Total Pageviews

Friday, February 03, 2006

Mezatara, zer dela eta? (XI)



— Eta aurrekoaren haritik…, erne; izan ere, unerik garrantzitsuena oraintxe baitator: Kontsakrazioa. Une horretan belauniko egon behar zara Jesukristo gurtzen, aldarean presente egiten baita eta Jainko-Aitari eskaintzen zaio. Egin kontu, Zerua urratu eta handik, aingeruek lagundurik, Jesukristo gure artera baletor bezala da. Pertsona batek bere bizitza osoan Mezatan parte hartzeko aukera bakarra izanen balu, huraxe izanen zen bere unerik garrantzitsuena. Elizak otoitz batzuekin hornitu du Kontsakrazioa, berorren aitzinean eta gibelean esaten direnak. Hori guztia Eukaristia-otoitza edo “Kanona” deitzen da.
— Kanona? Hori atzerriko hitza da, ez?
— Kanonak araua, arautua dagoena, neurria esan nahi du. Esate baterako, Elizaren Zuzenbidearen Araudiak agintzen duena “kanonetan” egoten da. Eskulturan ere kanonak badira. Bada, Meza-liburuetan agertzen diren Eukaristia-otoitzak kanonak dira, munduan barrena otoiztu beharreko otoitzak baitira. Apaizak, daudenen artean, bat aukeratzen ahal du, baina ezin du ezer aldatu. Jainko-Aitari zuzendutako otoitzak dira; beraietan Ama Birjina eta Santuei erregutzen zaie, Aita Santua, Apezpikuak eta bizirik zein hilik dauden sinestunak gogoratzen dira, eta abar; eta hori guztia Jesukristoren bitartez, horrela esaten baita kanonaren bukaeran: “Haren bitartez, Harekin eta Harengan, Zuri Aita, Jaungoiko guztiahaldun horri, Espiritu Santuarekin batera, ospe eta aintza guztia gizaldi eta gizaldi guztietan”. Eta bertan dauden sinestun guztiek horrela erantzuten dute: AMEN. Hau da, apaizak esan duenarekin bat datozela adierazten dute, hura baita Jainkoaren eta sinestunen arteko bitartekaria. Garrantzitsua da hitz hau boz goraz esatea. Antikitateko idazle batek erraten zuen, kristautasunaren aurreneko mendeetan, jendea harritu egiten zela eliza baten paretik igarotzean; izan ere, bat-batean “Amen” zioen deiadar bat entzuten zuten; eta “kristauak elizan zeudek” erraten zuten.
— Eta nolatan agertzen da Jesus han, ikusten ez da eta?
— Eta nolatan ikusten dituzu zuk futbolariak edo pilotariak, futbol-zelaian edota frontoian egonik? Izan ere, badira aditu batzuk kamararen, uhin batzuen eta argiaren bidez hori posible egiten dutenak. Irudia transmititzeko gai dira, ez errealitatea bera. Horregatik ez da gauza bera partida bat etxean edo estadioan ikustea. Bada, Jainkoa mirakuluak egiteko kapaza da, ahalguztiduna delako. Eta ez digu irudi soil bat ekartzen, ez, Bera agertzen da. Apaizak esaten dituen Kontsakrazio-hitzen bidez, aldarean dauden ogi eta ardo osoa Jesukristoren Gorputz eta Odol bilakatzen dira, Kristo osorik, Jainko eta Gizona. Bada hitz bat erabateko aldaketa hau adierazten duena: transubstantziazioa, dena aldatzen baita.

No comments: