailegatzeko etxeko atea ixten ere ez zian denbora galdu nahi. Modesto alkateak hori ikusi eta hauxe galdetu zioan:
― Nora hoa hain presaka?
― Festak santifikatzera.
― Baina ez al dakin heriotzara hoala?
― Bai, badakit; eta horregatik noa horren bizkor, nire eta neure semearen bizitza hain gauza santuaren alde eskaintzeko aukera ez galtzearren.
Modesto, adore horrekin zeharo harrituta, enperadorearengana jo zian, haren erabaki ankerra bertan behera utzi zezan.
― Haiek bai zutela sinesmena, arraioa!
― Meza zein garrantzitsua den jakin behar duk, horixe duk kontua.
― Bai, baina norberaren lagunak ez baldin badira joaten eta elizan adineko jendea besterik ez balin badago…
― Izan ere, han zer gertatzen den badakitenak egoten dituk. Hire lagunak ez badoaz, baliteke inork ez diela deusik ere esplikatu. Agian, heuk azaltzen badiek elizetan jende heldua ez ezik, gazte jendea ere egoten hasiko duk. Eta ez badituk joaten, ba egin heuk egin behar duana; izan ere, erlijioa ez al duk norberaren eta Jainkoaren arteko kontu bat? Oso erraza duk esatea ni ez naizela joaten bertzeak joaten ez direlako.

No comments: