Total Pageviews

Tuesday, February 07, 2006

Mezatara, zer dela eta? (XIII)




― Orduan nire lagunari…
— Erraten ahal diozu berak ikus lezakeen miraririk handiena Mezatan aurkituko duela eta handik kanpo ez duela parekorik aurkituko. Agian nagitasuna edo pereza kontua da; alegia, mezatara ez doa horrek esfortzu bat eskatzen duelako. Doala, jakin dezala zer den Meza eta orduan arazo guztiak deuseztatuko dira. Oso erraza da teoria pertsonal bat asmatzea joan behar ez izateko. Baina Jaunak, norbera hil eta gero gure bizitza juzgatzean, gure ekintzak hartuko ditu kontutan, ez gure teoriak. Izan ere, norberak badaki non dagoen egia, sakon-sakonean bada ere.
— Dena dela, Jesus Mezatan giza-itxuraz agertuko balitz errazago ezagutuko genuke.
— Ba ez, ogi eta ardoaren itxura pean geratu nahi izan du guk Harengan sinesteko ahalegintxo bat egin dezagun. Sinesmena dutenak soilik hurbiltzen dira Eukaristiaren oturuntzara.
— Alegia, sinesten dutenendako sari bat da.
— Bai, halaxe da. Apalak direnek Jainkoa oso hurbil dute.
— On Bixente, liatu egin naiz pixka bat. Mezatan zer errepikatzen da: Azken Afaria ala Gurutzeko Sakrifizioa?
— Ez zara liatu behar. Meza Kalbario edo Buruhezurtegiko Sakrifizioaren berriztapen odolgabekoa da. Gertatzen dena da, Jesukristok Azken Afarian ezarri zuela hau berritzeko modua, oturuntza edo bankete baten erara. Ulertzen duzu?
— Orain bai.
— Baina horrezaz gain bada beste kontu bat: ogia eta ardoa kontsakratzean, Jesukristo agertu eta Aitari eskaintzen zaio, bai. Baina gero ez da desagertzen, Jauna sakramentalki geratzen da, hemen gurekin, lurrean geratzen da gu laguntzearren eta guk Bera hartzearren. Baina duintasunez Jaunartzeko baldintza batzuk behar dira, badakizkizu?
— Baten bat, badakit: ez jan eta ez edan deus ez(uraz aparte) ordu bat lehenagotik –uste dut–, eta jakin behar dugula Nor hartzen dugun. Gogoan daukat zeren Lehenengo Jaunartzea egiteko hori jakitea beharrezkoa zen.
— Eta bat falta zaizu: Jaunaren grazian egotea.

No comments: