Total Pageviews

Tuesday, April 18, 2006

Afektibitatea heztea (II). Norberaren burua ezagutzea





Afektibitatea hezteko aurreneko pausoa da norberaren burua ezagutzea. Alde batetik, esan beharra dago ez dela lan xamurra edo erraza. Gure harrotasunak, hau da, gure beldurrak oztopoak jartzen dizkigu geure burua ezagutzeko: batzuetan geure buruari sinestarazi nahi diogu, garen baino fuerteagoak garela, garen baino autonomoagoak garela, garen baino ausartagoak garela. Besteetan, harrotasun horrek berorrek gure gabeziak leporatzen dizkigu gupidarik gabe, eta besteen gaitzespena jasoko dugula iruditzen zaigu, benetan eta garen bezala ezagutzen bagaituzte. Horren ondorioz, geure munduan sartzen gara, geure zoritxarra miazkatuz, eta era berean, besteengandik lotsakor ihesi.
Susana Tamarok esaten du bihotza lurraren antzekoa dela. Alde bat argitan dago, eguzkiari begira. Beste alde bat ilunpean dago. Alde ilun hori ezagutzea, lur azaletik behera jaistea gogorra da; izan ere, horretarako onartu beharko dugu geure barnean zerbait iluna badagoela. Urguiluak bere defentsa-mekanismoa ezartzen du orduan. Alde batetik, normala da. Baina ezagutuko bagenu, badugula Aita bat, gure ahuleziak maite dituena ez ginateke horren beldurti izango. Izan ere, Aita hori Jainkoa bera da, eta gure ahulezietan bere Aitatasun errukior, maitakor eta karinosoa isurtzeko prest dago... uzten badiogu.
Gure egoera emozionalak gorabeherak izaten ditu, eta izan behar ditu, baina horrek ez du esan nahi guk zereginik ez dugunik. Batzutan egoera bakoitzaren zioak edo sorburuak zeintzuk diren identifikatu behar ditugu beldur gabe (besteei geure arazoen errua egotzi gabe). Sentimendu horiek bereiztea ez da erraza, eta batzuetan seme-alabei ez zaie heziketa egokia ematen horiek –euren izenekin- agertzeko, eta mundu hori isiltasunean ehorzten da. Hori arriskutsua da oso.
Esaterako, enkontru desatsegin baten ostean, pertsona bat egon daiteke luzaro (minbera bada) suminkor, bera kontziente izan gabe. Esaten badiote nahiko haserrekor dagoela, txartzat har dezake. Horretaz konturatzen bada, ordea, ahaleginak egin ditzake, besteekin gozoago izateko, bere afektibitatea ondo erabiltzeko eta ziurrenera emaitza hobea izango da. Izan ere, batzutan pentsatzen dugu besteak gure aurka konfabulatu direla. Egia da, nire inguruan daudenek akatsak izan ditzakete (nik neureak ditudan bezala), baina gehienetan nire esku dago besteekin harreman onak eta aberasgarriak izatea: neure burua ezagututa, pentsamendu positiboei bidea emanez eta negatiboak alde batera utziaz. Jarraituko dugu.

No comments: