Total Pageviews

Monday, June 13, 2011

Elorrio, ulertzen ahalegindu




Egun batzuk pasa nituen Elorrixon. Deskontektatzen, atseden pixka bat hartzen. ANV zegoen udalean nagusi.
Abiadura Handiko Trenaren aurkako borroka da ezker abertzalearen helburu-izar horietako bat, hori gauza jakina da.
Bada ANVko zinegotziei eta alkateari "herri galdeketa" bat egin behar zutela otu zitzaien domeka batean, herriko frontoian. Aurreko hiruzpalau egunetan auto bat (gutxienez) ibili zen goiz eta arratsaldez gora ta behera herriko kale eta estarta guztietatik AHTren aurka herritarrak bozkatzera joan zitezen. Ni ez naiz ez bataren bestearen oso aldekoa, baina hori ikusi eta gero argi daukat fijazio ia patologikoa dutela ezker abertzaleko batzuek kontu horrekin. Kontua da hiruzpalau egunez, "bozkaketa" egunean barne, nik -elorriotar ez naizen honek- tortura psikologiko bat jasan behar izan nuela. Elorriok herrialde komunista amorratua ematen zuen, bere propaganda komunista adoktrinarioa eta guzti. Goiz eta arratsaldez: oihuak bozgorailuetatik, mehatxuak kasi.
Duela gutxi EAJko emakume bat izendatu dute alkate Elorrion: Ana Otaduy. Bilduk bozka gehiago lortu ditu EAJk baino, baina zinegotzietan berdinduta dago EAJrekin. PPk zinegotzi bat atera du Elorrion: Carlos García. Eta horrek EAJri eman dio botoa. Udaletxean zirkoa. PPko zinegotzi horri txakurkeriak esan dizkiote, EAJko alkatesa berriari ere bai. Ez diote berba egiten utzi zenbait momentutan.
Tira, bideoa ikusi besterik ez dago (klikatu izenburuan).
Urizarrek, Bilduko arduradunak dio oihu, irain eta jarrera horiek ulertu behar direla.
Kontu txiki bat soilik aipatu nahi dut: noren botoekin lortu du PPko zinegotzi horrek bere postua? Elorriotar batzuen botoekin. Horiek ere "faxista" kriminalak ere badira? Agian "herri galdeketaren" propaganda jasateko prest ez zeuden batzuk ere izango ziren. Ni PPren ideologiarekin inondik inora bat ez etorri arren, neurri batean ulertzen ditut elorrixotar horiek.

No comments: