Total Pageviews

Tuesday, April 18, 2006

Afektibitatea heztea (III). Norberaren egoeraz jakitun izatea




Badira pertsonak izatez ezkorrak edo pesimistak direnak eta beste batzuk baikorrak. Bakoitzak jasotzen dugun ondare biologikoak edota heziketak eragina izan dezake gure talantean. Baina horrek ez du esan nahi norberak eragin ezin duenik jarrera baikorragoak izaten. Izakera ezkor batetik izakera optimistagorako pausoa eman dezakegu. Izan ere, jarrera baikorra izatea sarritan energia iturri izaten da nork bere oztopo eta beldurrak gainditzeko.

Nork ez ditu pertsona inteligenteak ikusi arrakastarik lortzen ez dutenak? Izan ere beren nagia gainditzeko kemenik ez dute. Beste batzuk, ostera, inteligentzia ertainekoak dira, baina arrakasta lortzen dute: denboran zehar beren ahalegina iraunarazten jakin izan dute. Borroka horretan euren jarrera baikorrak zeresan handia izan du. Nahiz eta mugatuak izan, jakitun izan dira zeozertarako balio dutela, euren existentziak zentzua daukala. Jakina, sinestun garenok zentzu hori are argiago daukagu: zu eta ni, irakurle, errepikaezinak gara, Jaunak pertsonalki sortu gaitu eta dohain batzuk eman dizkigu. Mundu honetan badugu misio bat. Eta honek indarra ematen digu porroten ostean ez etsitzeko, geure burua hobetzeko gauza txiki-txikietan bada ere.

Honek guztiak heziketan bere isla izan behar du. Heziketaren abiapuntua sekula ez da izango jarrera etsikor bat. Jarrera itxaropentsua behar da: gizakiak bere burua eta lagun hurkoa hobetzeko gaitasuna dauka.

Haurrak berehala sumatzen du gurasoen jarrera. Errietatxo bat botatzean edo zerbait zuzentzean, esate baterako, zer esaten zaionari baino, nola esaten denari erreparatuko dio. Eta jarrera pesimista, ezkorra xurgatuko du baldin eta honelakoak esaten bazaizkio: “Beti ari zara gezurretan! Ze gezurtia zaren, seme!”; “beti zabiltza distraituta!”; “alabatxo, oso txarra zara matematiketan!”. Jarrera askoz positiboagoa, eta beraz emaitza askoz hobekoa, izanen da honelakoak esatea: “Gezur bat esan duzu, hori ez da normala zuregan, ez?”; “orain despistatuta zaude”; “ebaluazio honetan matematika gutxi ikasi duzu, eh?”. Haurrari ematen zaion mezua oso bestelakoa da. Unean uneko akatsak egin ditu, bai, baina bere esku dago akats horiek gainditzea, akats horietatik libratzen ahal da. Haurrari konfiantza hori eman behar zaio: autoestima osasuntsu bat beharrezkoa da. Batez ere, bere puntu positiboak baloratuak izan behar dira: haietan oinarrituta, kemena izango baitu bere “hutsuneak” edota alderdi ilunak hobetzeko.

No comments: