Total Pageviews

Wednesday, April 19, 2006

Afektibitatea heztea (IV). Bihotzaren gorabeherak




Pedagogo talde batek behin baten esperimentu bat burutu zuen bospasei urteko haurrekin. Klasean zeudelarik, irakasleak txokolatina bana eman eta hauxe gaineratu zien: “orain banoa klasetik gauza batzuk egitera. Ordu laurden barru bueltatzean txokolatina jan ez duenak bertze bat izango du, nik emana”. Proba gogorra izan zen haur haientzat: txokolatinaren plazerari uko egin (denbora laburrez bada ere) bertze bat lortzeko ala gogoak eskatzen zienari amore eman. Ezkutuko kamara bat zeukaten paratua, eta bertatik ikusi zuten nola haur batzuek ez ziotela gogoari eutsi eta di-da batean txokolatina irentsi zutela. Bertze batzuek, ordea, gogoari eutsi zioten. Bitxiak ziren horiek erabili zituzten estrategiak: batzuek begiak txokolatinatik apartatzen zituzten, bertze batzuek kantuan hasten ziren, eta bertzeek ez axolarena egiten zuten jolastuz.
Bada, pedagogoek haur horien segimendua egin zuten, eta urteren buruan konturatu ziren gogoa kontrolatu zuten haurrek, beren ikasketa prozesuan eta beren bizitzaren gorabeheretan arrakastatsuagoak edota beren buruen jabeagoak zirela.
Denok daukagu, neurri handixeago zein laburxeago batean, geure buruaren jabe izateko gaitasuna, eta Jainkoa lagun izanik, are gehiago. Horretarako sentimenduen heziketa beharrezkoa da. Heziketaren bidez ALDATZEKO AUKERA dugu, ez dezagun ahatz. Horretarako, aurreneko pausoa, gure sentimendu edo egoeren azalpena behar dugu.
Muturrak ez dira onak. Mutur baten daudenek, sentimenduen munduari mesfidati begiratzen diote, atrofia afektiboan bizi dira: jarrera intelektualista, pragmatikoa edota boluntarista dutenak dira. Sentimenduen desordenari beldurra diote. Bihotza kutxa ilun baten espetxeratu dute (dugu?). Bertze muturrekoak, berriz, bihotz onekoak dira, baina pereza, etsipena, gogorik eza edo autokupidaren gatibu dira (gara?). Ez dakit, irakurle, ze aldetara lerratzen zaren baina zuk eta biok egoera horietatik atera behar dugu: bihotza izan behar dugu, adimenak gidatua, hezia eta ondo bideratuta, baina bihotza. Bertzenaz, oso bizitza pobrea izanen dugu; izan ere, maite-garrak gizakiago egiten gaitu.
Gure egoera ezagutua borrokari ekin behar diogu. Hasteko, Jesusen Bihotza dugu eredu: ez zen apatiko bat izan. Negar egin zuen, errukitu zen, haurrak besarkatu zituen, lagun minak izan zituen, maitasunez begiratu zion aberats gazteari, esker txarrak bihotza zulatu zion... eta dio. Eta Olibondoen baratzean Aitaren borondatea jarri zuen bere gogoaren aurretik. Berak maitatzeko gaitasun itzela du, infinitua, eta Bere gizon Bihotzez maite gaitu. Berak askatuko du gure bihotza, eskatzen badiogu. Jarraituko dugu.

No comments: